Gazteak eta input mediatikoa: ikerketa-proposamena
Ez da kontu berria gazteena eta pantailena: Kataluniako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak 2004an Katalunian bertan eginiko ikerketaren arabera (Gubern, 2013: 406an aipatua), adibidez, Kataluniako umeek urtean 990 ordu eman zituzten telebista aurrean eta 960 ordu ikasgelan. Pantailek eskolak berak bezainbat edo gehiago hezten dituztela gazteak, alegia.
Horregatik, hain zuzen, Unescok Mapping media education policies in the world (2009) eta Media and information literacy curriculum for teachers (2011) lanak plazaratu zituen duela urte batzuk. Europako Batzordeak (2009: 2), berriz, modu honetan definitu zuen alfabetatze mediatikoa garai berean: «Media literacy relates to the ability to access the media, to understand and critically evaluate different aspects of the media and media content and to create communications in a variety of contexts». Alfabetatze mediatikoa ikastetxeetan lantzea ere aholkatu zuen lan horretan.
Mondragon Unibertsitateko KoLaborategiak aztertuko ditu Gipuzkoako gazteen esperientziak, eta horiek baliatuko dira ondoren administrazio publikoarekin batera sare sozialen inguruko politika berriak idazteko.
Aholkuak aholku, Andaluzian eginiko ikerketa batean, Aguaded, Marin eta Diazek (2015) ondorioztatu zuten populazio-segmentu hori ez dagoela mediatikoki alfabetatuta, eta Gabelas eta Lazo ere (2011) ondorio berera iritsi ziren Aragoin urte batzuk lehenago. Bi ikerketa horiek, dena dela, inkestetan oinarrituak dira; Buckingham eta bestek horren harira diote arlo horretako ikerlanetako asko tankera horretakoak direla, eta eransten dute ikerketa horiek behaketa zuzenekin osatu behar liratekeela:
In terms of methodology, the review finds that a great deal of research in the field is based on self-reporting, and recommends that there should be more observational studies that explore how media literacy is used in everyday life. In relation to education, there is a need to develop new approaches to assessing the effectiveness of media education in influencing media use outside the classroom. (Buckingham et al., 2005: 8).
Euskal Herriari dagokionez, euskal gazteen alfabetatze mediatikoari buruzko lehen ikerketak ohiko ikus-entzunezkoetan eta eskola-testuinguruan zentratu izan dira batik bat (ikus, adibidez, Basterretxea et al., 2006 eta 2007, edota Ramirez de la Piscina et al., 2010). Azken hamarkadan, aldiz, zabaltzen joan da iker-eremua, gazteen sare sozialetako jardunera iristeraino (Gazteen Euskal Behatokia, 2012; Diaz, 2014; Pavon, 2014; Astigarraga, 2017; Fernandez de Arroyabe et al., 2017; Fernandez de Landa 2017; Bolibar et al., 2018). EHUren eta Unescoren Komunikazio eta Hezkuntza Balioak katedraren lana ere (erreferentziala arlo honetan) gazteen telebista-kontsumoaren azterketan zentratu zen estreinako urteetan, baina gaur egun emanagoa da Interneteko arriskuak eta nerabeen jarduna ikertzeari.
GAZTEEN MOTIBAZIOAK EZAGUTU
Argi dagoena da gaia boladan dagoela; batetik, hedabideetan: BBCk, berbarako, bere Media Literacy Strategy propioa plazaratu zuen 2013an, eta EITB taldeko hainbat komunikatzailek ere hitzaldiak eman dituzte hainbat ikastetxetan, EITB taldeak 2018an abiatutako inFORMAZIOA kanpainaren barruan; bestetik, geroz eta ikergune gehiagoren ardatz ere bihurtu da gai hau (Kanadako Media Smarts. Canada’s Centre for Digital and Media Literacy modukoetan, konparazio batean): hezkuntza mediatikoari buruzko geroz eta lan akademiko eta doktorego-programa gehiago plazaratzen da, eta lan-eskaintzetan ere isla geroz eta nabariagoa dauka kontuak (geroz eta maizago ageri dira Media Representations of Higher Education Students tankerako doktorego-bekak edota Media literacy in the workplace eta gisako profiletako ikertzaile-lanpostuak).
Izan ere, belaunaldi berria izendatzeko moduak gorabehera (natibo digital, Y belaunaldi, millennial), kontua da kontsentsu handi samarra dagoela baieztatzerakoan Internetek eta sare sozialek komunikatzeko modu eta kodeak aldatzea ekarri dutela, eta batez ere belaunaldi gazteenarengan dela hori nabarmena, aurreko belaunaldiekin alderatuta gazteek elkarrekintzarako beste gako eta bide batzuk baliatzen dituztelako.
Aldaketa ororekin gertatu ohi den moduan, belaunaldi berriaren komunikazio-kodeei dagokienez ere askotariko iritziak daude: ikertzaile batzuek sare sozialetan diharduten gazteen arreta-galera (Carr, 2010), enpatia-galera (Gardner & Davis, 2013) edota elkarrizketan jarduteko gaitasunaren galera (Turkle, 2015) azpimarratzen dute; beste batzuen ustez, aldiz, gazteen gaitasun sortzailea eta elkarlana areagotu daitezke baliabide berriei esker (Shirky, 2010; Gardner & Davis, 2013). Edozelan ere, Davis eta bestek (2017) dioten moduan, nerabeez eta teknologiaz jarduterakoan sinplifikaziorako joera saihestu beharra dago, aldagai askok eragiten baitute arlo konplexu horretan.
Gardner eta Davisek (2013) hiru ardatzetan oinarriturik ikertu zuten arlo hori The App Generation lan erreferentzialean (egile horien ustez, gazteen bizimoduan teknologia digitalek hiru alderdi horiei eragiten dietelako gehien):
1. Identitatea (arlo pertsonala)
2. Intimitatea (harremanen arloa)
3. Imajinazioa (nola baliatzen dugun gure gaitasun sortzailea)
Young People, Ethics and the New Digital Media lanean (James et al, 2009), berriz, bost dimentsio aipatzen dituzte egileek (zeinak, bide batez esanda, ez baitira askorik aldentzen Gardner eta Davisek aipatutakoetatik):
1. Identitatea
2. Pribatutasuna
3. Jabetza eta egiletza
4. Sinesgarritasuna
5. Parte-hartzea
Sonia Livingstonek eta Daniel Kardefelt-Wintherrek koordinaturiko Global Kids Online proiektua, berriz, Interneten dauden arriskuetan eta segurtasun-kontuetan zentratzen da batik bat (ikus, adibidez, Byrne et al., 2016). Hori da, hain zuzen, Buckinghamek (2019) orain arteko ikerlanei eginiko kritika: gizarte mediatua (hala deitzen dio berak, mediated society) eta gazteak aztertzerakoan, oro har arriskuak azpimarratzera jo izan dela beti, eta gazteei erabilera zuzena zein izan behar den azaltzen tematu garela, haiei entzuten, haien praktiken inguruan ikertzen eta haien motibazioak zein diren ezagutzen gehiago saiatu beharrean; Coscollola, Sanchez i Valero eta Sanchok ere (2014) horixe proposatu izan dute, hots, gazteei buruz ikertzeaz gain, gazteekin berekin ikertu beharra dagoela.
Zer ikertu, baina? Buckingham-ek (2019) lau ardatz proposatzen ditu, eta galdera hauek (eta hemen jarri ez ditugun beste batzuk) iradokitzen ditu horietako bakoitzean sakontzeko:
Hizkuntza: Zer hizkuntza darabil lagun-taldeak bere mezuetan? Zein erregistro (lagunartekoa, jasoa, mistoa…)? Zer tonu? Zein ikus-entzunezko baliabide (irudiak, argazkiak, bideoak, emotikonoak) darabiltza? Hipertestua baliatzen du? Zer estrategia narratibo gailentzen dira?
Errepresentazioa: Zein gauza erakusten dira eta zein ez? Zer errealitate eraikitzen da erakutsitakoaren bitartez? Zein dira eraikitako errealitate horren habe nagusiak?
Produkzioa: Ikasleek badakite nor den baliatzen ari diren sare sozialaren jabea? Zenbat langile dituen? Zelan aurkezten duen bere burua gizartearen aurrean eta zein diren beraren praktikak? Zein den bere negozio-estrategia? Zein diren zerbitzu hori erabiltzeko baldintzak?
Audientzia: Zer praktika gailentzen dira sare sozialetako jardunean? Zelako produktuak/irudiak/ audioak partekatzen dira? Zer proportziotan ageri da hedabide tradizionaletako edukia haien kontsumoan? Partekatzen da eduki hori? Eta gomendatu edota iruzkintzen? Gazteek berek propio sorturiko edukirik (argazkiak, bideoak…) igotzen dute sarera?
IKERKETA-PROPOSAMENA
KoLaborategiak ikerketa bat hasi du 2019ko irailean, nerabeek sare sozialekin duten harremana ikertzeko eta jardun egokiak proposatzeko. Ikerketa Gipuzkoara mugatuko da, baina Euskal Herri osora zabaltzeko asmoa dago, etorkizunean. Lau helburu nagusi dauzka proiektuak:
Gipuzkoako gazteek sare sozialen inguruan dituzten diskurtso, praktika eta bizipenak aztertzea, eta Gipuzkoako gazteen sare sozialen narratiba kolektiboa eraikitzea, gazteen iruditegi kolektiboa jasoz.
Gazteekin identifikatzea sare sozialetan parte-hartzeak dauzkan onurak eta arriskuak, eta, hortik abiatuta, Gipuzkoako gazteen esperientzia praktikoak erabiltzea hausnarketa prozesuak sustatzeko.
Gipuzkoako sare sozialen faktoria sortzea: sormen tekniken bidez gazteekin prototipatuko da faktoriaren izaera, eta bermatuko da euskara ardatz izatea.
Administrazio publikoarekin partekatzea Gipuzkoako gazteek sare sozialen inguruan dituzten esperientziak eta ardurak, eta Administrazioarekin batera definitzea sare sozialen inguruko politika berriak.
Gaur egungo paradigma-aldaketak eskatzen du gazteen arteko komunikazio-moduei erreparatzea. Gipuzkoarren identitate (digital) kolektiboa izango da, hain zuzen ere, gure gazteen sare sozialen narratiba kolektiboa eraikitzeko gako nagusia. Horretarako, nerabeekin denbora emango dugu eta haiekin jardungo dugu sare sozialen inguruan. Gipuzkoako eskoletako ikasleen narratibak bideoz eta irudiz jasoko ditugu (sare sozialen inguruko esperientziak).
Garrantzitsua da gizarte gisa modu ireki batean sare sozialen inguruko arrisku eta onuren inguruan hitz egitea, bereziki gazteekin. Proiektuan parte hartuko duten gazteek aukera izango dute arriskuen inguruan hitz egiteko (ziberbullying-a, sexting-a, groaming-a edo teknologiarekiko dependentzia) eta horien aurrean egin beharrekoaz hausnartzeko. Baina onurez ere hitz egingo da, hala nola gazteen gaitasun sortzaileaz eta elkarlanaz. Halaber, arreta berezia eskainiko zaie gazteen hizkuntza ohiturei: zer hizkuntza nagusitzen da sare sozialetan dabiltzanean?
Eta horri lotuta sortuko da Gipuzkoako Sare Sozialen Faktoria. Fase horretarako, Gipuzkoako gazteekin prototipazio dinamikak egitea proposatzen da. Design Thinking metodologia erabiliz egingo dira dinamika horiek, eta, horretarako, Mondragon Unibertsitateko Diseinu Berrikuntza Zentroko (DBZ) teknikak erabiliko dira, dibergentzia eta konbergentzia faseak aintzat hartuz. Izan ere, gazteentzako eta gazteekin egitasmoa aurrera eramateak eskatzen du fase guztietan gazteen ekarpenak jasotzeko dinamikak egitea; baita erabakiak hartzeko orduan ere.
Sare sozialen inguruan, behar-beharrezkoa da politikak etengabe berritzea. Horregatik, ikerketa-ekintza parte-hartzailean jasotako datuek zein Gipuzkoako Sare Sozialen Faktoriak aukerak emango dizkiote administrazio publikoari gomendio-politika gaurkotuak garatzeko. Politika horien bertsio pedagogikoa ere garatuko da, gurasoen artean zabaltzeko.
Artikulua hemen publikatu da: Jakingarriak aldizkariaren 78. alea