Kike Amonarriz, soziolinguista eta telebista aurkezlea: “Izugarria da kooperatibak euskararen sustapenean egiten ari diren ahalegina”

Card image cap
2019/02/01

Euskaraldiak izendatu dituen enbaxadoreen artean, Kike Amonarriz soziolinguista eta telebista aurkezlea izan da esanguratsuenetako bat. TU lankidek, euskaraldiaren olatuaren pean, Kikerekin hitz egiteko aukera izan du. Euskara, euskaraldia eta kooperatibak. Askotariko galderei erantzuten jakin du Kikek.

140 karakteretan definitu zuretzat zer den Euskaraldia.

Hizkuntza ohitura pertsonalak aldatzeko Euskal Herri osoan eta elkarlanean bideratu den ezagutzaren arabera mailakatutako ariketa sozial bat.

Indarguneak mehatxuak baino gehiago direla esango zenuke?

Euskaraldiaren kasuan, zalantzarik gabe. Eta euskarari dagokionez esango nuke, indar-guneak eta mehatxuak beti izango ditugunez, gure lana, eta hurrengo belaunaldiena, izango dela indar-guneez baliatzea mehatxuei aurre egiteko.

Zer eskaini dakioke Euskaraldiak euskarari?

Euskaraldiak hizkuntza komunitatea trinkotu egin du, aktibazio soziala eragin du talde berri ugari sortuz, elkarlan guneak indartu ditu eta erabilera agenda soziopolitikoaren erdigunera ekarri du. Eta hori guztia adostasun zabal batekin eta ia aurkako erreakziorik gabe.

Zer eskaini die euskaldun komunitateko kide sentitzen ez diren pertsonei?

Hausnartzeko aukera eman die, eta euskararen normalizazio prozesuari sendotasuna eman dio. Euskara zenbat eta gehiago erabili eta hizkuntza komunitatea zenbat eta gehiago trinkotu, orduan eta erakargarriagoa izango zaie ez dakitenei. Nolanahi ere, Euskaraldia, gutxienez ulertzen duten pertsonentzat pentsatuta dago, eta uste dut, erdaldunei begira, bestelako ekinbideak antolatu behar ditugula, oso garrantzitsua baita kolektibo hori ere ongi informatuta edukitzea eta ahalik eta gehien motibatzea. Korrikak eskain diezaguke horretarako abagune egokia.

Euskararen inguruan inoiz sortu den olaturik handienetako bat izan da Euskaraldia. Euskararen inguruko egiturarik ez zegoen herri askotan taldeak sortu dira.

Txapa jartzea postureoa dela diotenei zer esango zenieke?

Euskaraldiak eta aurretik egin diren antzeko esperientzia guztiek (hainbat herritako ekimenak, Kuadrillategi edo Osakidetzako identifikazio-sinboloa, esate baterako) garbi frogatu dute oso elementu eta metodologia eraginkorrak direla erabilera sustatzeko, batez ere modu masiboan egiten badira. Garbi dago, txapa jartzen duten guzti-guztiek, ez dutela beti eta nonahi beteko bere rola, baina askok eta askotan bete dutela ere garbi dago. Koherentzia erabatekorik ez dago inon eta ezertan.

Hamaika egunez euskaraz egiteko saiakera kolektiboari zer gertatuko zaio hamabigarren egunean?

Neurri handi batean hizkuntza ohituretan eragindako aldaketek jarraitu egingo dute. Erabileran zentratu den ikuspegi honek, gainera, bere bidea egingo du eta fruitu berriak ekarriko ditu etorkizun hurbilean. Baita Euskaraldian sakondutako elkarlanaren bideak. Hurrengo Euskaraldira iristerako aldaketa eta lorpen gehiago izango ditugu. Esango nuke, euskalgintzan, atea zabaldu diogula paradigma-aldaketa bati. Gure esku dago eta egongo da ate hori ez ixtea eta ahalik eta gehien zabaltzea.

Zure ikuspegitik, umore puntuaz, nola baloratzen duzu ekimena?

Ekimen irribarretsua izan da, ohitura aldaketak umore onez bideratu nahi izan dituena. Ikusi besterik ez dago han-hemenka zabaldu den umorezko esketx mordoa. Uste dut, horrek ere, asko lagundu duela egitasmoaren arrakastan

Ahobiziok 365 egunez egin beharko genuke euskaraldia, eta belarriprest direnek...? 

Baita ere. Baina gehiegi estutu gabe. Bateren bati, momenturen batean, oso neketsua egiten bazaio, har dezala arnas eta indarra, berriro ekin ahal izateko. Helburua, abiatutako bide hau ez uztea baita.

Hedabideetan eduki ugari, publizitatea nonahi... balorazioak handik eta hemendik, merezi du egiten ari garenak?

Bai, noski. Batez ere, alternatiba ‘ez egitea’ denean. Egin den eta lortu den guztiak erakutsi digu merezi izan duela. Gainera ezin dugu ahaztu lehen aldiz egin dugula. Orain ondorioak ateratzeko unea da, eta hobetu beharrekoen eta egokitu beharrekoen zerrenda egitekoa, baina, nik behintzat, eta nik bezala askok eta askok, Euskaraldiari ekin genionean ez genuen berehala pentsatuko lortu den guztia lortuko zenik. Ezta gutxiagorik ere!

Erabat harrituta geratu nintzen hizkuntza normalizazioaren alorrean kooperatibak egiten ari diren ahaleginarekin, lortu dutenarekin eta inbertitzen ari diren baliabideekin. Uste dut ahalegin horiek gehiago ezagutarazi behar direla.

Herriz herri nola eragin du -ikuspegi praktikoan- Euskaraldiaren olatuak? 

Euskararen inguruan inoiz sortu den olaturik handienetako bat izan da Euskaraldia. Euskararen inguruko egiturarik ez zegoen herri askotan taldeak sortu dira. Iparraldean euskararen inguruan inoiz sortu den herri-talde gehien sortu da aurten, esate baterako. Eta egituraren bat zeukaten herrietan, asko indartu dira. Herri batean baino gehiagotan entzun dut, azken 40 urteotan ez dutela inoiz ikusi horrenbeste jende mugitzen herrietako euskara taldeen inguruan. Kuantitatiboki ez ezik, gainera, mugimenduak zabaltasunean ere irabazi du. Sortu den indar hori egonkortu eta iraunaraztea izango da hurrengo hilabeteetako erronketako bat.

MONDRAGON korporazioaren errealitateari erreparatuz gero, Euskaraldiarekin bat egin duten kooperatiba asko daude, euskaraz bizitzeko ahalegina egiten dutenak. Ezagutzen duzu errealitate hori?

Behin baino gehiagotan izan naiz kooperatibetan euskararen inguruko elkarrizketak egiten edo hitzaldiak ematen. “Tribuaren berbak” programa bat, esate baterako, “Kooperatibak eta euskara” izan zen. Gehiago esango dizut; duela gutxi Fagor-eko 40 bat arduradunei hitzaldi bat eman nien, eta erabat harrituta geratu nintzen hizkuntza normalizazioaren alorrean egiten ari diren ahaleginarekin, lortu dutenarekin eta inbertitzen ari diren baliabideekin. Uste dut ahalegin horiek gehiago ezagutarazi behar direla.

Bukatzeko, zer datorkizu burura...

“Casablanca” filmeko amaiera gogora ekarriz, bizi izan dugun hau “adiskidetasun luze baten hasiera besterik ez izatea espero dut”.