Globalizazio berria

Globalizazio berria

Andoni Eizagirre, LANKI Ikertegia.
Mundura irekia dagoen enpresa-taldea gara. Azken lau hamarkadetan interdependentzia komertziala, finantzarioa, ekonomikoa eta soziala nabarmen handitu eta dibertsifikatu ditugu. Alde horretatik, gure enpresa-jardueran eskala globaleko akordio eta patroi-sozioekonomikoek garrantzia berezia dute. Kontua da mundu globalean sakonera handiko transformazioak gertatzen ari direla, eta harreman komertzialetan ere joera berriak sendotuko direla. Horrek gure enpresa-taldeari bete-betean eragiten dio.
2021/03/26
  1. Transformazioen izaera berria

Gaur eguneko eraldaketek hiru ezaugarri bereizle gutxienez badituzte. Alde batetik, transformazioek izaera azeleratua dute, ziklo ekonomikoen iraupena ere gero eta laburragoa da, eta ekoizpen-kate globaletan bezeroen eskaera pertsonalizatuak negozio-ereduetara azkar egokitzea exijitzen du.

Bigarrenik, transformazioek izaera globala dute. Egin kontu industrializazioa lau mende luzeko epean aurrena Ingalaterran sortu, gero Europara eta AEBetara zabaldu, eta beranduago Japoniara hedatu zela; gure kooperatibak, gainera, lehiakide gabeko merkatu itxian estreinatu ziren. Gaur egunean, merkataritza globalak eta konbergentzia teknologikoak eraginda, ordea, eraldaketa digitala mundu osoko tradizio kultural, politiko eta ekonomiko zeharo ezberdinetara aldi berean iritsi da. Gureak bezalako enpresa txikietan azelerazioaren eta globalizazioaren ondorioak sekulakoak dira.

Hirugarrenik, transformazioen eragin sozio-ekonomikoa oso ezberdina da munduko eskualdeen artean. Alde horretatik, eurogunea galtzaile netoa da, geldialdiko eskenatokian dago, ekonomia aktibatzeko tresna konbentzionalek ez dute efekturik eragiten, eta ezberdintasun horizontalak (eskualdeen artekoak, belaunaldien artekoak, enpresen artekoak) agerikoak dira. Bien bitartean, populazio handieneko erregioan, Pazifikoko arroan eta Asiaren ekialdean, joera sozio-ekonomikoa positiboa da, esate baterako, BPGren hazkundearen erritmoan, errentaren banaketan, lehia teknologikoan (I+G intentsitatea, I+G gastua, berrikuntza intentsitatea) edota teknologia berrien eta IKTen sektoreko I+G jardueretan (I+G inbertsioa, ikertzaileak, ikerketarako laguntzak, sektore teknologikoaren produktibitatearen hazkundea). Kapitalismoa bere klimax egoeran dago.

Beste era batera esanda, Mendebaldeko herrialdeen arteko konbergentzia sozio-ekonomikoa 1870etik eta 1970era bitarteko prozesu luzean gauzatu bada, bi hamarkada eskas aski izan dira aro digitalean konbergentzia globaleko prozesua bideratu dadin. Gure enpresa-taldearentzat merkatua eta honen izaera, tamaina eta joko-arauak erabat aldatu dira estreinako kooperatibisten sasoiarekin edota 1980etako lehen transformazioekin alderatuz gero. Kooperatibetako organoetan eta bazkideen artean horren kontzientzia izatea garrantzitsua da.

Asiaren ekialdean klase ertaina egonkortu, per capita errenta igo eta enpresen gaitasuna eta konpetentzia hazi da, eta Mendebaldeko enpresentzat gero eta garestiagoa da deslokalizazioaren kostu-abantailez baliatzea. 

  1. Ezegonkortasun garaiak

2019ko udaberrian goia jo duen muga-zergen auzia transformazioen sintoma ageriko bat da, eta sakon-sakonean AEBen eta Txinaren arteko lehia teknologikoa eta komertziala egiaztatzen du.

Guretzat, bestetik, Txinaren etorrerak beste hainbat arrazoirengatik ere badu garrantzia: Txina arlo zientifiko-teknologikoan Mendebaldearekiko inbertsioen eta efizientziaren arraila modu azeleratuan ari da txikiagotzen; AEBetan ez ezik Txinako eskualde zehatzetan ere kontzentratzen dira berrikuntza-intentsitate handiko lurralde, ekosistema eta klusterrak; Txinak eragin handia du munduko ekonomian, eta, pixkanaka, mundu-mailako salgaien prezioak finkatzeko erreferentzia nagusia bilakatzen ari da, AEBei lekukoa hartuz; Txina mundu-mailako eragina duen azpiegitura berria indarrean jartzen ari da eta komertzioari loturiko auzi estrategikoetan (aireportuak, portuak, terminalak) erosketak egin ditu: Txinaren xedea da Europaren iparraldeko merkataritza-ibilbidearekin lehiatzea, Europako barne-komertzioa birmoldatuz, eta sare logistiko ezberdin horrek industria-katea transformatu egingo du. Nazioarteko merkataritzari loturiko akordioetan, gainera, Txinak komertzio askearen aldeko neurriak sustatzen ditu; Txina gaur egunean munduko 120 herrialderen lehen bazkide komertziala da.

Jakina, gaur egunean AEBak baditu aldeko ezaugarriak arlo zientifiko-teknologikoan, eta dolarrak erreserba-moneta gisa izan duen erabateko nagusitasuna dela eta, aukera dute hegemonia ekonomikoa izateko eta zorra nazioartean kostu baxuan kokatzeko (moneta-boterea, alegia). Baina ikuspuntu historikoa aintzat hartuz gero, Pazifiko arroan eta Asiaren ekialdean sustraiko eraldaketak berehalakoan eman dira. Bien bitartean, Europan dibergentziak handiak dira (desoreka makroekonomikoak, estrategia isolatuak, demografia berria, egitasmo teknologiko bateratuen ahulezia), eta bi globalizazio-ereduren artean lerrokatu ezinik bezala dago.

  1. Eskualde-dinamika komertzialak

Sarritan, ordea, kosta egiten zaigu mundua Asiaren ekialdera desplazatzearen esanahia eta bere inplikazioak ulertzea. Munduko dinamika sozio-ekonomikoen patroi berriek globalizazioa eta komertzioa ulertzeko moduan bete-betean eragiten du.

Covid-19aren krisi global, sinkroniko eta berehalakoak mundu-mailako espezializazioaren arriskuak mahai-gaineratu ditu, bereziki Mendebaldeko herrialdeetan.

Alde batetik, Asiaren ekialdean klase ertaina egonkortu, per capita errenta igo eta enpresen gaitasuna eta konpetentzia hazi da, eta Mendebaldeko enpresentzat gero eta garestiagoa da deslokalizazioaren kostu-abantailez baliatzea. Bigarrenik, berrikuntza teknologiko eta digitala dela eta, ekoizpen-prozesuan lan-faktorearen garrantzia txikiagotzen ari da, eta, balio-kate globalak gero eta gehiago ezagutza intentsiboan eta kualifikazio altuko enpleguetan oinarritzen dira. Hirugarrenik, munduan zehar herrialdeen egoera sozioekonomikoa eta erosahalmena handitu ahala, barne-kontsumoa ari da hazten, eta horrek eragina du esportaziorako produkzioaren txikitzean eta nazioarteko komertzio globalaren intentsitatearen ahultzean. Hori gutxi ez, eta Asiaren ekialdeko herrialdeen artean eskualde-dinamikak gero eta sendoagoak dira.

Laugarrenik, balio-kate globalen garrantzia erlatiboa ahultzen ari da, eta fluxu komertzialak eskualde-mailan kontzentratzen ari dira. Kasu batzuetan, Txinako lege-baldintzak edota kulturakoak direla eta, Mendebaldeko enpresek itzulera hobetsi dute (reshoring). Beste batzuetan, ordea, enpresa multinazionalak dira euren I+G zentroak Txinara lekualdatu dituztenak; Txinaren eraldaketa teknologiko eta produktiboa dela eta, merkatu aurreratua da (berrikuntza-gaitasun handia, erdiko klase sendoa, kontsumitzaile-eremu oparoa), eta bezeroaren eskariari eta pertsonalizazioari (customization) modu bizkor, malgu eta egokian erantzute aldera, ekoizpeneko faseak (produkzioa ez ezik, ukiezinak ere bai: berrikuntza, diseinua, marketina, kudeaketa logistikoa) Txinan edo handik gertu lokalizatzeari ekin zaio. Jakina, ekoizpen-prozesua gune batera lekualdatzea muturreko adibidea da, baina ohikoa bilakatzen ari da eskualde-eremu berean lokalizatzea (nearshoring); AEBko jarduera produktiboa Mexikora lekualdatzea da horren beste adibidea, eta Europaren ekialdean ere horren zantzuak nabariak dira. Gure enpresa-taldean aise igar daitezke fenomeno horiei loturiko dinamikak eta inplikazioak, noski.

  1. Bidegurutzean

Eraldaketa teknologikoak eta komertzio globalaren transformazioek Europa astinduko dute. Izan ere, Europa da mundu osoan merkataritza askeko eremu zabalena eta atzerriarekin ondasunen, zerbitzuen eta kapitalaren fluxuei irekien dagoena. Zalantzarik gabe, komertzioa eskualde zehatzetan kontzentratzeak eragin apartak izango ditu aktibitate ekonomiko europarrean; Europaren agertokia kezkagarria da, produktibitate ahulak eta biztanleriaren egitura demografikoak egiaztatzen dute bezala.

Gainontzean, Covid-19aren krisi global, sinkroniko eta berehalakoak mundu-mailako espezializazioaren arriskuak mahai-gaineratu ditu, bereziki Mendebaldeko herrialdeetan, eta ikuskizun da Europak ze gaitasun eta adore izango dituen eskualde-mailako jarduera produktibo eta ekonomiko singularra aurrera eramateko. Euskal Herrian herri-erakunde, enpresa eta klusterren arteko lankidetzak hornidura-kateak nola dibertsifikatu arakatu beharko du. Tokiko gaitasunei dagokionean, berriz, sektore publikoaren rola erreformatu eta aktibatzearekin batera, gurea bezalako ekonomia ireki, lehiakor eta txikietan, tamaina garrantzitsua da, eta eskalako ekonomiak masa kritikoa eta baliabide humanoak, teknologikoak eta finantzarioak mobilizatzeko gaitasuna eskatzen du, lurraldean hornidurako aktibitatea berritu eta artikulatu dadin. Erronka ikaragarria da aurretik duguna, eta gure enpresa-taldeak zeresan garrantzitsua du. Gauza gutxi batzuk gure esku badaude.