Birpentsatzea, genero ikuspegia kontuan hartuta
Hala nola, bere etekinen %25aren ekarpen aktibo eta borondatezkoa egiten dio gizarteari, enplegua sustatzeko eta enpresa eta familiei laguntzeko. Eta, Gaztenpresa Fundazioaren bitartez gazteen enplegua sustatu eta azken hiru urteotan 400 enpresa eratu dira urtean, 2.200 lanpostu sortuz. Heziketa finantzarioak berebiziko garrantzia hartu du azken urteotan eta gaztetxoengan eragiteko proiektua garatzen ari gara, hezkuntza kurrikulumean txertatzeko, zeharkako konpetentzia gisa.
LABORAL Kutxa estatuko lehen entitate finantzarioa izan zen ingurumeneko ziurtagiria lortzen eta azken urteotan energia berriztagarrien alde egin dugun apustua indartsua izan da. Esate baterako, gure bulego nagusiak klimatizatzeko erabili dugun geotermia eta biomasa energia.
LABORAL Kutxan 20 urte baino gehiago daramatzagu emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lanean. Aitzindariak izan gara berdintasunaren aldeko politika aktiboak ezartzen.
Berdintasunarekin konpromisoa
1997an Emakunderen Erakunde Laguntzailea aitortza-ziurtagiria lortu genuen, 2008an berdintasun egoeraren diagnostikoa eta Berdintasunerako I. Plana diseinatu genuen. Aurten Plan berria diseinatuko dugu, laugarrena, diagnostiko berria egin ostean.
Berdintasunaren aldeko politikei bultzada berezia eman diogu azken urteotan, berdintasun politika zeharkakotasunez landu eta sentsibilizazioa sustatuz.
Hainbat faktorek lagundu dute bide horretan: berdintasunerako arduraduna eta koordinatzailea izendatu ditugu; talde eragilea eta Berdintasun Batzordea eratu dugu; baliabide ekonomikoak ezarri ditugu eta; garrantzitsuena, berdintasunaren kudeaketa zuzendaritzaren agendan presente dago.
Kontziliazio erantzunkidea errazteko, hainbat neurri garatu ditugu: ordutegi malgutasuna eguneroko lanaldian, familiako urgentziei erantzuteko baimenak, arrazoi pertsonalengatik ordaindu gabeko baimena, bideokonferentzia… baina neurrien erabileran arrakala handia ikusten dugu. 2018ko datuak bilduta ikusi dugu: lanaldi murriztuen % 93 emakumeek hartutakoak direla eta borondatezko eszedentziak eta ordaindu gabeko baimenak ere emakumeek hartzen dituztela. Esparru honetan ez dugu aldaketarik nabaritu, oraindik ere emakumeak gara, nagusiki, etxeko eta zaintza ardurak gure gain hartzen ditugunak eta horregatik, kontziliazio erantzunkidean aurrera egiteko lanean jarraituko dugu.
Datuak, errealitatearen islada
LABORAL Kutxako bazkideen artean, % 54,1 gizonak dira eta % 45,9 emakumeak. 2017tik Kontseilu Errektorea parekidea da, hau da, kideen % 50 emakumeak dira, eta Kontseilu Sozialean ere emakumeen ehunekoa igotzea lortu dugu: kideen % 40 dira emakumeak.
Edozein modutan, finantzasektorean gertatzen den joera jarraituz, ardura-postuetan gora egin ahala, emakumeen presentziak behera egiten du: Zuzendaritza Batzordean, % 22 eta bulegotako zuzendarien % 32 dira emakumeak.
2015ean eginiko diagnostikoan jaso genuen gizonen % 67,9 eta emakumeen % 58 ardura handiagoko postuak hartzeko prest zeudela (ia 10 puntuko aldea). Eta prest ez zeuden emakumeek bi arrazoi nagusi eman zituzten: lana eta familia uztartzeko zailtasunak, eta ez zutela euren burua horretarako gai ikusten.
Genero-aurreiritziek eta rolek duten eragina adierazten zuen horrek. Honi erantzuteko, Berdintasunerako III. Planean ekintza hau jaso genuen: ardura-postuetan emakumeen parte-hartzea handitzeko helburuarekin “ahalduntzearen inguruko hausnarketa sakona egitea eta identifikatutako arazoei aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak hartzea”.
Lidergo partekatu baterantz
Horrela, ahalduntzearen inguruko gogoeta-prozesuarekin hasi ginen Berdintasun Batzordean, Deusto Business School-eko Leire Gartzia ikertzailearekin eta Elhuyar aholkularitzarekin elkarlanean. Emakumeak ardura postuetara heltzeko estrategiak eta ekintzak adostu genituen eta datozen urteetarako lanerako plangintza diseinatu genuen. Hiru dimentsio edo mailatan lan egin behar genuela ondorioztatu genuen: egitura mailan, maila pertsonalean eta sozialean.
Hausnarketa horretatik Lidergo partekatu baterantz izeneko proiektua jarri genuen martxan. Orain arte bi lan ildo nagusi garatu ditugu: LABORAL Kutxako lidergo-estiloa genero-ikuspegitik aztertu dugu, lidergo partekatu bat garatzeko indar-guneak eta hobetu beharreko alderdiak identifikatzeko helburuarekin.
Eta, eraldaketa pertsonalari dagokionez, emakumeen ahalduntzerako tailerra jarri dugu martxan, emakumeek lidergorako gaitasunaz duten pertzepzioa hobetzeko, genero bizipenekin lotutako identitate, sinesmen, balio eta jarreretan aldaketak eragiteko eta genero rol eta estereotipoekiko kontzientzia kritikoa sortzeko.
Lidergo-estiloa genero-ikuspegitik aztertzeko galdetegi bat luzatu diegu lankide guztiei berdintasuna, diskriminazioa, kontziliazioa eta lidergoa bezalako gaietan duten ikuspegia jasotzeko eta, liderrak diren emakume eta gizonen ezaugarrien pertzepzioetan alderik egon daitekeen ezagutzeko.
Emakumeen ahalduntzerako tailerra
Emakumeei begira mentoretza programa diseinatzen ari gara, emakumeek eguneroko lanean ahalduntzen jarraitzeko eta lidergo partekatu bati begirako gaitasun eta trebetasunak garatzeko.
Dagoeneko 45 emakumek hartu dute parte eskolan eta beste hainbestek adierazi du parte hartzeko interesa. Parte hartu dutenen balorazioa oso positiboa da eta eskaerari erantzuteko dagoeneko beste hiru edizio antolatu dira. Bestalde, eskolan parte hartu duten kideek egin duten proposamenari erantzunez, emakumeen komunitatea sortu dugu, eskolaren bitartez abiatu den eraldaketa pertsonalari jarraipena emateko, talde pertenentzia indartzeko eta elkarrekin esperientziak eta informazioa partekatzeko.
Aurrera begira, lidergoaren inguruan egiten ari garen gogoeta honetan gizonezkoak ere inplikatzeko, beraiei zuzendutako tailerra antolatzen ari gara.
GIZARTERA BEGIRAKO EKINTZAK
Eraldaketa sozialaren eragile ere izan gaitezkeela sinetsita, gizarteari begira ekimen desberdinak gauzatu ditugu azken urteotan:
- Emakumeen parte-hartzea eta ahalduntzea helburu duten ekimenak babesten ditugu: lilatoia, Aspegi sariak, Emakumeen bira, Emakume Master Cup…
- Publizitate kanpaina berritzaile eta ausartak abiatu ditugu.
- Data jakinetarako (Emakumeen Nazioarteko Eguna eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Eguna) irudi eta mezu propioak sortu ditugu.
- Bezeroen gogobetetze inkestan eta markaren ikerketan emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotutako edukiak ere txertatu ditugu.
- Emakundek sortu duen Bai Sarean ere ere hartzen dugu parte, lan-merkatuan genero-arrakala desagerrarazteko helburu dugun beste enpresa eta erakundeekin batera.
Berriki, egiten ari garen lanaren aitortza gisa, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako enpresetako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Esperientziak 2018ko deialdiaren barruan, aurkeztu dugun lanak lehen saria jaso du.
Jasotako sari ekonomikoa, My Way kooperatibak antolatuko duen Zuk Zeuk eguna ekimenera bideratuko dugu. 400 gazte baino gehiagok hartuko dute parte, garapen jasangarrirako helburuak lantzeko antolatuko den ginkana batean.