STEM eta emakumea

STEM eta emakumea

Iñaki Etxezarreta / Arizmendi Ikastolako zuzendari nagusia
Aste Santuko oporren bezperetan geundela, Arrasateko Gaztelupe eraikinaren Batxilergoko espazio berriak aurkezten ari ginela, ISEAko zuzendaria Mikel Orobengoak galdera bikaina plazaratu zuen: ze aukera egiten dute ikasle neskek Batxilergoa bukatu eta STEM ikasteko?
2019/07/09

STEM akronimoa (Science, Technology, Engineering and Mathematics) azken boladan zabaldu egin da KEGE-OCDE (Kooperaziorako eta Garapen Ekonomikorako Erakundea) eskutik eta zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika arloetako hezkuntza-eremuari dagokio.

STEM hezkuntzak lau ezaugarri nagusi ditu: (1) Zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika batera biltzen ditu; (2) Oinarrizko konpetentziak (zeharrekoak zein diziplinarrak) garatzen ditu; (3) Arlo horietako kontzeptuak elkarrekin uztartzeko egoera praktikoak eta erronka estimulagarriak apropos planteatzen ditu; eta (4) Miaketan oinarritzen da, alegia, esperimentuak planifikatzen ditu, hipotesiak ikertzen ditu, informazioa hartara bilatuz eta prozesatuz, ereduak eraikitzen ditu, lan kooperatiboa sustatzen du eta produktuak, soluzioak eta esplikazioak eragiten ditu.

Formazio hori izango duten pertsonen beharra handia da, bai epe laburrean, bai ertainean. Eta enpresak proiektatzen ari diren profesionalen eskaera eta ikasketa horiek orain egiten ari diren gazteen zenbatekoa parean jarriz gero, emaitza defizitarioa da.

Perspektiba ezkorrak, gainera, genero hutsune nabaria du une honetan: STEM arloetako ikasketak egiten ari diren emakumeak apenas %25ra heltzen dira. Zergatik?

Gero eta azterlan gehiago egiten ari dira emakumeen presentzia txikiagoa, ikasketa teknikoetan eta eremu teknologikoetan, esplikatzeko. Estereotipoen gaineko gizarteak duen pertzepzioak sekulako pisua du: adimena eta bikaintasuna gizonarekin lotzen da. Eta, tamalez, lotura hori oso adin txikitik barneratzen da. Hain zuzen, sei urteko neskatoak eta mutikoak dira pertzepzio horren hartzaileak eta garatzaileak. Estereotipoa indartzen hasten da. 

Mehatxu horrek ikaskuntzan eta bikaintasunarekin erlazionatzen den diziplinetara gerturatzeko moduan eragiten du. Hori dela eta, hainbat esperimentu egin dira eta estereotipoaren indartzea planteatzen diren testuinguruetan emaitzak emakumeen kaltetan nabari dira. Aldiz, estereotipoa ezabatuta bideratutakoetan emaitza negatiboak ez dira sortzen.

“Genero berdintasunaren paradoxa” deitua izan den gertaera antzeman izan da, alegia, STEM arloan oso emakume kopuru txikiak dihardu genero berdintasuna handiagoa izan arren. Horrela diote konklusio horretara heldu diren ikerlariok: “Herrialderik aberatsenetan, non goi mailako ikasketak hautatzea eta diru irabazi seguruak elkar lotzen diren, emakumeek ez dute hautua egiten faktore ekonomikoen baitan, gustu pertsonalen arabera baizik. Aldiz, abagune ekonomiko eskasagoak dituzten herrialdeetan STEM ikasketak dira, irabazi ekonomikoen sorleku izanez, emakumeen hautu erakargarriena.”

Ikerketek seinalatzen dutenez, neskengan instalatzen diren estereotipo horiek gizartean zabalduak diren pertzepzioan dute faktore nagusia, baina ez bakarra.

Hezkuntzan, nahi gabe eta konturatu gabe, sarri eragiten dugu gizartean dena erreproduzituz. Horra hor eraldaketa pertsonala eta eraldaketa pedagogikoa beharraren arrazoia: edukiak ez ezik, irakasle-ikasle arteko harreman idatzi eta ahozkoetan, neskek eta mutilek diotenari buruzko erreakzio desberdinak, keinuak, astia eskaintzea, arreta, espazioen banaketa, rolak...

Oso nabaria izaten da, bidenabar, zientzialariak aurkeztean eta irudikatzean: emakume baino gizon gehiago, emakumea agertuz gero gizon bati lotua ... curriculum ezkutua hor dago, zoritxarrez. Hala ere, zuztarturik ditugun ikuspegiok, indartsuak izanik ere, oso moldagarriak direla frogatu da, baita genero berdintasunaren perspektibatik nesken eta mutilen batera jarduteak sekulako bultzada eman dezakeela ere.

Eraldaketa sozialaren ezinbesteko genero berdintasuna garatuko duen hezkuntza eraldatua behar dugu. Bai ala bai.

Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza (PROI) STEM eremuko konpetentziak lantzeko eta garatzeko metodologia ezin aproposagoa da. Laforce (2017) ikerlariak agertu duenez, PROI metodologia STEM alorrekiko interesa areagotzeko laguntzen duen estrategia da. Bere ikerketan zera gehitzen du: PROI lanetan emaitza arrakastatsuak izateak zerikusia du eremu zientifikoarekiko motibazioa sortzean eta ikasleak bere autokonfiantza diziplina horiekiko irabaztean.

Beste ikerketa-lan batzuek frogatu dutenez, PROI metodologiak STEM sailean garrantzitsu diren beste gaitasun batzuk hobetzen laguntzen du: sormena, pentsamendu kritikoa eta problemak ebazteko trebetasuna, gogoetarako pentsamendua, komunikazio gaitasuna, izaera kooperatiboa eta auto ikaskuntzarako ahalmena.