Nola demontre gorde denbora ariketarako?

Nola demontre gorde denbora ariketarako?

Athlon
Bada animalia bitxia bezain harrigarria: Hartz nagia (Bradipus Variegatus). Tropiko aldeko oihanetan bizi da eta oso ibilkera motela du; izter bat mugitzeko, minutu bat behar izaten du. Hain da motela metro bakarra egiteko lau bat minutu behar dituela!
2012/07/25

Hartz nagiaren ipuina

Begiz motza natzaio ariketari, entzumenak ez du mugimendu beharraren aldarria entzuten eta nire usaimenak ez du estreinatu gabeko  zapatilen usain ona bereizten.  Oso alperra naiz eta bizitza ematen dut  ordenagailuari (barkatu, zuhaitz-adarrei ) besarkatua, boligrafoak (barkatu, kanaberak) murtxikatzen eta  eserleku ergonomikoan (barkatu, orbel gainean) eserita edo erdi-etzanda. Bai, hartz nagia naiz, hiri-oihanetako biztanlea.

Ez dut ariketarik egiten, denborarik ez dudalako.

Hau da mugimenduari zor diodan alergiaren erantzule nagusia. Izan ere, denbora oso garrantzitsua da niretzat; pentsa ezazue, adiskideok, nire bizitzan zehar zazpi urte ematen ditudala komunean, bost urte automobilarekin bidean trabatua, bi urte telefonoz hitzegiten eta urtebete nire mahai gaineko gauzen artean, zerbait aurkitu nahian.

Ohikoa dugun bezala, astean 40 bat ordu ematen ditugu gure lanpostuan eta hauetatik 33 eserita, bulegoan. Egun batek 1440 minutu izan arren, sei bakarrik eskaintzen dizkiegu gure seme-alabei eta lau gure bikotekideari.

Nola demontre gorde denborarik ariketarako?

Kirol berri bat

Baina aizue, ni ez nauzue bakarra!! badira, ni bezalako kirol berri honen praktikatzaile amorratuak, erosotasuna inmobilitatearekin nahasten dutenak. Esate baterako, autoarekin etxeraino sartzeko premia hori  (nahiz eta aurretik auzoari bost buelta eman behar izan...) edo ta eskailerei zor diogun gorroto gozagarri hori...

Izan ere, dena zait erosoago, denak denbora aurrezteko balio dit eta ez dut zertan energia apurrik ere xahutu behar; gainera, ikusten dut gastatu ez dudan energia hori nola egunez egun, astez aste, urtez urte nire soina galantki eta ederki apaintzen duen.

Ideala litzateke aurrerapen teknologikoei esker denboraren morrontza ez izatea. Era berean, aurrezten didaten energiak nire biltegiak erabat betetzen ditu, behar aina baino gehiago, sarri askotan.

Zer egin, ordea?

Energia gastatu energia berreskuratzeko

Gure gorputza, aurreko artikuluan (TU lankide, 578 zenbakia) esan bezala, diseinatua dago mugimenduan egoteko, egonean baino. Mugimenduak gure energi biltegiak betetzen ditu, kontrakoa iruditu arren. Geldi egoteak, epe luzera, nekea sorrarazten du eta neurriz egindako ariketak badakigu umorea, bizipoza eta ongizatea dakarzkigula. Beraz eta batez ere, energia gutxikin sentitzen garenean, orduan da energia gure gorputzean suspertzeko momentua; horrek biziberrituko gaitu, batez ere, aldartean eta gogoan.

Jakina, motel sentitzen garenean tentazio guztiak izaten ditugu biharko utziko dut esateko. Jarrera erosoena izan daiteke baina ez eraginkorrena moteltasuna eta gure gogoa astintzeko. Hortaz, tentazioa etortzen zaigunean (eta hori saihestezina da), jarduera osteko sentsazioetan pentsatzea izan daiteke bideragarriena eta bi aldiz pentsatu gabe, ekitea. Behin oztopo hau gaindituta, eta ariketaren eraginez, saio bukaeran egundoko satisfakzioa izango dugu eta egindako sakrifizioaren ostean, asebete sentituko gara.

Hortaz, lan jardunaren ostean erabat nekatua sentitzen bagara, ariketa fisikoak dakarkigun energia eta bitalitatea beharko dugu.

Helduleku aparta. Ez du hutsik egiten.