Komunikaldiak, etorkizunera begira

“Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi dut. Eta orain zer?” izenpean antolatu ditu aurten Komunikaldiak Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko komunikazio departamentuak.
2014/02/27

Bederatzigarren edizio honetan, gaia ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari diren ikasleei bereziki zuzendutakoa izan da, etorkizunera begira dituzten beldurrei, asmoei eta galderei erantzuteko. Amaia Pavon Komunikaldietako antolatzaileak eta HUHEZIko irakasleak adierazi zuenez, “helburu nagusia izan da erakustea badagoela aukera norberak bere bidea zein den erabakitzeko eta norberak bere proiektuen aldeko apustua egiteko”. Pavonek gaineratu zuenez, gaia aukeratzerako orduan momentuko testuingurua eta ikasleen interesak aztertu zituzten, urtero moduan. "Kontuan hartuta zein garaitan gauden eta ikusita ikasketak amaitu eta inork ez diola inori ziurtatzen lanpostu bat, pentsatu genuen ideia interesgarria izango litzatekeela gai hau jorratzea.”

Komunikaldiak 2014

Jende ugarik parte-hartu zuen otsailaren 26an Arrasateko Garaia berrikuntza gunean eginiko Komunikaldietan. Eskarmentu handiko zenbaiten hitzaldiak entzuteaz gain, galderak eginez parte hartzeko aukera ere izan zuten bertaratu zirenek. Alde batetik, ekintzailetasunaz aritu ziren lehen hiru hizlariak: Mikel Orobengoa, ISEA kooperatibako gerentea; Amaia Elu, Hirudart 3D diseinu-estudioko eta Euskal Valley sareko partaidea; eta Ruben Mateo, Beniwood ekoiztetxeko ordezkaria. Ekintzailetasuna aukera profesionala dela planteatzeaz gain, esperientziak trukatzeak eta elkar laguntzeak duen garrantzia ere azpimarratu nahi izan zuten. Euren esperientzia ardatz hartuta, hausnarketarako uneak eskaini zituzten, baita gomendio ugari eman ere. “Norberak bakarra eta besteengandik berezia izan behar du unibertsitatetik irteten denean” nabarmendu zuen Ruben Mateok.

Bestalde, MUko bi ikasle ohik beren esperientziak kontatu zituzten; Oihane Beñaranek Skype-ko konexio baten bidez La Paz-etik (Bolivia) eta Ane Irazabalek aurrez aurre Garaiako aretotik. Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezko komunikazioa graduan lizentziatu ondoren ekindako ibilbideaz jardun ziren biak, euren erabakiez harro eta aldi berean arduratsu azalduz. Bata Nazio Batuen Erakundean komunikazio teknikaria, bestea freelance kazetaria Ekialde Hurbilean. Esan zutenez, “badaude aukerak kazetaritza munduan bidea egiteko baina ezinbestekoa da prest egotea erronka berriei aurre egiteko".

“Badaude aukerak kazetaritza munduan bidea egiteko baina ezinbestekoa da prest egotea erronka berriei aurre egiteko"

“Ni neu naiz nire enpresa freelance kazetaria naizen heinean” zioen Ane Irazabalek eta atzerrian kazetari izatea erraza ez izan arren, alde positibo ugari aipatu zituen; askatasuna, autoikaskuntza eta lana pasioz egitea, besteak beste. Oihane Beñaranek, aldiz, onartu zuen ezinbestekoa dela ikasketa garaian aktibo egotea besteengandik ezberdintzeko, “praktikak burutu, hizkuntzak ikasi eta klaseko ezagutzetan sakondu”.

Digitalizazioa kultura-industrietan edukitzen ari den eraginaren berri ere eman zuen Aiala Fernandezek, Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezko komunikazioko ikasle ohiak. Arlo honek Europan duen panorama irudikatu zuen. Bere mezua ere zabaldu nahi izan zien etorkizuneko komunikatzaileei: “Unibertsitatean jasotzen dugun formakuntza ondo dago, baina sektorean ondo dibertsifikatzea are garrantzitsuagoa da”. Azkenik, mahai-inguruari ekin zioten hizlariek. Ikasketak amaitu eta lan munduan murgiltzeak dakartzan buruhausteak eta hizlarien gomendioak nagusitu ziren bertan. Odei Esnaola, MUko Ikus-Entzunezko Komunikazioko ikasleak moderatu zuen mahai-ingurua eta ikus-entzuleek nahi adina galdera egiteko aukera izan zuten.

Ikasleak gustura

Aurtengo Komunikaldien balorazio orokorra oso positiboa izan da, bai antolakuntzaren aldetik eta baita ikus-entzunezko komunikazioko ikasleen aldetik ere. “Hitzaldiek ideiak piztu dizkigute, eta hori da behar duguna; ditugun zalantzak argitzea eta ikasi ondoren aukerak badaudela sinestea” azaldu zuten Miren Mujika eta Julen Aperribai hirugarren mailako ikasleek. Ekintzailetasuna bide interesgarria izan daitekeela esan zuten, baina tartean faktore ugari daudela eta ez dirudiela batere erraza. Ondorio batzuk ere atera zituzten, tartean iniziatiba edukitzea ezinbestekoa dela, begiak zabalik eduki behar direla eta ezer baino lehen egin nahi duzun horretan sinetsi behar duzula.

Komunikaldiak amaitu dira, baina informazio bonbardaketaren ondoren, ikasle askoren buruan biraka jarraituko du galderak oraindik, “Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi dut. Eta orain zer?”.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa