Euskara hutsezko bideak urratzen
Orrialde honetan aipatzen direnak abian dauden ekimen ugariren erakuskari bat baino ez dira.
Zenbait kooperatibatan kontseilutxoak eta hitzaldi informatiboak euskara hutsean garatzea eskaintzen zaie lankideei (Fagor Etxetresna Elektrikoak, Fagor Elektronika…), zabalkunde handiko mezuak euskara hutsean zabaltzen zaie hala nahi duten lankideei (LKS Ingeniaritza, Soraluce…),
Heziketa kooperatiboari buruzko prestakuntzan ere, euskara hutsean jasotzeko hautua egiten dutenen kopurua indartuaz doa urtetik urtera. Adibidez, Danobat kooperatibak 17 talde osatu berri ditu Heziketa Kooperatiboaren ikastaroa jasotzeko, eta horietatik 14k aukeratu dute euskara (252 kidek); bide beretik, iaz Fagor Etxetresna Elektrikoetako 514 lankidek euskaraz jaso zuten heziketa kooperatiboa.
Kanpo harremanetan aurrera pausuak
Hornitzaileekiko harremanei dagokienez ere badira aurrera pausuak. Fagor EEk, adibidez, hornitzaileekin euskaraz aritzeko 115 tratu ditu indarrean; ULMA Handling Systems kooperatibak Euskal Herrian dituen 440 hornitzaileri (hornitzaile guztien %43) eskaerak egiteko erabiltzen duen eskaera-orria euskara hutsez erabiltzen du sistematikoki. Ekimen horrekin, aurreiritziak aurreiritzi, uste zena baino arazo gutxiago antzeman dute Handlingen, hornitzaile bakarra kexatu baitzitzaien. Argi ikusten da hornitzaileekiko harremanetan erosten duen enpresaren posizioa errazago aprobetxa daitekeela euskara indarrean jartzeko.
Euskara hutsezko erabilera hizpide hartuaz, aurrera jo da fabrikazio makinetako botoitegiaren esparruan (Ulma Eraikuntzan fabrikazioko makinak, Fagor Etxetresnetako ontzi-garbigailuko kontrol funtzionala, egosketako kontrol estatistikoa, etab..) eta baita aplikazio informatikoen eremuan ere.
Ulma Forjak, adibidez, fabrikazioko makinetako aplikazio nagusia (80 langilek erabiltzen duten Goitek aplikazioa) euskara hutsean jarri zuen iaz eta, ekindako bideari eutsiz, aplikazio horretatik ateratzen den orria ere euskaratu egin dute aurten. Ulma Taldeko Euskara Batzordeen arteko iazko topaketan azaltzera eman zen bezala, garrantzitsutzat jo zen kooperatibako langileek egunero erabiltzen duten Goitek aplikazioa euskaraz jartzea. Horretara heltzeko zenbait alderdi hartu zuten kontuan: gertuko erabileran eragin beharra (gogobetetze galdetegiko ondorioen artean jasotakoa), fabrikazioko langile ia guztiek egunero erabiltzen duten tresna izatea, Euskara Batzordearen adostasuna, etab… Hasieran multilingua aukera aztertu bazen ere, aurrekontuan eragina izango zuela eta, euskara hutsean egitea erabaki zen.
Emaitza ona izan da: aplikazioa euskara hutsean erabiltzen da eta harrera ona izan du jendearengan. Gainera, kontuan hartu behar da horrelako aldaketak gauzatzeko, azken helburua (produktua) lortzea bezain besteko garrantzia daukala ekimenarekiko atxikimendua lantzeak. Eta zentzu horretan ere Ulma Forjak asmatu zuen: euskara hutsean sartzearen ondorioz erdal hiztunek izan zitzaketen arazoak ekiditeko, euskara koordinatzailea eta teknikaria eurekin banan-banan egonez, egitasmoaren berri eman zitzaien, eta laguntza bezala euskara-gaztelania/gaztelania-euskara hiztegi terminologikoa prestatu zitzaien. Horrela, bada, hasiera batean erdal hiztunek kezka adierazi zuten arren, egun ondo moldatzen dira. Ulma Forjak adierazitako ondorioei erreparatuz, eguneroko jardunean erabiltzen den aplikazio bat euskaraz izateak enpresak euskararen aldeko apustuan urratsak ematen jarraitzea bermatzen du, langile euskaldunei euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzen zaie, eta euskaraz ez dakien langilea euskarekin harremanetan dago. Eta, jakina, ekintza eta lorpen horiek guztiak euskara plana bera ere elikatu egiten dute kolektiboaren mesedetan.
MONDRAGONen Kongresuan %67 euskaraz
Aurten, apirilaren 25ean, eginiko Kongresuan euskararen erabilerak gora egin du nabarmen. Kongresuan aldi bereko itzulpen zerbitzua erabiltzeari 2004. urtean ekin zitzaion. Orduan euskararen ahozko erabilera %60 izan zen; harrezkero hortik beherako emaitzak suertatu dira. Aurtengoak, ordea, nabarmen hobetu du abiapuntua, bi herenen gainetik geratu baita euskararen ahozko erabilera.