Emakumearen papera proiektu eta herrialde desberdinetan

Emakumearen papera proiektu eta herrialde desberdinetan

Mundukide
Mundukiderekin batera proiektuetan parte hartzen duten emakumeen ahotsa Euskal Herriraino ekartzeaz bat, gizartearekin nola sentitzen diren, zein lan egiten duten eta dituzten ametsak ezagutzeko aukera dugu.
2013/04/09

Garapenerako Nazioarteko erakundeak 1997an kaleratu zuen giza garapenari buruzko txostenean, zera aipatu zuen: “Garapenerako  politiketan ez bada generoa kontutan izaten, garapena bera jartzen da arriskuan. Eta pobrezia gutxitzeko bideratutako estrategiek ez badituzte emakumeak sustatzen ez dute lortuko gizarte guztiari mesede egitea.”


Hona hemen proiektuetan parte hartzen duten lau emakumeen iritziak, sentimenduak eta aurrera begira dituzten aurreikuspenak.

 

Ivete Fossi

COPERJUNHO kooperatibako administraria eta MSTko Brigada Lenin-eko partaide aktiboa (Brasil)

“Ekintza egile hutsak izatetik, aldaketaren zuzentzaile sentitzera pasatu gara.”

Ivete_1


Zein da emakumearen papera MSTko asentamentuetako familietan?
Asentamentuetan emakumea familiako muina izan da eta gaur egun ere horrela da. Bera da ekoizpen alorrean produkzioa eta dibertsifikazioa bultzatzen duena. Horrezaz gain, familia barruko  osasuna, elikadura eta nutrizio alorrak bere gain hartzen ditu. Emakumea da familia guztiaren ongizate kalitatearen zaindaria.
Hala ere, gizonezkoek emakumeek zuzentzen dituzten ekintzak mugatzen dituzte, eta horrek emakumeengan nortasun eta konfidantza falta ekartzen du.  
Gauza bera gertatzen da kanpamentu eta asentamentuetan, beraz hausnarketarako gai garrantzitsua dela uste dut.

MST erakunde barruan nabarmentzen al da emakumearen lidergorik?
Bai, lidergoaren indarra nabarmena da emakumeen indarra handia delako. Egia da sarritan bigarren mailakoak diren ekintzak zuzentzen dituztela eta ez direla aintzat hartzen … baina niretzat lan hori  oinarri-oinarrizkoa da.

Aldatu dira gauzak azken 10 urteotan? Zeintzuk?
Orain 15 urte hasi nintzen mugimenduan militante lanetan. Orduan mugimenduak kaleetako borroka jendetsua zuzentzen zuen, mobilizazioak oso gogorrak ziren, eta pertsona bakar bat milaka pertsonen buruzagi bihurtzen zen.
Emakumearen partaidetza oso mugatua zen erabaki postuetan eta mugimenduko buruzagitzan. Gaur egun, hori aldatzen doala atzematen dut, partehartze handiagoa dago mugimenduko ekintzetan, antolakuntzan eta baita iritzi formakuntzan ere. Adibidez, formazio kurtsoetan, emakumeen interesa handiagoa dela esango nuke eta gehiago saiatzen dela.
Beharbada, emakumearen partehartzea handitu egin da, mugimendu barruan inklusio politika erabat zabaldu delako. Nolabait, ekintzaren egile hutsak izatetik, aldaketaren zuzentzaile sentitzera pasatu gara.

 

Ana H. Borbolla

Paraná proiektuko kooperantea (Brasil)

“Gauzarik aipagarriena zera da: etengabe, uko egin gabe, emakumeek aurrera jarraitzeko duten indarra”

Ana_1


Dagoeneko urtebete bete dut hemen eta mugimenduari dagokionez, emakumeen artean somatzen dudan gauzak aldatzeko gogoa azpimarratuko nuke. Diskurtso ausarta dute baina errealitatera jaistearen beharraz ere konturatzen dira. Oro har, espazio gehiago beharko litzateke emakumeek, egiten duten lana ikus dadin: etxean, aspektu ekonomikoan eta baita ekoizpen alorrean.
Niretzat pertsonalki emakume taldeekin lan egitearen gauzarik aipagarriena zera da: etengabe, uko egin gabe, aurrera jarraitzeko duten indarra. Gaur egun, gizonek eurak aldarrikatzen dute lurrak eskuratzerako orduan emakumeen borrokak duen garrantzia.  Horretaz gain, gizonezkoak ideologikoki ere irekiago agertzen dira hainbat kasutan.
Hala ere, egia da aurrerapena poliki poliki ematen ari dela eta behin eta berriz heldu beharreko gaia dela, izan ere taldearen ilusioari eutsi beharra dago. Baina bestalde azpimarragarria da MSTko emakumeek inguruaren eta taldearen eraldaketa sozialari dagokionez duten sinesgarritasuna. Burujabetasun prozesua martxan dagoela esan daiteke.

 

Alima Zafaro

Anakardo ekoizpenean aritzen den “Nova Vida” elkarteko lehendakaria da. Nova Vida elkartea Montepuez proiektuan kokatzen da. ( Mozanbike)

“ Emakumeok gure herrialdeko garapenean parte hartu nahi dugu”

Alima_1


Nola sentitzen zara emakume bezala Mozambikeko gizartean? Eta zer aldarrikatuko zenuke emakume bezala?
Ondo sentitzen naiz. Emakumeok gure herrialdeko garapenean parte hartu nahi dugu. Orain arte, emakumeok gai hauetatik at egon gara eta ez dugu ezer jakin emakumeen garapenaz. Baina  orain eragile bezala parte hartu nahi dugu, gizonek egiten duten bezala.


Proiektuak ematen dio aukerarik emakumeari?
Mundukideren bitartez dugun  proiektua atsegin dugu; emakumeoi asko laguntzen digu eta ondo sentitzen gara. Gainera, hasiera batean espero ez genituen gauzak ikasten ari gara. Gainera proiektuko partaide diren gizonek beste aukera ditugula sentitzen dugu.