KM0 mundu bidezkoago baterako tresna gisa
Bertako produktuen kontsumoa sustatuz, hainbat onura lortu nahi dira. Besteak beste, lekuko ekonomia bultzatu eta munduan barrena produktuen garraioak sortutako gas isurketa apaltzea.
Bestalde, gaur egun, munduko herri eta norbanakoen arteko harremanak oso estuak eta anitzak dira (merkataritza, kutsadura, migrazioa, kultura…). Hori horrela izanda, komenigarri izan daiteke edozein ekimenek, gertu zein urrun, izan ditzakeen eragin positiboak edo negatiboak aztertzea.
Adibidez, gertuko ekoizpena lehenetsiz gero, horrek beste nonbaitetik gutxiago erostea dakar. Eta beste norbaiti gutxiago erosten badiogu, litekeena da berak guri ere gutxiago erostea.
Edo eta, kontutan hartzekoa litzateke ere, gaur egun, guk inportatzen duguna baino gehiago esportatzen dugula. Eta gure aberastasun ekonomikoaren iturri nagusienetakoa manufaktura teknologikoen esportazioa dela.
Aldi berean, gure inportazio eta esportazio gehienak gure paretsuko beste herrialde aberats eta erdi aberats batzuekin egiten ditugu. Eta pentsa daiteke, halako herrialdeekin orain batak besteari saltzen dizkiogun hainbat gauzen salerosketa murriztu eta bakoitzak berea egitea posible izango litzatekeela (nik zuri sagar gutxiago erosiko dizut, zuk niri bizikleta elektriko gutxiago eta bakoitzak gure sagar eta bizikletak egingo ditugu). Negoziagarria litzateke.
Baina mundu zabaleko eskualde asko ez dira gu bezalako aberatsak eta ez dituzte guk ditugun gaitasun produktibo berdinak. Herrialde horiek gaur gaurkoz behartuta daude guk eta gu bezalako beste herrialde batzuetan egindako makina, pieza eta abarrak erostera. Baina horiek erosi ahal izateko zeozer saldu beharra daukate eta gaur gaurkoz aukera mugatuak dituzte. Gehienetan lehengai mineral, nekazal produktu edo manufaktura ez teknologikoak.
Eta munduko desberdintasunak gutxitze aldera, garrantzitsua litzateke herrialde horiei pobreziatik ateratzeko dituzten aukera apurretan trabarik ez ipintzea, eta ahal dela aukera horiek sendotzea.
Beraz, KM0 mundu hobeago batetarako lagungarri izateko, lagungarri litzateke begiratua jaso eta ondorengoak aztertzea: gertuan sustatu nahi den ekoizpenak eta gutxitu nahi den inportazioak hemen eta han; nortzuei eragingo dien; nori kalte ala mesede egingo dion; gizatalde horiek aberastasun, gaitasun eta botere gehien edo gutxien dutenen artean ote dauden; eta zein beste aukera dituzten. Honela aztertuta hartutako erabakiek mundu hobeagoa eraikitzen lagunduko digute.