Irakurriena
- 1. Ministroen Kontseiluak LagunAro BGAEren berezitasuna onartu du
- 2. MONDRAGONek bisitarien errekorra hautsi du: 3.196 lagun 2024an
- 3. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 4. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 5. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 6. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 7. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 8. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 9. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 10. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
Kirmen Uribek irabazi du Laboral Kutxa-Eusko Ikaskuntza saria
Eusko Ikaskuntzak eta Laboral Kutxak joan den ostiralean jakitera eman zuten Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria curriculum nabarmenaren irabazlea. Sariaren epaimahaia Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako eta Musikeneko ordezkariek osatu dute, Eusko Ikaskuntza eta Laboral Kutxako ordezkariekin batera. Kirmen Uribe aukeratu dute irabazle 2023an.
Epaimahaiaren arabera, nazioartean arrakasta handia izan duen bere sormen "lan bikainari esker", Kirmen Uribek curriculum nabarmenenaren saria irabazi du. Euskararen eta euskal kulturaren "enbaxadore" nagusietako bat dela adierazi dute eta 70eko hamarkadako belaunaldiaren "erreferentea". Epaimahaiak honakoa azpimarratu du: "Gure hizkuntza, balioak eta bizimoduak gure mugetatik haratago zabaltzea lortzen duen diplomaziaren adierazgarri dira haren lana eta nortasuna. Eta umiltasunetik, naturaltasunetik eta sortzeko independentziatik abiatuta, idazlea gai da dimentsiorik intimoena eta kultura-komunitate gisa munduaren aurrean dugun presentziaren inguruko hausnarketa existentzialista uztartzeko". Haren lanak izaera "humanista eta irekia" du, eta bertan kontzientzia globala eta etikoa antzematen dira, zentzu kritikoa eta ezberdinen arteko elkarrizketaren aldeko apustua. Gainera, epaimahaiak balioan jarri nahi izan du geuretik idazten duela eta bere mundu-ikuskera guztiz euskalduna dela. "Bizikidetzaren eta berdintasunaren alde" egiten duen lana ere azpimarratu dute.
Haren lanak hogeiren bat hizkuntzatara itzuli dituzte. Bere ospea Txina edo Japoniaraino iritsi da, eta plazaratu dituen eleberriak urteko onenen artean daude herrialde horietan. Unibertsitateko 500 bat ikasketek bere obraz hitz egiten dute. Beste genero batzuk ere landu ditu, hala nola, poesia, saiakera, haur eta gazte literatura, baita musika eta arte plastikoak ere.
Gaur egun Estatu Batuetan bizi da. Irakasle aritzen da zenbait unibertsitatetan, errezitalak eskaintzen ditu eta nazioartean hedapena duten literatura-aldizkarietan ematen ditu argitara bere lanak, besteak beste, The New Yorker eta The Paris Review aldizkarietan. Iowako unibertsitateak nazioarteko idazleentzat duen IWP (International Writing Program) programarako hautatu zuten 2017an, eta 2018an, berriz, New Yorkeko Liburutegi Publikoaren Cullman beka ospetsua eskuratu zuen.
Sari ugari jaso ditu, honako hauek, adibidez: Kritikaren Saria (2002an, 2009an eta 2016an), Espainiako Literatura Sari Nazionala (2009), 111 Akademiaren saria (2016), eta Bitartean heldu eskutik poema-liburua finalista izan zen Estatu Batuetan argitaratutako poesia-itzulpen onenaren sarian, 2007an.
Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte saria
Eusko Ikaskuntza- Laboral Kutxa Gazte Sariaren irabazlea Beñat Garaio Mendizabal arabarra izan da, "Kia ora, takatāpui: māoriera eta euskararen biziberritze prozesuak elkarlotzen" ikerketa-proiektuarekin. Aurkeztutako ikerketa soziolinguistikoak Zeelanda Berrian euskara eta maori hizkuntza biziberritzeko prozesuen azterketa konparatiboa egitea ahalbidetuko du. Saria 6.000 eurorekin lagunduta dago.