Zure enpresaren ospe digitala hobetzeko aholkuak

Zure enpresaren ospe digitala hobetzeko aholkuak

Gaztenpresa
2019/12/10

“Egiten duzuna egiten duzula, egin ezazu zure bezeroak itzultzeko eta, gainera, beraien lagunak ekartzeko moduan”. Walt Disneyren esaldi horrek beste ezein esaldik baino hobeto laburbiltzen du zer den zure enpresa edo markaren ospea. Edozein enpresak nahi du bere bezeroak gogobeteta izatea; baina bezero horiek esperientzia partekatzen badute beraien lagun eta ezagunekin, gure negozioa aberasten ariko dira. Eta hori gauza ordainezina da.

Ospe digital ona eraikitzeko denbora, ahalegina, dedikazioa eta dirua ere behar dira baina, Warren Buffett enpresari estatubatuarrak zioen bezala, hondatzeko nahikoa dira bost minutu.

Horregatik, ezinbestekoa da gure bezeroen aurrean une oro izan behar ditugun jarrerak eta balioak argi izatea eta, batik bat, jarrera horiek sareko esparrura egokitzea, gure bezeroekin “hitz egiteko” erabiltzen dugun tresna bihurtu baita.

Zure negozioaren ospea babesteko eta hobetzeko, lehenik eta behin, argi izan behar dituzu balio jakin batzuk:

  • Praktikara eraman esaten duzuna eta ez ezkutatu zure hutsegiteak. Kontsumitzaileak gero eta zorrotzagoak dira eta baliabide asko dituzte marketin-kanpaina bateko apeuak benetakoak direla ez ezik, hutsegite bat noiz egin duzun jakiteko ere. Norbaitek susmatzen badu zure mezuak ez datozela bat zure ekintzekin, zure ospea pikutara joango da.
  • Hobetu zeure burua ahal duzun guztietan eta gardena izan. Nola sentitzen zara kontratatutakoa baino zerbitzu askoz hobea jasotzen duzunean? Primeran, ezta? Agian, zeure lagunei edo familiakoei ere aipatuko diezu. Zure bezeroek gauza bera egingo dute… baina baita alderantzizkoa ere: inork ez dizu barkatuko emandako hitza ez betetzea edo hitzemandako zerbitzu bat ez egitea.
  • Prest izan krisiaren aurkako plan bat. Zure negozioa oso ona bada ere, krisia izan dezake uneren batean. Eta zenbat eta hobeto prestatuta egon une horretarako, askoz hobe. Komunikazio-kabineteek funtsezko lana egiten dute horrelako kasuetan.
  • Azkar erantzun erreklamazio guztiei. Bezero bat kexatzen denean eta jendaurrean adierazteko lana hartzen duenean, zerbaitegatik izango da. Eta erantzun eraginkorra eta lasterra eman behar diozu arazoa ebazteko.
  • Gizarte-erantzukizunez jokatu. Gaur egun, enpresek ez dituzte produktuak edo zerbitzuak soilik saltzen: horiek ere saltzen dituzte, jakina, baina ingurumena zaintzen dute, eta jasangarritasuneko eta gizarte-erantzukizuneko balioak sustatzen dituzte, bide batez, euren ospeari eutsiz. Gizarte-erantzukizun horren aldeko apustua, enpresak berak izan dezakeen konpromisoaz gain, lehen aipatu dizugun 3.0 marketina izenekoaren parte da.

Balio horiek guztiek zure merkataritza-estrategiaren ezinbesteko eta benetako pieza izan behar dute baina, horiek praktikara eramateko, arintasunez erabili behar dira ingurune digitalak ematen dizkigun tresna hauek:

  1. Zaindu zure web-orria. Zure negozioaren aurkezpen-txartela da. Zure enpresaren berritasun guztiek han azaldu behar dute:
    • Irudiak bat etorri behar du identitate korporatiboarekin.
    • Diseinu bakuna eta atsegina izan behar du.
    • Intuiziozkoa eta erabilerraza izan behar du.
    • Erabiltzaileek eroso egon behar dute.
  1. Eskaini kalitateko edukia. Ahaztu betetze aldera betetzeaz: eskaini zure bezeroei zuri kontsumitzea gustatuko litzaizukeen edo interesgarriak iruditzen zaizkizun edukiak. Horretarako, eduki-mota hauek eskaintzeko gai diren pertsonez edo taldeez inguratuta egon behar duzu: aldizkako argitalpenak zure blogean, sare sozial dinamikoak, web-orri interesgarria eta eguneratua, bideo korporatiboak eta didaktikoak…
  2. Bezeroarentzako zerbitzua lehentasunezkoa da. Sare sozialak bihurtu dira zure bezeroekin duzun komunikazio-kanal zuzenena, berehalakoena eta eraginkorrena. Pentsa ezazu horiek bezeroaren arretarako zerbitzua eta erakusleiho birtuala direla, zure ospe digitala handitzen, mantentzen edo galtzen lagunduko dizutenak.
  3. Erabili aktibo eduki ditzakezun kanalak soilik. Irudia garrantzitsua bada edozein negoziorentzat, pentsa zer eskain dezakeen zure negozioak zure “bulego” birtualetako batek, sare sozial batek edo blog batek hainbat hilabete badaramatza eguneratu gabe. Horretarako, askoz hobe da ezer ez egitea.
  4. Gizatiartu zure enpresa eta hitz egin zure bezeroekin. Pentsa ezazu bezero gisa eta jarri bere lekuan: gustatuko al litzaizuke tratu pertsonalizatua jasotzea, edo zure smartphonearen edo PCaren beste aldean zure premiez arduratzen den eta zure kexak artatzen dituen pertsona bat dagoela ikustea? Bada, zure bezeroei ere hori nahi dute.
  5. Aztertu zure ospe digitala. Internetek eskaintzen duen onura nagusietako bat hau da: neurgarria izatea, baita zure ospea ere. Hainbat tresnak aukera ematen dizute zuri buruz zer iritsi duten jakiteko eta egin dituzun hutsegiteak zuzendu ahal izateko.
    • Hootsuite. Hainbat plataforma hartzen ditu, besteak beste, Twitter, Facebook, LinkedIn, WordPress, Foursquare eta Google+.
    • Meltwater. Blog, editorial eta komunikabide sozialetan azaltzen diren erreferentzien kanpoko ikuspegia eskaintzean du.
    • Social Mention. Zure marka zer sare sozialetan azaldu den eta noiz eta nork egin dituen erakusten dizu.

Orain kontuan izan behar duzu zein izango diren marketin-joera sendoenak 2018 honetan eta zure ekintzak pazientzia pixka batekin garatu. Eta behar baduzu, Gaztenpresan lagunduko dizugu gure kontaktu-sarearen bitartez zure enpresaren ikuspena handitzen. Zain izango gaituzu.

Artikulu orijinala hemen publikatu da: www.gaztenpresa.org