COVID19 ostean euskara lan eremuan aurrera beti!
Ez gara hasiberriak; urte askotako praktika emankorra daramagu hizkuntza ofizialen berdintasuna sustatzen gure enpresetan. 70. Hamarkadan euskara eskolekin hasi (Ulgor, Laboral Kutxa, Eroski), 90. hamarkadan lehenengo euskara plangintza abiatu (Ikerlan) eta gaur arte: kooperatiben %60k euskara plana du.
Tartean jarraibideak adostu dira Korporazioan (euskara normalizatzeko oinarriak, besteak beste), beti onarpen zabalarekin eta herriarekiko konpromisoa oinarri hartuta (1987ko I Kongresuan aldarrikatutako Oinarrizko Printzipioetan jaso zen euskara suspertzen laguntzea). Euskararen ur emaria handia da, ondorioz.
AURRERA BEGIRATU BEHARRA
Pandemia asteotan izan dira “ur-ihes” batzuk. Adibidez, jatorriz erdaraz idatzitako hainbat testu atzerapenez zabaldu dira euskaraz. Hala ere, aurrera begira, euskararen emaria gehituko dela pentsatzeko arrazoiak daude:
- Eusko Jaurlaritzaren 2020– 2023 Plana euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko. Nabarmentzekoa da plana aurkeztean esandakoa: gizarteak esfortzu itzela egin du gazteak euskalduntzen, eta ez da onargarria ikasketak amaitu ondoren enpresara joatean euskararik ez aurkitzea.
- Garapen Iraunkorrerako. Helburuek berriro hartuko dute indarra krisiaren ostean, eta horietan euskarak baduela lekua ulertzen dugu.
- Euskaraldia. Udazkenean egingo den bigarren edizioan protagonismo berezia izango dute (enpresetako) ariguneek, eta helburua da euskaraz jardungo duten talde horiek euskarazko jokabidea egonkortzea ondoren.
- Uhinaldia. Aste gutxi dela Udaltop izeneko foroan Jon Sarasuak aurkeztutako uhinaldia proposamenak batera ditzake, besteak beste eta nolabait, aurrekoak: “Gure aiton amonek ikastolak sortu zituzten, gure gurasoek hedabideak eta administrazioa, guri dagokigu lan mundua”. Euskararen emaria areagotzeko eta, jakina, emari hori ezinbestean bideratuko duten kooperatibak berriro indartzeko garaian, Arizmendiarrietaren esaldi kuttuna aldean izan behar dugu: Aurrera beti.