Euskal enpresen %92k teknologia digitalak erabiltzen ditu
Garapen Industrialerako Nazio Batuen Erakundeak “Euskal industriaren eraldaketa digitala eta bere posizioa balio-kate globaletan” izeneko txostenean dio inkestatutako enpresen % 92k gutxienez teknologia digital bat txertatu duela. Gainera, enpresen %80k bi teknologia digital darabiltzate eta %70ek hiru.
Txosten hori SPRI Taldearen eta Orkestraren parte-hartzearekin egin da, eta iaz eginiko Euskal Industriaren Eraldaketa Digitalari buruzko inkestaren emaitzak aztertzen ditu, zeinetan galdeketa egin baitzitzaien Euskadi osoko 500dik gora enpresari teknologia digitalei buruz. Orobat aztertzen du zenbateraino uste duten euskal enpresek teknologia berri hauek ondorioak izango dituztela euren produkzio-jardueren eremu desberdinetan.
Azken hiru urteotan, euskal enpresek gehienbat txertatu dituzte zibersegurtasun, sare sozial eta lainoko konputazio arloetako teknologiak, % 55, % 54 eta % 48ko ratioekin; aldiz, errealitate areagotua, sistema ziberfisikoak eta biki digitalak % 10etik beherako ratioetan gelditu dira.
Txostenaren arabera, euskal enpresak horrelako teknologia digitalak erabiltzen hasi izanaren ondorio garrantzitsuenak dira hazi egin direla produktu/zerbitzu adimendun berrien salmentak, lehiakortasuna hobetu dela eta bezero berriak erakarri direla.
Gainera, azterlanak alderatzen du zein neurritan txertatu dituzten teknologia horiek Euskaditik kanpoko ekoizpen-lantegiak dituzten enpresek edota Euskadiko kluster-elkarteetako kide diren enpresek, eta, bi kasuetan, teknologia digitalen txertatze-mailaren portzentajea handiagoa da, bai nazioartekotutako enpresetan, eta bai klusterretako enpresetan.
Azkenik, euskal enpresa batzuek atzerriko ekoizpen-lantegiak erosteko dituzten arrazoiei buruzko perspektibak ere jasotzen ditu txostenak.
Azterlan hori oinarritzat erabili da euskal industriaren eraldaketa digitalaren esperientzia sartzeko UNIDOk bi urterik behin egiten duen Garapen Industrialari buruzko IDR 2020 Txostenean, zeinak aztergai baitu manufakturako produkzioaren etorkizuna eta teknologia berrien inpaktua garapen bidean dauden herrialdeen nahiz herrialde industrializatuen industrializazio-prozesuetan. Txostena egiteko, UNIDOko hainbat kide etorri ziren Euskadira, eta elkarrizketak egin zituzten enpresa industrialekin, hala nola, Fagor Industrial, Ormazabal, Gestamp, Arteche, SNA Europe, NBI Bearings edota Orbearekin, eta baita ere ACICAE, AFM, EEE eta GAIA klusterrekin. Cristina Oyónek, Ekimen Estrategikoen arduradunak, aurkeztu zituen txostenaren emaitzak txostena egin zuen Aditu Taldearen aurrean, eta Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapiak berretsi zituen UNIDOren egoitzara eginiko bisita batean