KONIKER, euskararen aldeko beste adibide bat
Aurten, adibidez, AFMk antolatutako kongresuan (Donostia, 2013ko ekaina) Konikerrek hasieratik adierazi zuen bere produktua euskaraz aurkezteko nahia.
Hainbat traba eta eragozpen jaso zuen arren, etsipenean jausi gabe, guztiari aurre eginez eta tinko mantenduz, aurkezpena euskaraz egitea lortu zuen.
Baita teknologia gaietan ere euskara bizirik jendearen txalo artean. Unai Argarate, Koniker kooperatibako bazkidea da. Konikerrek azken urteetan euskara lan eta zerbitzu hizkuntza izateko pauso ugari eman ditu, euskara
Konikerreko ezaugarri bihurtuz. Ezagutu dezagun hobeto…
Zer egiten duzue Koniker Kooperatiban?
Koniker juridikoki Ikerketa eta Garapenerako Enpresa Unitatea da eta praktikan gure bazkideentzako I+G proiektuak garatzen ditugu. Gure bazkideak Mondragon Korporazioko MIA eta MUS dibisioetako enpresak dira (Fagor Arrasate, Batz, Matrici, Onapres, Mondragon Assembly, Aurrenak eta Loramendi). Xafla metalikoa prozesatu eta konformatzeko eta fundizio teknologietan espezializatuta dagoen Ikerketa Zentroa gara.
Zein bide egin du euskarak Konikerren?
Langile batzuen eskariz Konikerrek 2006an erabaki zuen euskara plana ezartzea. Hasierako urratsak azkarrak izan ziren (errotulazioa, txarteldegia, irudi korporatiboa etab…) dena egiteko zegoelako. Urte batzuetara, ordea, konturatu ginen ez genuela aurrera egiten benetan gure eguneroko lan jarduna euskaraz burutzerako ahaleginean. 2010ean Gerentzia aldaketak aukera berriak ireki zizkigun. Euskara formazioa eskaintzerako orduan jarrera aldaketa itzela igarri genuen, bilera orokorrak egitean zuritik beltzera pasa ginen, eta gure lan teknikoa euskaraz egiteko erraztasunak eskuratzen hasi ginen.
Ezin da esan gure enpresan euskara normalizaturik dagoenik, baina azkenaldian urrats oso garrantzitsuak ematen ari gara zenbait arlotan: proiektuak euskaraz garatzen, txosten teknikoak euskaraz argitaratzen, barne bilerak euskaraz egiten…
Zuen eguneroko jardunean euskarak zein leku du?
Euskara eta gaztelerari dagokionez, gutxi gorabehera gure plantillaren %75 da elebiduna, %15 erdizka moldatzen da euskaraz eta gainerako %10ak oso gutxi daki. Ezagutza aldetik baldintzak ez dira txarrak baina, euskal gizartean bezala, erabileran hobekuntza marjina handia dugu oraindik.
Gure eguneroko lan jarduna ahalik eta gehien euskaraz egiten saiatzen ari gara (txosten teknikoak, bilera teknikoak, memoriak …). I+G proiektuak bezero desberdinentzako garatzen ditugu.
Bezeroen artean alde handia dago. Fagor Arrasaterekin, esate baterako, proiektu asko euskara hutsean garatzen dira; beste bezero batzuek, ordea, ez dute horretarako aukerarik ematen. Dena dela, proiektuak euskaraz garatu ahal izateko ezinbestekoa da proiektuaren gidaritza daraman Konikerreko teknikariaren ahalegin edo borondate irmoa. Barnera begira, saiakera berezia egiten ari gara barne bilera guztiak euskaraz egiteko. Azpimarratu behar da Konikerren euskaraz bizitzeko ahalegin handia egiten ari den talde oso motibatua dagoela.
Ekinaren ekinez… aurrera!
Lan munduak eta gizarteak orokorrean, oraindik erdalduna izaten jarraitzen du, aurrerapauso handiak eman diren arren. Lan munduan euskarari lekua egin nahi dion edonork garbi eduki behar du konstantea izan behar duela, beti zirrikituak aurkitzen egon beharko duela, eta edozein aukera agertzen denean zirrikitu hori handitzen saiatu. Gaztelerari eusten diotenen besteko konstantea izan behar da. Hori ez da egun bateko kontua, adi egon behar da eta aukerei etekina atera. Hori bai, aurrez garbi eduki behar da normalean korrontearen aurkako borroka izaten dela.
Zer eman diezaioke euskarak Konikerri?
Gure eguneroko lanean geurea den hizkuntzan jardutea handia da, baina hortik harago ere joko nuke. Uste dut gure gizartearen nortasuna eta izaera indartzeko balio digula, betiere enpresa eta kooperatibek eduki beharko luketen ardura sozialaren ikuspuntutik begiratuta.
Enpresa ikuspuntutik, atzerrira begira, euskarak gure enpresentzako berezitasun ezaugarri nabarmena izan beharko luke. Koniker eta gure enpresa bazkide guztiak (Fagor Arrasate, Batz, etab…) merkatu globalean mugitzen diren heinean, lehiakideen aurrean gure produktua eta lan egiteko era bereizi nahi baditugu, euskara elementu oso garrantzitsua izan daitekeela uste dut. Atzerrira goazenean atzerriko hizkuntzan funtzionatzea normala den bezala, atzerritarrei gurea den hizkuntza eta lan egiteko kultura daukagula erakutsi beharko genieke gure artean daudenean.
Zentzu horretan ere, Euskal Herrian egiten diren kongresu, konferentzia, ekitaldi eta abarretan erakundeek, enpresek eta unibertsitateek ahalegin berezia egin beharko lukete hitzaldiak euskaraz ematen eta gure izaera hedatzen.