Ekonomia sozial solidarioaren garapena
Ondasunak eta zerbitzuak ekoizten dituzte taldekideen edota komunitateko beharrei erantzuteko. Elkartasuna eta iraunkortasuna dute hizpide euren jardunean, bizitzaren erreprodukzioa helmugan.
Ekonomia solidarioko erakundeak, lanaren autoeraketan oinarritzen diren heinean, erakundearen gobernuan partehartzeaz gain, produkzioa, estrategia edo komertzializazioaren kudeaketa ere erakundea osatzen duten kideen ardura da. Gestio arloan eta oro har enpresa arloan duten ezagutza, ordea, eskasa da; autoestimu indibiduala eta kolektiboa, baxua; eta euren lan kultura autoeraketatik oso urruti dago.
Ekonomia sozial solidarioko ekimenak gizarte mugimenduetatik, herri ekimenez, gobernuz kanpoko erakundeek edo talde autoeratuek sortzen dituzten jarduera ekonomiko kolektiboak dira.
Hainbat dira ekonomia solidarioak gainditu behar dituen oztopoak; eta askotarikoak, erronkak. Horien artean nabarmentzekoa da gestio eraginkorrerako konpetentzia indibidual eta kolektiboen garapena.
Ekonomia Solidarioan Garapenerako Kudeaketa Ekonomiko eta sozialean Espezializazio Diplomarekin hori da bilatzen duguna Mondragon Unibertsitateko LANKI ikertegitik, bestelako ekonomia moldeen bideragarritasuna bermatzen laguntzea. Gurera datozen ekintzaileak egiteko modu berriak ikasiaz bat des-ikasi egiten dituzte beste batzuk, autoeraketaren bidean aurrerapauso esanguratsuak emate aldera.
Proiektu sozio-enpresariala ardatz, eginez eta ekinez ikasten dute, gestio arlo desberdinetako aditu eta eskarmentu handiko kooperatibisten gidaritzapean (Mundukide eta Arizmendiarretaren Lagunak elkarteko kideak).
Gestio aurreratuko esperientzia kooperatiboen eskasiak erakargarri(ago)egiten du MONDRAGON. Ekonomia sozial solidarioaren esparruan erreferentzialtasuna lortu du, batik bat, arrakasta ekonomikoagatik, dimentsioagatik, sektore desberdinetako kooperatiba taldea osatzeagatik eta garatu dituen interkooperazio tresnengatik.
Efizientzia eta elkartasuna bateragarriak direla erakusten du Arrasateko Kooperatiba Esperientziak, merkatua eta efizientzia ez direla enpresa kapitalistaren berariazko eskuduntza. Bestalde, ekonomia solidarioak gogorarazten digu lana eta kapitalaren arteko harremana errotik aldatu ezezik, produzitzeko eta kontsumitzeko moduei erreparatu behar diegula. Ekonomia gizartearen azpisistema dela gogorarazten digu ekonomia solidarioak, ekonomia bizitzaren zerbitzura dagoen jarduera dela. Puri-purian dagoen fenomenoa da ekonomia solidarioa, bereziki Latinoamerikan. Subjektibitate kritikoak eta imajinario ekonomiko eta politiko berriak sortzen dituen mugimendua. Hortik ere badaukagu zerikasi, zer des-ikasi, baita zer ber-ikasiere