Eta ondoren, zer?

Eta ondoren, zer?

Lourdes Idoiaga, ALEko bazkidea eta Zuzendaritza Batzordeko kidea.
Jose Maria Arizmendiarrietak 105 urte beteko zituen egun honetan, ALEko kide den Lourdes Idoiagak honako hausnarketa proposatzen digu.
2020/04/22

Eta ondoren, zer?

Galdera horixe darabilkigu buruan COVID-19 koronabirusaren inbasio oldarkorrak eragindako konfinamendu edo itxialdi behartu honetan. Gaixotasun larri bat dugu begien aurrean, heriotza ere ekar dezakeena, zinez kutsagarria, tratamendu eta prebentzio ezezagunekoa eta antsietatea zein paranoia puntu bat eragiten dituena. Shock egoeran gaude, kudeatzen zaila den beldurrak harrapatuta. Larria da, ez da hutsalkeria. Eta hori ez da pertzepzio hutsa, halaxe berretsi baitute gaiari buruz egin diren azken galdetegiek. Lerroon bidez, eskerrak eman nahi dizkiegu gaixotasunari aurre egiteko ahalegin handiz lanean ari direnei, eta doluminak, bihotz-bihotzez, senitartekoren bat galdu dutenei.


Euskaldunok gerrateak, izurriak, diktadura eta hainbat krisialdi ekonomiko pairatu ditugu historian zehar; alabaina, berpiztu eta eraldatzeko izugarrizko gaitasuna eduki izan dugu beti, bai eta esperientzia propioak sortzeko gaitasuna ere, hala nola kooperatibak, ikastolak edo autogobernurako eredu ekonomiko eta fiskala. Orain ere, indar horiek lortzen ahalegindu beharko genuke, krisialdi honi aurre egin eta hortik ateratzeko; kontu eta leuntasun handiz ordea, bidean inor gal ez dezagun.


Hurbileko esperientzia pertsonalak ditugu, zeintzuetan zuzenean parte hartu dugun, eta, gaur egun ere, Arizmendiarrietako Lagunen Elkartean Jose Maria jaunaren balio eta ondarearekiko konpromisoz jarraitzen dugu, zeinak, bide batez esanda, 105 urte beteko baitzituen gaur. Zorionak!


Jose Maria jaunak, bere patxadatik eta xalotasunetik, baina irmotasunez betiere, erronka joko liguke, hau gogoraraziz: “Mundua ez zaigu eman hari begira egoteko, eraldatzeko baizik” eta “Ideia edo hitz ona da, hain zuzen, ekintza bihurtzen den hura”. Jakina, partaidetza, demokrazia, elkartasuna eta, batez ere, lankidetza balioetan oinarrituz egin beharko da lan, gizartea eraldatzeko ezinbesteko tresna gisa. Eta egindako galderari erantzuten hasteko ildoa izan beharko luke horrek.

Gizarte eredu iraunkorra
Beste erreferentzia batzuk ere erabil litezke, hala nola Daniel Inerarity filosofoak 2018ko azaroaren 19ko “Arizmendiarrieta Egunean” planteatutakoa, zeinek “Gobernantza Iraunkorra: etorkizunari aurrea hartuz zuzentzea eta antolatzea” hitzaldian "etorkizuna" gogoeta kategoria gisa planteatzen zuen. Eta hau gehitu zuen: “Orainarekin oso arretagabetuta dauden gizarteetan bizi gara, eta ez gara ari gaur egungo garaiek eskatzen duten bezala erreparatzen etorkizunari”. Gogoeta hori baliagarria izan daiteke gizarte eredu iraunkor berri bat aztertzeko. Eta ondoren, zer? galderari erantzuteko beste bide bat izan liteke.
Zalantzarik gabe, analisian sartu beharko liratekeen beste tresna eta aldagai asko daude, egungo egoeraren erradiografia egiten duen datu sorta osoarekin batera: pandemiaren eragina, krisi ekonomikoaren eta haren eraginen irismena, langabezia, gizarte zaurgarritasuneko egoerak eta beste hainbat erreferentzia.
Baina, bestalde, interesgarria dirudi gizartean azaleratzen ari diren eta alde batera utzi behar ez diren beste mugimendu batzuei arreta jartzea. Lankidetzarako, konpromisorako eta elkartasunerako desio handiagoa duten pertsonen portaerak aldatzen hasi direla ikusi da, eta mereziko luke horiek lankidetza kolektiboko mailak indartzeko eta finkatzeko aprobetxa daitekeen txanpa gisa esploratzea.


Beraz, orientazio eta aldagai aniztasun hori bateratzean, pertsonaren egungo kultura indibiduala lankidetza eta partaidetza konpromiso kolektiborantz migratzeko prozesu bat planteatu behar da, zeina gizarte eraldaketa baterako inspirazio iturri izango den: gobernantza eredua, klima aldaketa, pertsonen zentraltasuna, gazteen laneratzea, enpresako eredu inklusibo zein parte hartzaileak, eredu ekonomikoa, hezkuntza, politika publiko sozialak eta osasunekoak, immigrazioa, pertsonen arteko berdintasuna, hirugarren sektore sozialarekiko lankidetza eta bestelako gai batzuk. Eta hori guztia, egoera honetatik ateratzen garenean, zentzu horretan mugi gaitezen.
Herri honek egokitzeko gaitasun handia daukala erakutsi du, eta bertako pertsonak izan dira konpromiso eta lankidetza kolektibotik susperraldia bultzatu dutenak, eta, beraz, horiek izango dira gizarte paradigma berri baterantz ateratzeko motorra.


Jose Maria jaunak sekula ez luke esango “gureak egin du”. Oso argi zeukan hark: “Aurrera, beti aurrera!” Jarrera horretatik etor dakioke erantzunen bat: Eta ondoren, zer? galderari.