Ekintzailetza sektore helduetan

Ekintzailetza sektore helduetan

Lander Beloki, Enpresagintza fakultateko dekanoa.
Enpresa-sorkuntzari dagokionez, gehienetan abangoardiako sektoreetan pentsatu ohi dugu, enpresa berriak sortzeko aukera gehiago egongo balira bezala: adimen artifiziala, big data, robotak, droneak, auto elektrikoa edota autonomoa, bio-ingeniaritza... Zer egin asko dago sektore hauetan, noski.
2019/05/06

Bezeroentzat balio berriak sortzeko aukera handiak. Baina ez ditzagun gutxietsi sektore tradizionalagoetan edota helduagoetan dauden aukerak. Sektore bat heldua dela kontsideratzeko hainbat urtetako ibilbidea eduki behar du, bertan lehian ari direnek merkatuan posizio finkoa izan ohi dute eta beren negozio ereduak, berriz, egonkorrak. Asko dira ezaugarri hauek betetzen dituzten sektoreak: finantzak eta aseguruak, hezkuntza, ehungintza, automobil industria, logistika, eraikuntza, turismoa, aholkularitza... Ba, sektore hauetan ere enpresa berriak sortzeko aukerak oso ugariak dira. Berrikuntza eta aldaketara aukera asko ematen dituzte, beren izaera tradizionalarengatik, hala nola lan egiteko moduan, erabilitako teknologian, bezeroarekin duten harreman motan...

Horretarako, lehen egitekoa bezeroa ondo ezagutzea da; haren beharrak eta nahiak aldatzen doaz eta horrek aukera berriak sortu ditzake. Bezeroen gaitasun ekonomikoa eta gizarteko joerak aldatzen doaz etengabe; produktu eta zerbitzuak eskaintzerakoan ezaugarri berri hauek kontuan hartzeak merkatuan espazio berriak sortzen ditu.

Bestalde, sektore bakoitzean balioa sortzeko prozesua ondo aztertzea ere ariketa oso erabilgarria da. Sektoreko produktu eta zerbitzuak ekoizteko hainbat pauso eman behar izaten dira. Gero eta ohikoagoa da enpresa bat ekoizpen pauso bakar batez arduratzea. Pauso horiek denak ez dira erabat efizienteak izaten, beti dago zer hobetua. Efizientzia falta handiena dagoen pausoak aukera onak ematen ditu enpresa berriak sortzeko. Teknologiaren erabilerarekin, negozio eredu berritzaileak sortuz, produktu eta zerbitzuen ezaugarriak egokituz, merkatuan lekua egin daiteke eta enpresa martxan jarri. Askotan, ordea, harrigarria dirudien arren, aukera berri hauek ikusten dituztenak ez dira sektorean bertan aspaldidanik lanean jarduten ari diren enpresak. Sektorez kanpoko pertsonak izan ohi dira begirada berri baten bitartez aukera horiek aurrera ateratzeko gai.