Zentro teknologikoetan ere euskara planak abian

Zentro teknologikoetan ere euskara planak abian

Euskaralan
Euskara plana martxan jarri ez balitz, ahozko eta idatzizko erabilera askoz gutxiago izango litzateke. Hala ondorioztatzen da Xabier Gorritxategi, Jesús Mari Larrabe eta Andoni Loiti euskara koordinatzaileei, –HOMETEK, EDERTEK eta KONIKER zentro teknologikoetakoak hurrenez hurren– eta horietan diharduten EMUNeko euskara teknikariei eginiko elkarrizketatik.
2011/11/21

Xabier Gorritxategi. HOMETEKeko euskara koordinatzailea

Zeintzuk izan dira HOMETEKen Euskara Planaren lorpen nagusiak?

Lorpenetako bat izan da, besteak beste, HOMETEKek bere Euskara Plana izatea. Bestalde, Euskara Plan gaztea izan arren, aurrerapauso nabarmenak eman dira negozioan.

Erabileran, esaterako, langileentzako euskarazko lan tresnak zabaldu ditugu eta bezeroei begira, hizkuntza aukera bermatzen duten produktu/aplikazioak sortu ditugu.

Gainera, HOMETEKen izaera berritzailea euskara planean ere islatzen saiatu gara: motibazioaren alorrean, komunikaziorako Indarbereziak Eraso Taldea sortu genuen. Indarbereziak Fagor Etxetresnetako (gure bezeroa) produktuak dira eta bakoitzak bere funtzioa du HOMETEK en (labeak lehiaketak antolatu, garbigailuak terminologiaren inguruko informazioa bidali…). Metodologian ere berrikuntza txertatu dugu, Euskara Planeko helburuak aurrera eramateko lantaldeak sortuta. Antolaketa honek, Euskara Plana parte hartzaileagoa izatea lortu du.

Aurrera begira, zeintzuk dira erronka nagusiak?

Bi erronka nagusi aipatuko genituzke: lehenengoa, negozioan euskararen ezagutza maila altua dela kontuan hartuta, ahozko erabilera informalean gora egitea. Bigarrena, HOMETEKek egun bizi duen nazioartekotze prozesuan euskara ere ziurtatzea, dagozkion funtzioak aitortuta eta hizkuntzen kudeaketa egokia burututa.

Katia Madina. EMUNeko euskara teknikaria

Euskararen talaiatik, hitz bat EDERTEK en ezaugarri bat azpimarratzeko?

Potentzialtasuna. EDERTEKeko langileen erdia 38 urtetik beherakoa da, etorkizun handikoa, beraz. Langileen %75a euskalduna da eta horietatik %60 inguru, alfabetatuak. Langile askok euren ikasketak euskaraz egin dituzte, horrenbestez, ongi prestatuta daude gai teknikoetan ere euskaraz jarduteko.

Azpimarratzeko moduko lorpenak?

EDERTEK en euskara plana 2006az geroztik da martxan. Horren eraginez euskara modu esanguratsuan erabiltzen da egunerokoan, hala, gaur egun egiten diren hiru laguntzaile bileretatik bi euskara hutsean egiten dira. Zuzendaritza Batzordean ere, antzera, bileren zati handi bat euskaraz egiten dute. Baita Bazkideen Batzarren bileretan ere; bertan, ehuneko handi batean, %70etik gora, egiten dute euskaraz gehien-gehienetan.

Kanpora zein barnera begira eman diren prestakuntza saioetan ere euskara hutsezko saioak eskaini dira eta gai teknikoetan euskaren erabilera bermatu da. Bestalde, makinen kontrol pantailak eta botoitegiak ere euskaraz erabiltzeko aukera dute. Alecopetik datozenak karrera amaierako proiektuak euskaraz egin ditzaten animatzen ditugu. Hala, aurten ere, proiektu bat euskaraz aurkeztu dugu.

Gauza horiek guztiak lortzeko garrantzitsua izan da euskara plana abian izatea eta ezinbestekoa bertako langileek euskaraz lan egiteko erakusten duten jarrera.

KONIKEReko Euskara Batzordea

KONIKERen euskara planaren lorpenen artean, zein nabarmenduko
zenuke?

Lankide guztiekin egin genuen topaketa oso interesgarria izan zen. Helburua guztion artean euskararen inguruan hausnartzea izan zen. Bi saio egin ziren, oso emankorrak gainera. Lehen saioan, batetik, kooperatibismoa eta euskararen inguruko hitzaldia eman zigun Jon Sarasuak eta, bestetik, euskararen aldeko konpromiso orokorren sinadura egin genuen, norberak zer eskatu eta zer emateko prest dagoen zehaztu eta, ondoren taldeetan, datozen urteetan lantzeko ideiak jaso genituen. Bigarren saioan, aurrekoan egindako lana gogoratuaz batera, lehentasunak jarri ziren. Hori guztia baliagarria izan da, ondoren, Euskara Batzordean han egindako lanetik abiatuta datozen urteetarako helburuak jarri ahal izateko.

Baina badira beste hainbat lan ere aipatu beharko nituzkeenak, hala nola, eginiko hizkuntza politikarako eskuliburua, enpresako gestio planean euskararen helburuak txertatu izana, terminologia teknikoaren lanketa, lantaldeetan euskararen erabilera bultzatzeko ekimenak, Batzar Nagusian euskarak izandako presentzia garrantzitsua, euskara eskolak…

Eta aurrera begira, zeintzuk dira zuen erronkak?

Honako lau erronka ditugu: euskararen ulermena bermatzeko baliabideak jartzea eta konpromisoak hartzea, erabilera guneak sortzea (berbalagunak, kafea euskaraz, EK IN programa…), denok erronka propioak izatea (ezagutza, helburu komunikatiboak, idazkera…) eta, azkenik, laneko esparru guztietan euskararen presentzia areagotzea.