Herri indigenetako 18 ikaslek parte hartu dute Jatorrizko Hizkuntza eta Identitateak aditu tituluan
Fagor Industrialeko presidente Julian Errartek eman zizkien kooperatibaren inguruko azalpenak. Ikuspegi ekonomikoa, soziala, antolaketa… Ondoren, Jon Pildainek, euskara planeko koordinatzaileak, euskara planaren nondik norakoak kontatu zizkien. Bisitariek interes handia agertu zuten eta solasaldi interesgarria sortu zen.
Garabide elkarteak, euskara eta euskal kulturaren garapen esperientzien trukean oinarrituta, garapen bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuekin lankidetza bideratzen du eta norabide horretan, munduko hegoaldeko hizkuntza komunitate minorizatuetako eragileekin lankidetza proiektuak garatzen ditu.
Gualberto Quispe Velarde (Bolivia): "Euskaldunek hizkuntzari maitasun handia erakusten diete"
Ba al dago nagusiki hizkuntza gaietaz arduratzen den talde edo mugimendu sozialik? Zein da bere helburu nagusia?
Hiztun gehien dituzten hiru hizkuntzei dagokienez, hezkuntza kontseiluak ditugu, mugimendu sozialen beso teknikotzat har ditzakegunak. Horiek hezkuntza politikak sortu eta esandako hizkuntza bakoitzaren estandarizazio edota bateratze prozesuaz arduratzen dira. Baina, egia esan, estandarizazioaz baino ez dira arduratzen, normalizazio edota sustapen prozesuak alde batera utzita, eta hori, agian, gure ahulguneetako bat izan daiteke. Beraz, luzera begirako politika instituzional bat diseinatu beharrean gaude, eremu guztiak, hau da, hezkuntza, komunikabideak, kultur produkzioa eta korpusa hartuko dituen politika bat alegia.
Zer egiten dute erakundeek? Zer politika bultzatzen ari dira?
Ikusirik Estatuko Konstituzio Politikoa eta berarekin lotura duten hainbat lege duela gutxi onartu direla, oraindik ez dugu hizkuntz politika espezifikorik, erakunde publiko bakoitzeko sailetan hizkuntzaren erabilera bultzatzeko hainbat gobernadore eta alkateren asmoak besterik ez.
Hilabete hauetan Euskal Herrian ezagutu dituzun esperientzia eta dinamiketatik, zein edo zer azpimarratuko zenuke?
Gauza hauek azpimarratuko nituzke: hizkuntzarekiko maitasuna, mugimendu sozialetatik egiten den borroka gobernutik aldeko politikarik eduki gabe, ikastolen sorrera, Euskaltzaindiaren lan kontsekuentea eta arduraz egindakoa, enpresen konpromisoa hizkuntzarekiko, profesionalen espezializazioa hizkuntzaren hainbat alorretan (soziolinguistikan, itzulpengintzan, lexikografian, neologian...), kulturaren garapena edota produkzioa, euskararen behatokiaren sorrera, Administrazioaren hizkuntz politikak (udalak, foru aldundiak, Eusko Jaurlaritza), etab...
Zerbait gehitu, eskatu edo zabaldu nahi duzu?
Zorionak eman nahi nizkieke euskaldun guztiei egiten ari diren borrokarengatik, hizkuntzaren alde hasi duten iraultza hau Abya-Yalako (Amerika) herri guztietara heltzen zaigun argi bat da, eta gutxitutako herri guztiok berreskuratu eta jarraitzeko moduko zerbait da.