Lea-Artibaiko kooperatiben arteko euskararen eguna: ekainaren 8an
Nahiz eta lehen sektorea oso garrantzitsua den gure eskualdean (arrantza, nekazaritza eta abeltzaintza) industria guneak eta zerbitzu guneak indartu dira azken urteotan, eta MONDRAGON Korporazioko hainbat kooperatiba ere badaude gure eskualdean (Eika, Fagor Arrasate, Kide, Cikautxo, ...).
Korporazioko enpresa-filosofia balio korporatiboetan dago jasota, eta balio horietako bat euskara bultzatzea da.
Eskualdeko kooperatibok ere euskara zaindu, babestu eta erabiltzeko gogoa adierazi dugu aspalditik.
2007an kooperatiba bakoitza euskara bultzatzeko egiten ari ginen lana koordinatuz eta ezagutza partekatuz, emaitza hobeak lor genitzazkeela pentsatu genuen eta MONDRAGON Korporazioak EMUN Aholkularitzaren euskara teknikari baten zerbitzua eskaini zigun lan hori koordinatzeko; hala, kooperatiba horietako ordezkari batzuk elkartzen hasi ginen hiru hiletik behin, eta gaur egun ere elkartzen jarraitzen dugu. Lea-Artibaiko kooperatiben Euskara Batzordea osatzen dugu honako kooperatibetako ordezkariek: Kide, Fagor Arrasate, Azaro Fundazioa, Eika, Cikautxo, Lea-Artibai ikastetxea eta Danobat.
Ezagutza partekatzeaz gain, elkarrekin ekintzak antolatzeko elkartzen gara. Ekintzarik aipagarriena ekainean antolatzen dugun euskararen eguna da. Aurten ekainaren 8an ospatu dugu, eta egun ederra pasatu genuen elkarrekin. Euskaraz lan egin nahi dugula eta lortzen ari garela ospatu genuen jai giroan.
Goizean Oletatik irten eta Amoroto eta Lekeition zehar Marierrotara iritsi ginen, bertan lehorte sasoian errekako errotak ordezkatzeko eta marearen gorabeherekin sortutako ur jauziez dabilen 1555eko errotari buruzkoak entzun genituen.Ondoren, Lea ibilbidetik Oletara buelta, Oletako Ibai Gainen bazkaldu eta jai giroan bukatu genuen eguna. Dena den, gutako batzuk oraindik gehiagorako gogoz geratu ginen, eta ekainaren 9an kooperatiben arteko futbol txapelketa egin zen.
Eta hori guztia zergatik? Pozik gaudelako euskararen alde egiten ari garen lanagatik, garrantzitsua dela uste dugulako eta lanean jarraitzeko gogoa dugulako. Etxean eta kalean erabiltzen dugun hizkuntza lanean ere erabili nahi dugulako.
Lea-Artibaiko kooperatiben Euskara Batzordea