Kooperarock: Kooperatibagintza Donostia2016ren baitan

Kooperarock: Kooperatibagintza Donostia2016ren baitan

Lanki
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak, kooperatibagintzari aitortzen ari zaion balioaren adierazle, proiektu zabal bat eskaini dio, ‘Kooperarock: Kooperazioaren artea’ izenburupean. Mondragon Unibertsitateko LANKI Ikertegiarekin elkarlanean, bederatzi hilabetez kooperatibagintzaren izana eta erronkak landu dira, Gasteizko Teatro Paraiso antzerki taldeari lekukoa eman aurretik.
2016/10/06

Udazkenaren atarian, hiru hilabete besterik ez zaizkio gelditzen Donostiako Europako Kultur Hiriburuari. Aurki, sasoiko lehen haizete eta itsaskiekin batera, ebaluaketak, balantzeak eta urteak ekarri dituenak aztertu eta zuritzeko garaiak iritsiko dira. Batzuk baikorragoak, beste batzuk ez horrenbeste… baina denetan, gazi-gozoa izango da, ziurrenik, sentipena. Izan ere, zailak izan baitziren 2016 aurreko urteak eta zaila izan baitzen ere erditzea –nork ez du gogoan, Donostiako Maria Cristina Zubian Hansel Cerezak antolatutako ikuskizuna,  bertara gerturatu ziren 50.000 lagunen zapuztea eta ordu erdi exkaxean xahutu ziren ehun-milaka euroak?

Hala ere, Donostia 2016ren baitan, bizitzan gertatu ohi den bezala, egunkari eta telebistetako goiburu apokaliptikoetatik urrun, izan dira isilean ernetu diren ekintza emankorrak ere. Handiaren handikeriatik urrun,  txikiaren handitasuna agerian utzi dutenak.

Kulturak eraldaketa sozialerako tresnatzat duen Donostia 2016 bezalako proiektu batetan,  kooperatibagintzak leku bereizia behar zuela argi ikusi zuten antolatzaileek lehen unetik, kooperatibagintza baita, gure herriaren istorioan izan den giza mugimendu eraldatzaileenetako bat.  Eta horrela,  Kooperarock: kooperazioaren artea proiektua sortu zen.  Koopera…zer? Esango duzu, akaso, irakurle. Koopera…rock. Rock, musika estiloaren antzera, bai.  Eta zergatik izen bitxi hori?  Kooperatibagintza (Koopera…) eta artea (…rock)  uztartu dituen proiektua delako, kooperatibagintzaren oinarri eta balioak artearen bitartez gizarteratzeko. Aurtengo urtarrilean hasi eta lehen une batetan, kooperatibagintzaren inguruan hausnarketa suspertu da, hausnarketa horretan jasotakoekin antzezlan bat sortzeko. Horretarako,  jatorri ezberdinetako bi erakunde ari gara elkarlanean: Mondragon Unibertsitateko Lanki Ikertegia eta Gasteizko Teatro Paraiso antzerki taldea. Lankik, eragile ezberdinekin kooperatibagintza eta ekonomia sozial eta solidarioaren inguruko gaiak landuko ditu urria bitartean eta irailaz geroztik,  Teatro Paraiso bitartekaritza pedagogikoa lantzen hasi da Hego eta Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan.

Bidean gelditu dira jada, Euskal Herriko hiru unibertsitateetako kooperatibagintza ikertegi diren GEZKI, MIK eta IECrekin batera egindako hausnarketa jardunaldiak, ekonomia sozial eta solidarioaren alde lanean ari diren OLATUKOOP eta REASekin batera ekintzailetasun soziala eta kooperatiboa indartzeko emandako urratsak, Arizmendi Ikastolari esker proiektuan barneratutako Konfidantzaren Pedagogia edota Euskal Herriko Irrati Libreen ARROSA Sarean eta ARGIA aldizkariko blogean astero landutako gaiak: bederatzi hilabetez, Arizmendiarrietaz eta MONDRAGON taldearen sorreraz, zaintzen arkitekturez, ekofeminismoaz, Paulo Freirez, denbora banketxeez edota des-hazkundea bezalako gai anitz zein ezberdinak landu ditugu, Argiako blogean eta Info7ko webguneetan legatua utziz, nahi duenak, eskuragai izan ditzan.

Konturatu gabe, Kooperarock gurekin egingo duen bidearen azken geltokira iritsi da eta urriaren 5ean, poz handia eta buruhausteren bat ere eman digun proiektuari aio esango diogu, ekintza kuttun batekin: Belaunaldien arteko elkarrizketak.

Belaunaldien arteko elkarrizketak, proiektuari forma ematen hasi ginen une berean sortu zen galderari erantzuna emateko saiakera izan da: Nola aldatu da –aldatu bada- kooperatibagintzaren irudia belaunaldiz belaunaldi eta nolakoak izan dira, bereziki, emakumezkoen bizipen eta ekarpenak?

Bagenituen galderak eta erantzun bila hasi ginen. Horrela, egurats intimo bat sortu eta hiru belaunalditako hiru gizon eta hiru emakumezko, bi une ezberdinetan, lantegi zahar batean elkartu genituen maiatzaren erdialdean. Burutik bai, baina bihotzetik ere, euren bizipen eta ikuspuntuak parteka zitzaten.  MONDRAGON Taldean urteetan aritutako Mikel Lezamiz, ULMA Packaging-eko lehendakaria den Lander Diaz de Gereñu eta ekintzaile sozial den Xabi Luke ingeniari gaztea lehen egunean. Urteetan Lagun Aron lanean aritutako Lurdes Idoiaga, FAGOR Automationeko Enea Elortza eta ekonomia feminista eta zaintzen arkitekturak lantzen ari den Irati Mogollon bigarrenean.

HUHEZIk Aretxabaltan duen Ikus Entzunezko Graduko (IKO) azken urteko bi ikasleren eta euren tutore akademikoaren laguntzaz, gizonen eta emakumeen arteko topaketak filmatu egin genituen, “Kooperarock: belaunaldien arteko elkarrizketak” dokumental laburra sortuz.

Dokumentala, urriaren 5ean IKOko egoitzan estreinatuko dugu, parte hartu duten gizon-emakumeekin batera ospatuko den mahai inguru batetan. Horixe izango da, Kooperarock proiektuaren azken ekintza Debagoienan, abenduan Teatro Paraisok kooperatibagintza abiapuntutzat hartuz, Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako Amaia Antzokian erakutsiko duen antzezlanaren estreinaldia bitartean.

Abenduan ere, Donostiak 2017 urtean Europako Kultur Hiriburu izango diren Danimarkako Aarhus  eta Txipreko Paphos hiriei testigua emango die. Eta sasoiko lehen haizete eta itsaskiekin batera, ebaluaketak, balantzeak eta urteak ekarri dituenak aztertu eta zuritzeko garaiak iristen direnean, kooperatibagintzak 2016en urtean aurrera pausu txiki eta esanguratsuak eginak izango ditu. Isilean, telebista eta egunkarietako goiburuetan azaltzen ez bada ere, pertsona eta bizitza erdigunean berriz ere jarriz.