Eraldaketa soziala

Eraldaketa soziala

Iñaki Etxezarreta, Arizmendi Ikastolako zuzendaria
Garai bateko kooperatiba esperientziaren aitzindari gutxi batzuen ahotan soilik hizpide izatetik gero eta zabalduagoa suertatzen ari da eraldaketa. Gauza bera beha daiteke berrikuntza hitzaz.
2019/01/21

Kontzeptu ekonomiko gisa ezaguna zaigu, produktuen ekoizpenari atxikia, merkatuan lehiatzeko eta nagusitzeko estrategia moduan, garapen ekonomiko aurreratuenaren bila, hain zuzen ere. Baina, berrikuntza soziala bestelako kontzeptu mota da. Herritarren beharrizan askotarikoei erantzun beharrari lotua, gizartearen bizimodu hobetzeko ahalegin bezala, garabide humano eta soziala erdietsi guran.

Azaroaren 14an, MONDRAGON Kongresuan, kooperatiba mugimenduaren buruzagi lanetan, Iñigo Ucinek egin zuen azalpenean, gure proiektu kooperatiboaren gakoak identifikatzean Berrikuntza, Digitalizazioa, Interkooperazioa, Presentzia globala, Sendotasun finantzarioa… seinalatu zituen, beste bi gako guztiz giltzarrirekin batera: Pertsona kooperatiboak eta Konfiantza. Biziraupena baino haratago doan aurrerapen ekonomiko lehiakorraren erronkak adierazi zituen.

Hil horretan bertan, azaroaren 20an, askoz maila apalagoko bileratxo batean eta Debagoieneko eskualde eremura mugatuta, zenbait eragilek, aldiz, XXI mendearen herenean garatzeko asmo bat abian jartzeko lanak amaitu eta exekuzio aurreko planifikazio ekimena hasteko gogoa adierazi zuten. Berrikuntza soziala behin eta berriro aldarri izanez, Debagoieneko gizarte eraldaketaren balizko eremuetatik jakin batzuk interesgune nagusitzat jo zituzten. Kooperatiba mugimenduko kideak eta bestelako eragile herritar eta instituzionalak, elkarlanean.

Bistan da, alabaina, MONDRAGON mailako gakoak eta DEBAGOIENA eremuko jardunak osagarri direla, ezinbesteko bihurtzeko bidean. Lehenak, ekonomiak berak dituen exijitzen duen ibilbide estrategiko innobatzailea eta arduratsua. Bigarrenak, aldiz, tokian tokiko gizarteak eskatzen dituen arreta komunitarioak.  Eta seguru asko, biek ala biek elkarren berri elikatuagoa izaten duten heinean, interakzioan arituko direnak.

Berrikuntza sozialaren ezaugarriak bostera ekar daitezke: soluzioak problemak bezala sozialak izan behar dira; soluzioen onurak komunitatean banatu behar dira; soluzioak bertakoak, tokikoak eta hurbilak, izan behar dira; dinamikak eskuhartzaile, autogestionario  eta kooperatiboak izan behar dira; eta emaitzak ‘neurgarriak’ izan behar dira.   

Lidergoari dagokionez, ekimen komunitario guztietan bezala, batek edo batzuek jokatu behar dute gainerakoek baino rol aktiboagoa eta bideratzaileagoa, baina ekimenaren eragile aniztasunak exijitzen du ondo baino hobeto zaindutako aitzindaritza agertzea: hautetsi eta kudeatzaile politikoak bereiztea ekintzaile instituzionalen artean, batetik, eta gauza bera antzematea ekintzaile herritar eta bestelako ekintzaile sozial eta ekonomikoen artean.

Ildo horretan, berrikuntza sozialaz diharduten adituek kasu egingo bagenie, Debagoienan ireki nahi den prozesuari aplikatuta, hiru fase -gutxienez- korrituko beharko ditu: ideiaren inbenzio edo asmapen aldia; hastapeneko ideiaren garapen edota inplementazio aldia; eta sorturiko berrikuntza ororen zabaltzea eta partekatzea eremu askotarikoetan. Alegia, ez dira nahikoak “ideia zoragarriak”, eltzea sutan frogatu behar da eta -arrakasta erdietsiz gero- onurak zabaldu eta partekatu behar dira, aplikazio eta inplementazio berrituak eta onura biderkatzaileak eraginez.  

2019an martxan jartzeko asmoz, azaroaren 20ko bileran elkartu zirenek adostu zuten egitasmo berritzailea soziala da, eragile horiek gizarte eragileak direlako, eskualdeko eraldaketa sozialera bideraturiko ekintza multzoa balore sozialetan oinarritzen delako eta atarramendu ekonomikoaren bila aritu ordez eskualdeko komunitatearen onura eta hobekuntza soziala bilatzen dutelako.

Orain, abarkak jantzi, eta goldan hasi behar.