Beste 5 kooperatiba bikain

Beste 5 kooperatiba bikain

EuskaraLan
Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioarekin lankidetzan Eusko Jaurlaritzak antolatuta erakunde batean euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa ebaluatzen duen Bikain ebaluazioak 65 ziurtagiri banatu zituen 2015eko abenduaren 21ean; horietako 5 Korporaziokoak.
2016/04/22

Bikainek hiru garapen-maila edo ziurtagiri hartzen ditu bere baitan: oinarrizkoa (200 puntu gutxienez); tarteko maila edo zilarrezkoa (400 puntu gutxienez); eta goi maila edo urrezkoa (700 puntu gutxienez).

Azken edizioan banatutako 65 ziurtagirietatik 5 MONDRAGON Korporazioko kooperatibak jaso dute:

Ederfil-Becker, Latz eta Soralucek tarteko maila edo zilarrezko ziurtagiria eskuratu dute, eta Mondragon Assenbly eta Laboral Kutxaren Urruneko Bankak goi maila edo urrezko ziurtagiria.

Bikain ziurtagiria 2008an abiatu zenetik, MONDRAGON Korporazioko 27 kooperatibak eskuratu dute dagoeneko Bikainen ziurtagiriren bat.

MONDRAGONen 9 kooperatiba EUSLAN programan

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS), EUSLAN programa pilotua jarri du martxan. Programa horren helburua honako hau da: enpresa industrialetako lan hizkuntza gisa euskara gero eta gehiago erabiltzeko prozedurak eta praktikak diseinatzea eta gauzatzea. Industriaren sektoreko 12 enpresa ari dira egitasmo honetan parte hartzen, eta horietako 9 MONDRAGON Korporazioko kide dira: Batz, Cikautxo, Copreci, Danobat, Eika, Erreka, Maier, Orkli eta Ulma Eraikuntza; gainerako hirurak honakoak: Alejandro Altuna, Goizper eta Elay. Esperientzia pilotua da, eta 2 urte eta erdiko iraupena izango du. Partaide bakoitzak helburu eta konpromiso bat hartu du: enpresa barruko ahozko eta idatzizko lan harremanei eta hizkuntza paisaiari dagokionez euskararen erabilera %90era iristea edo,

gutxienez, %20ko hobekuntza izatea 2017an. Konpromiso horren neurgarritasuna Bikain ziurtagiriaren bidez bermatuko da, programaren azken urtean, 2017an, BIKAIN ziurtagiriko ebaluaziora aurkeztuko baitira.

Euskaragileak taldean ere

Halaber, Kontseiluak abiatutako Euskaragileak egitasmoan ere MONDRAGONeko zenbait kooperatiba ari dira parte hartzen: Batz, Cikautxo, Eika, Fagor, Matz-Erreka, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, Mondragon Zentro Korporatiboa eta Orkli.

Euskaraz saldu eta lan egin nahi duten enpresen sarea indartzea eta beren ereduak ezagutaraztea helburu hartuta sortu zen Euskaragileak taldea. Honako bost egiteko hauek ditu zehaztuta taldeak: lehenik, eragile aktiboa izatea, lan-munduaren euskalduntzean zeresana duten beste eragileen hizkuntza-politiketan eragiten saiatuz; bigarrenik, eredugarri izatea eta, enpresa euskaragileak eginiko ibilbidea partekatuz, ezagutza aberastea; hirugarren egitekoa enpresen arteko sinergiak sustatzea da; laugarrena berriz, enpresa berriak erakartzea, bitartekari eta sustatzaile arituz; eta azkenik, enpresa euskaragileak eginiko bidea balioan jartzea, onurak erakustea eta prestigioa ematea.