LagunAro preziatua

LagunAro preziatua

Joxean Alustiza, LagunAroko presidentea.
Hilabete luzeetan landu ondoren, 2021–2024 Plan Estrategikoa onartu berri du LagunAroren Kontseilu Errektoreak. Ondorengo orrietan, hainbat zuzendariren eskutik proiektuaren mamian sartu aurretik, sarrera gisa, LagunArori buruz oinarrizko hiruzpalau ideia partekatu nahi nituzke.
2021/03/22

Orokorrean, mutualistok oso pozik gaude LagunArok norberaren bizitzari egiten dion ekarpenarekin. Gure pentsioak kudeatzen eta ordaintzen jarrai dezan nahi dugu; ikaragarri estimatzen dugu kalitatezko Osasun Laguntza osagarria; gure absentismoa kudeatzeko duen gaitasuna baloratzen dugu; eta harro gaude lankidetza eta elkartasun mekanismoetan oinarritutako Enplegu Laguntza prestazioaz.

LagunAro entitate bitxia da. Eta bitxitasunak normalean ez du erdibiderik: edo errespetatua eta zaindua da; edo amortizatu eta likidatu egiten da. Gure kasuan, zorionez, LagunArok egun duen konfiantza–, errespetu– eta erreferentzia– maila oso altua da. Hala erakusten dute gure mutualistek erantzundako barne–inkestek, baita administrazio desberdinek eta Gizarte Segurantzak berak helarazten dizkiguten iritziek ere. Goi mailako erronka izango da datozen urteotan aipatu sinesgarritasuna mantentzea.

LagunAroko Plan Estrategikoaren zenbakien, lan-ardatzen eta ekintzen atzean bada guztia gidatzen duen ideia sinple eta sakon bat: pertsona orok merezi duen babesa, duintasuna eta errespetua.

LagunAro zaindu, mimatu egin behar da. Ze paradoxa! guztiok zaintzen gaituen erakundea zaindu beharra. Hala da. Izan ere, kooperatibek eta mutualistok nahi duguna izango da aurrerantzean ere LagunAro. Esate baterako, ezin izango du erreferente izan absentismoaren kudeaketan, kooperatibek eta mutualistok ez badugu modu aktiboan eragiten hala izan dadin; edo, ezin izango dio langabezia kudeatzeko eredu propioari eutsi, kooperatibek ez badituzte euren ateak irekitzen sistemaren eszedenteak birkokatzeko eta kontsolidatzeko.

Datozen urteetan, aldaketak izango dituzte Gizarte Segurantzaren pentsioek eta estaldurek. Berebiziko garrantzia izango du LagunAro behar bezala egokitzeak erakunde publikoen eboluziora, horrek markatuko baitu gure etorkizuneko estaldura sozialaren maila.

Epe estrategiko hau gidatzeko eta kudeatzeko lehen mailako lehengaia du LagunArok: bere pertsonak, bere ekipoa. Prestatutako, inplikatutako eta ilusioz betetako profesionalez osatutako lantaldea dauka. Berme osoa, zalantzarik gabe. Gertutik ezagutu eta bizi dugunontzat berezia, oso preziatua da LagunAro.

Bere Plan Estrategikoaren zenbakien, lan–ardatzen eta ekintzen atzean bada guztia gidatzen duen ideia sinple eta sakon bat: pertsona orok merezi duen babesa, duintasuna eta errespetua.

Aurrerantzean ere LagunArok zuen konfiantza eta esker ona izango duelakoan nago, ea posible egiten dugun.