2018an ere… Daukonak ez daukonari!

2018an ere… Daukonak ez daukonari!

Josu Urrutia Beristain
Argitaratu diren azken datu ekonomikoek adierazten dute 2018 urtea ona izango dela. Hazkunde ekonomikoa, langabeziak behera, kotxeen matrikulazioak gora, turista gehiago gurera bisitan, baina hori al da inporta zaigun bakarra? Hauxe da nire galdera eta proposatzen dizuedan hausnarketa.
2018/02/21

Krisi ekonomikoa gaindituta

Bistakoa da: datu ekonomikoak dira batzuei axola zaien gauza bakarra. Holakoentzat, 2018. urteak itxura ona dakar. Munduko Bankuak aurreikusten duenez, munduko hazkunde ekonomikoa %2.9koa izango da; Nazioarteko Diru Funtsak, berriz, %3.7raino igotzen du portzentaia hori.

Hala ere, nire ustean hazkunde ekonomiko hori bezain garrantzitsua da jakitea zelan lortu den hazkunde hori, eta, batez ere, zelan banatzen den. Zeren, batzuek oraindik ere zalantzan jartzen badute ere, helburu onak ez baititu on egiten bitartekoak. Justizia sozialik ez badago eta aberastasuna modu parekidean birbanatzen eta kontrolatzen ez bada, hazkundeak ez du berekin garapen sostengarririk ekarriko; bai ordea desigualtasun sozialak eta baliabide naturalen arpilatzea.

Baina nola lortu da hazkunde ekonomiko hori?

Hala, iaz, Ipar Amerikak eta Mendebaldeko Europak, bien artean, munduko ondare likidoaren 2/3 zeukaten, eta Estatu Batuek bakarrik, %45. Aipatutakoei Japonia eta Australia gehitzen badizkiegu, ondare likido globalaren 3/4 munduko lekurik aberatsenetako etxeetan zegoen iaz. Eta aipatutako biztanle horiek munduko biztanleen %19 baino ez dira.

Datu horiek “Global Wealth Report” txostenetik atera ditugu. Allianz SE-k irailean aurkeztu duen txosten horretan agerian gelditzen da munduko biztanleen %10 aberatsena ondare likidoaren %79ren jabe dela.

Aldiz, Munduko Bankuak berak egindako proiekzioen arabera, Saharatik hegoaldera zabaltzen den Afrikan, hazkundeak gora egingo du %2.6, 2017an; eta %3.2, 2018an. Hala ere, per capita produktua %0.1 uzkurtuko da 2017an, 2018-19an %0.7ko igoera apala izango badu ere. Indize horiek kontuan hartuta, hazkundea ez da aski izango eskualdeko pobrezia murrizteko helburuak betetzeko.

Gure eremuan

Baina horren urrun joan gabe, Eusko Jaurlaritzak %2.5eko hazkunde ekonomikoa aurreikusi du 2018rako, eta Euskadiko zerga bilketa %10.6 igo da urriko datuen arabera.

Hala eta guztiz ere, 2018rako aurrekontuak aztertuta, esan behar da gure erakunde publiko nagusietako batek bakarrik, alegia, Gasteizko Udalak bakarrik betetzen duela garapenerako lankidetzari dagokion portzentajea, izan ere, Gasteizko Udalak bere aurrekontuaren %0.8 bideratu du arlo horretara. Gainerako erakunde nagusien artean, Eusko Jaurlaritzak %0.39 bideratzen du, Garapenerako Lankidetzaren Agentziaren bitartez. Aldundiei dagokienez, Arabak 0.31 bideratzen du, Bizkaiak 0.40, eta Gipuzkoak 0.55. Bilboko Udalak %0.47 jartzen du garapenerako lankidetzan, Donostiakoak bezala.

Eusko Jaurlaritzak %2.5eko hazkunde ekonomikoa aurreikusi du 2018rako, eta Euskadiko zerga bilketa %10.6 igo da urriko datuen arabera.

2018aren hasiera hau aprobetxatu nahi nuke tribuna honetatik zera adierazteko: egoera ekonomikoak hobera egin du, eta horretan bat datoz adierazleak nahiz aurreikuspenak; beraz, krisiaren aitzakiak ez du balio: ez dezagun ahaztu guk bezainbesteko zortea izan ez dutenekiko eginbehar batzuk dauzkagula betetzeko. Eta eginbeharrak aipatu ditut, zeren eta erakundeen kasuan, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean hitzez hitz jasotzen denez, gainerako administrazio publikoekin batera produktu nazional gordinaren %0.7ra iristeko bidean aurrera egitearen kalterik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak progresiboki handituko ditu garapen lankidetzarako eta nazioarteko elkartasunerako ekarpenak, 2012ko aurrekontu orokorretan ezarritako gastu osoaren %0.7 izan daitezen. Laster 6 urte beteko dira lege hori onartu zenetik; haatik, oraindik ere oso urrun gaude agindutakoa betetzetik.

Hori dela eta, solidaritatearen arloan Debagoiena erreferentziazko lurralde bihurtzea aldarrikatu nahi nuke. Kooperatibei, berrikuntzari, industriari eta enpleguari esker bakarrik ez, ikastolaren zein unibertsitatearen bidez hezkuntzan erreferentzia izateari esker bakarrik ez, lurralde solidarioa izateari esker ere ezagutu gaitzaten.

Eta horrek hiru alorretan eragiten digu. Lehenik, erakundeen alorrean. Nire proposamena zera da: ibarreko udalek, legealdi hau aprobetxatuz, beren aurrekontuen %0.7 lankidetzara bideratzeko erronkari heltzea.

Bigarrenik, pertsona juridiko, kooperatiba, enpresa, sindikatu eta merkatari elkarteen alorrean, horiek guztiek beren mozkinen %0.7 garapenerako lankidetzara bidera dezaten.

Hirugarrenik, gu guztioi dagokigun alorrean, guk ere –zergatik ez– gure diru sarreren %0.7 guk bezainbesteko zortea eduki ez duten pertsonei aukerak ematera bidera dezagun. Ehun eurotik 0.7 emateaz ari gara.

Mundukideren eta neronen aldetik, adierazi nahi dizuegu prest gaudela 2018rako helburu solidario honen alde lankidetzan jarduteko.