Kooperatibismoak bere eredua eskaini du krisia azkarrago gainditzeko

Kooperatibismoak bere eredua eskaini du krisia azkarrago gainditzeko

TU Lankide
Kooperatibismoaren Nazioarteko Eguna ospatu da uztailaren 4an. 3.762 kooperatiba daude Hegoaldean, eta enpleguaren %20 eman nahi dute 2030erako.
2020/07/09

Kooperatibistak sinetsita daude beren balioak giltzarri izango direna pandemiak eragindako krisitik azkarrago ateratzeko. «Interkooperazioa, autogestioa eta elkartasuna», horiek dira euskal kooperatiben balio nagusiak, EKGK Euskadiko Kooperatiben Goi Kontseiluak esplikatu zuenez atzo. Konfekoop Euskadiko kooperatiben konfederazioarekin batera egindako agerraldian, beren enpresa eredua defendatu zuten krisiaren aurkako formularik eraginkorren gisa: «Krisi honetatik indarturik aterako gara».

Kooperatiben ezaugarriengatik, COVID-19aren krisi ekonomikoak apalago joko du kooperatibetan beste enpresetan baino, elkarte horien ustez. Etengabe aldatzen ari den mundu honetan kooperatiben balioak «giltzarri» izango direla nabarmendu zuten. Kooperatiben konfederazioaren datuen arabera, egitura juridiko hori duten 3.259 enpresa daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Beste 503 dira Nafarroan. «Munduko erreferentzia gara oraindik ere, kopuruagatik eta ereduak duen presentziagatik». Euskadiko Kooperatiben Goi Kontseiluko presidente Patxi Olarrak iragarri du 2030erako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpleguaren %20 eman nahi dutela kooperatiben eredu juridikoko enpresek. Nafarroako BPGaren %12 inguru kooperatibek sortua da —ANEL elkarteak atzo emandako datuaren arabera—, baita EAEko BPGaren %7 inguru ere.

«Kooperatibismoa indarturik aterako da krisi honetatik, horrelako egoeretan kooperatibismoaren balioek inoiz baino pisu handiagoa hartzen baitute», esan zuen Olarrak. Aldi baterako erregulazioen atalean, adibidez, kooperatibek eragin txikiagoa izan dute beste enpresa eredu batzuek baino, «kooperazio mekanismoei esker».

Bide beretik, Konfekoopeko presidente Rosa Lavinek erantsi zuen balio kooperatiboak «lehiakortasun palanka eta konpromiso sozialaren erakusgarri» direla. Industriaren Nazioarteko Antolakuntza Cicopako presidente Iñigo Albizurik, berriz, berrikuntza izan zuen hizpide. Kooperatibak berrikuntzaren «laborategiak» direla esan zuen, eta COVID-19ari aurre egiteko irtenbideak aurkitu daitezkeela horietan.

Klima aldaketaren aurka

Maria Jesus San Jose Jaurlaritzako Lan sailburua kooperatibisten alboan egon zen, eta klima aldaketaren aurkako borrokan lehen lerroan jartzeko gonbita egin zien enpresa horietako ordezkariei. Gaurko eguna Kooperatibak eta klimaren ekintza lelopean ospatuko dute kooperatibek, izan ere. «Kooperatibismoan daude eredu iraunkorraren oinarriak. Kooperatibek izan behar dute ingurumen programa kolektiboen abangoardia, ekonomia zirkularraren eragile berritzaileak eta Europako Itun Berdeko protagonistak». San Josek esan zuen pandemiaren «kolpe izugarriak» oraina baldintzatu duen arren ez dela ahaztu behar klima aldaketa dela «gizadiaren aurkako mehatxurik handiena».