Ausardia eta lidergoa

Ausardia eta lidergoa

Naiara Goia
Mundua hankaz gora jarri du pandemia honek, edo, agian, hobeto esanda, dagoeneko hankaz gora zegoen mundu hura zuzentzeko bidean jarri du, momentuan distopiatik gertuago den mundu arrotz bati bidea emanez.
2020/05/05

Azaleratu ditu egungo sistemaren gabeziak eta zuloak, are hauskorrago egin ditu egoera zaurgarrian dauden gizataldeak, agerian jarri ditu egungo globalizazioaren testuinguruko boteretalkak. Bestalde, ordea, balioan jarri ditu gure indarguneak ere: osasunsistema publikoaren gaitasuna, gizartezibilaren solidaritatea eta elkartasunerako bokazioa, auzolana, zientzia alorrean ikerketaren garrantzia eta ikertzaile-sareen lana, komunitatearen indartzea, batzuk aipatzearren.

"Ez gara normaltasunera itzuliko", diote egunotan sare sozialetako lerroburu nagusiek. Egunero informazioa eta datu berriak andanan sartzen ari zaizkigun honetan zaila da aurreikuspenik egitea, ezer berdina izango ez den etorkizun hori irudikatzeko ariketa egitea.

Hala ere, baikor izateko motiborik ere badugu: ia aurrekaririk gabeko krisi baten aurrean erreakzionatzeko, eta mundua gelditzera eraman duten erabakiak hartzeko gai bagarela ere erakutsi dugu. Egin al dezakegu antzekorik ate joka ditugun eta erantzun azkarra eskatzen duten beste larrialdiekin? Klima larrialdiaz ari naiz, adibidez; eta, zentzu horretan, aste honetan Europan aliantza handi bat sortu da koronabirusaren ekonomia-krisiari irtenbide berdea emateko. Hainbat ordezkari politikok, enpresa-zuzendarik, sindikatuk eta gobernuz kanpoko erakundek Europako Batasunari eskatu diote atzeraldi hau gainditzeko klima-aldaketaren aurkako borrokaren eskutik joateko, printzipio ekologikoetan oinarritutako neurriak hartuta. Hain zuzen, ziurgabetasunez betetako egoera berri honek hori eskatzen du, krisi berriei eta aurreikusi ezin ditugun disrupzioei ausardiaz eta determinazioz erantzuteko gaitasuna izatea, eta lankidetzan oinarrituz beharrezko sinergiak sortzea, Europako ekonomia berreraikitzeko bidean.

Edonola ere, pandemia osteko krisiari heltzea tokatzen zaigu orain. Nik guretik begiratu nahiko nioke COVID-19 osteko mundu horri, euskal gizartetik. Guri dagokigulako gure indarguneetatik erantzun eraginkorra ematea eta izan nahi dugun mundu horren baldintzak sortzea. Izango dira krisiak gehien kolpatuko dituen sektoreak, eta urgentziaz hartutako neurriak eta erabaki sendoak beharko dira krisiaren eragina gutxitu eta sektore ezberdinak berrabiarazteko edo suspertzeko. Egitura sozial eta ekonomikoetan ez ezik, COVID-19aren krisiak eremu ezberdinetan utziko ditu ondorioak: arlo zibilean, politikoan, kulturan, euskalgintzan, eta baita herri egitasmoetan ere. Arlo horietan guztietan datozen erronka konplexuei aurre egiteko erantzun bateratuak behar ditugu, apustu sendoak eta ausartak egiteko gai diren lidergoak, norbanakoaren interes partikularrak albo batera utzi eta eragile ezberdinen artean adostutako joko-arauak plaza berrian.

Eta baditugu horretarako gureak baino ez diren balioak, eta haiek oinarri hartuta atera beharko dugu krisitik: elkartasuna, komunitate zentzua eta egiteko modu komunitarioak, kultura propioa, berdintasuna… Egin diezaiogun aurre krisi honi hauek aldarri hartuta, momentu sortzaile berri bati bide eman, kultura demokratikoan sakonduz, komunitatea ahaldunduz eta gobernantza eredu berriei bide emanez. Hori eskatzen duten tamainako erronkak ditugu aurrez aurre, eta orain arte erabilitako egiteko moduak ez dira aski. Bada horretarako borondaterik?

Artikulua hemen argitaratu da: https://goiena.eus/