50. urteurreneko logoa aukeratzeko lehiaketa jarri du abian KIDEk

Interesa duten pertsona guztiek aurkeztu ahal izango dituzte euren proposamenak azaroaren 22a baino lehen. Saria 500,00 eurokoa izango da eta irabazlearen izena abenduan emango du jakitera epai-mahaiak.
Card image cap
2024/10/29

Datorrena oso urte berezia izango da Kiderentzat. 2025ean 50 urte beteko dira kooperatiba martxan jarri zenetik. Mende erdia hain justu ere, Javier Alcortak, Kide Koop elkarteko sustatzaile nagusiak, Lea-Artibai eskualdean enpresa-proiektu berri baten sorrera bultzatu zuenetik. Alcorta, beste ekintzaile batzuekin batera, eta Jose Maria Ormaetxea (Laboral Kutxa sasoi hartan), izan ziren Kide kooperatibaren sustatzaile nagusiak.

Lehiaketa irekia izango da, gizarte osoarentzat, Kideren historian parte hartu nahi duten pertsona guztientzat, alegia

Gaur egun, Kide erreferentea da bere sektorean. Ibilbide oparoa izan da, hazkunde eta sendotze sasoi politak bizi izan ditu Kidek eta beti ere kooperatibak propio garatu dituen balioak fokoan jarri nahi izan ditu. Kooperatiba osatzen duten pertsona guztien lanari esker, krisi garrantzitsuei eta egoera larriei aurre egin ahal izan diete, eta beti mantendu da oso lotuta lan-taldea eta estuki itsatsita Lea Artibai eskualdera.

Hala, aurtengoa urte berezia izango da Kideko kolektibo guztiarentzat eta baita eskualdearentzat ere. Etorkizunari anbizioz begiratzen dion proiektu bat ospatzeko, aitortzeko eta sendotzeko urtea izango da. Kooperatibaren balioak, konpromisoa, inplikazioa eta elkartasuna zer izan ziren, zer diren eta zer izango diren gogora ekartzeko balioko du urteurrenak. 2025ean inoiz baino proiektu iraunkorragoa eta teknologikoagoa dela gogora ekartzeko. Era berean, eskualdeko herri eta kaleetara, Berritxura eta Ondarrura irteteko urtea izango da, Lea Artibai hobetzen jarraitzeko ariketa praktikoa gauzatzekoa. Bertako kultur eta kirol elkarteei lagunduz, ekimenak bultzatuz eta Kideren urtea dela gogoraraziko duten jarduera ugariz gozatuz.

Logotipoak azaroaren 22a baino lehen aurkeztu ahal izango dituzte, nahi beste eta nahi dituzten sormen-estiloetan, proposamenak helbide elektroniko honetara bidalita: ospakizuna@kide.com

Ekitaldi asko antolatu dira urte osoan, urtarriletik abendura bitartean, baina jai-egitaraua aurkeztu aurretik, Kidek erronka bat jarri du abian urteurrenean parte hartu nahi duten guztientzat. 50. urteurrenaren oroimenezko logotipoa (marka eta eslogana) hautatzeko lehiaketa antolatu du. Lehiaketa irekia izango da, gizarte osoarentzat, Kideren historian parte hartu nahi duten pertsona guztientzat, alegia.

500,00 euroko saria

Parte-hartzaile guztiek 500,00 euroko diruzko saria jasotzeko aukera izango dute. Logotipoak azaroaren 22a baino lehen aurkeztu ahal izango dituzte, nahi beste eta nahi dituzten sormen-estiloetan, proposamenak helbide elektroniko honetara bidalita: ospakizuna@kide.com.

Epaimahaia 50. urteurreneko ekitaldiak antolatzen dituen Batzordeko kideek eta diseinuaren eta komunikazioaren arloko profesionalek osatuko dute, eta saria abenduan emango dute. Logotipoa urtarrilean aurkeztuko da eta aurkezpenarekin hasiko dira urteurreneko ekitaldiak.

Sarituko da logoak sortzaileak izatea, originalak eta balio kooperatiboak zein enpresaren beraren filosofia jasotzeko gai badira, hobe. Interesa duten guztiek lehiaketari buruzko informazio guztia eta parte hartzeko oinarriak kontsultatu ahal izango dituzte Kideren web korporatiboan: https://www.kide.com/wp-content/uploads/KIDE_logo50EUS-1.pdf eta webgune korporatiboaren blogean eta komunikabideetan argitaratzen diren albisteak jarraitu ahal izango dituzte.

Hotz ganberak