Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Katxiporreta, kultura elkarte izatetik kooperatibara jauzia
2012, kooperatiben nazioarteko urtea. Esperientziak.
"Erdal giroa zegoen orduan, gure kultura eta hizkuntzaren beherakada garaian sortu zen taldea, eta kalean euskaraz egiteko aukera zabaldu nahi genuen", azpimarratu du Joxe Mari Agirretxek. Ezustean jaio zen Katxiporreta. Saio bat eskaini zuten eta konturatu orduko euskararen eta alaitasunaren ardatzean zebiltzan emanaldiak ematen. Gaur egun nork ez ditu ezagutzen Pirritx, Porrotx eta Marimotots, eta Katxiporreta bera?
Hasieran, sozietate anonimoa
Eredua zirela konturatu ziren eta beste batzuek beraien jarrerak imitatzen zituztela. Orduan, beste gai batzuk garatzen hasi ziren: herrigintza, etorkinak, espekulazioa, elkartasuna, heziketa, gaixotasuna… Gai sozialak lantzen hasi ziren, hots, baloreak. Eta baloreak transmititzeko, euskarri ezberdinak erabiltzen hasi ziren. Kanta herrikoiak grabatu zituzten, bideoak kaleratu...
"Hasierako egitura kultura elkarte batena zen, herrigintzatik jaiotako proiektu batena. Gerora, lana gehitzen joan zitzaigun eta honetara mugatu behar izan ginen", diosku pailazo kooperatibistak. Baloreei buruzko hausnarketa egin ostean, taldean bertan hasi ziren horiek lantzen. "Kultura elkarte izatetik, enpresa izatera pasa ginen. Takolo eta biok sortu genuen".
Kooperatibaren aldeko apustua
Beraien lanak asko eskatu eta asko ematen diela azpimarratu du. Horrek taldekideetako batzuek beste bide batzuk hartzea ekarri zuen. Takolok taldea uztean sortu zen kooperatiba. "Jarraitu zuen sortzaile bakarra ni izan nintzen".
"Ze helburu bete nahi ditugu? Ze filosofia daukagu? Zer eta nola egingo dugu? Nola antolatuko gara? Aurrera begira, ze proiekzio eskatzen dugu? Ze konpromiso?" Kooperatiba sortu zuten lau lagunek galdera horiek zituzten buruan.
Aurrera begirako lanean hasi ziren orain dela zortzi urte. Eta aldaketa garrantzitsu bat eman zen une hartan, "euskara, herrigintza eta baloreak" transmititu eta herriari begira "mezuak zabaldu" nahi zituztelako. Baloreen gaia uztartzeko euskarri ezberdinei heldu zieten eta horrek beraien lana aldatu eta dibertsifikatu zuen. "Langile batzuk kontratatu behar izan ditugu eta beste batzuekin hitzarmenak egin ditugu, adar guzti horiei erantzun ahal izateko", azaldu du Agirretxek.
"Euskal Herrian, handia izanagatik txikia zara"
"Euskal Herrian aurrera goaz baina globalizazioa dela-eta, kanpoko eragin handia da. Aurrera goazen heinean, besteak ere aurrera doaz", azaldu digu. "Eta horrek bertako sormenean hutsunea eragiten du".
Hutsune horretatik jaio zen Irrien Lagunak sortzeko egitasmoa. "Apustu potente bat egiten dugu. Gure herria txikia da eta gure hizkuntza minorizatua. Euskal Herrian handia dirudiena ere txikia da, beraz, proiektu sendoak eta egonkorrak behar ditugu. Guk gurea egin behar dugu, gure baloreetatik, hizkuntzatik eta auzolanetik". Bost hanka dituen enpresa da Katxiporreta: osasuna, natura, zientzia, kultura eta elkartasuna. Honek pertsonaia eta euskarri berriak sortzea ekarri du.
Handitu arren, kultura proiekzioari eutsi
Helburu potoloak jartzen dituzte askotan, kontzeptu handiak: "Askotan utzi egin ditugu gure egunerokotasuneko gauza txikiak. Euskaratik beraiengana iritsi behar dugu, haien bozgorailuak izan, lagundu" dio Agirretxek, eta honako hau gaineratu: "Txikitik egin behar dugu lan, baina handira ere joan behar dugu, Euskal Herrian asko bizi baikara. Hori, euskara erreferente izanik, koloreetako Euskal Herria eginez".
Helburu hori lortzeko hainbat proiektu abiarazi dituzte: 16 elkarterekin batera, Elkartasun Elkartea osatu dute eta Huhezirekin Oarsoaldean beste bat egiten ari dira. "Herria aktibatu nahi dugu zeinak euskara, alaitasuna eta baloreak landuko dituen".
Kooperatibismoa aldatzen
"Kooperatibak asko handitu dira, produkzioa kanpora eraman dute, sendotu eta handitzeko premian dago, baina galdu gabe gure jatorria eta nondik gatozen", azaldu du Agirretxek. "Handitzen garen heinean, kontsumismoaren inguruko kritika asko jasotzen ditugu, panpinak Txinatik ekartzeagatik adibidez. Izan ere, Katxiporretak hemengo kontsumoa bultzatzen du, hemen produzitzen dena nahi dute zabaldu baina kasu batzuetan ezinezkoa da.
"Talde bat sortzen ahalegindu ginen. Taldeak euskalgintzan egiten dena eta gure baloreetatik egin daitekeena aztertuko luke. Hemen egin ezin dena, kanpoan bilatuko luke", azaldu digu Agirretxek. Ekimen txikiak badaude eta horiei heldu behar zaiela gehitu du. Finantzazio arloetan ere arazo batzuk izaten dituzte: "Koherenteak izaten ahalegintzen gara eta beti ez da posible". Hala, saiatzen dira publizitate eta merchandising bideragarria egiten.
Euskal Herria egoera berezian
Kulturaren krisia gutxiago nabaritzen da Euskal Herrian. "Hemen auzolan kultura handia dago: txosnak, elkarteak, erakundeetatik at dagoen programazioa… Horrek kultura biziagoa izatea dakar. Gure altxorrak gorde behar ditugu eta horiekin jendea erakarriko dugu".
"Gu oso hemengoak gara, kanpora atera behar gara baina modu apal batean zeren gure helburua ez da hori. Gureak hemen zentzu handia du, hemen sortu baikara eta hemengo erreferenteak ditugu” azaldu digu. Europako itsasargia garela dio eta itxaropentsu da Euskal Herriarekin. "Guk egiten dugunak transmisio bat eskatzen du", kontatu digu.
Euskal Herrian badago esan bat lana egin behar dugula dioena. Agirretxek bizia bakarra dela dio eta, honenbestez, zoriontsu izan behar dela. "Lanean zortzi ordu igaro behar badugu ilusioz, gogoz, besteei emateko eta jasotzeko egin behar dugu", eta amaitu du: "Down sindromea dutenekin abesti bat grabatu genuen eta beraiengandik jaso genuena izugarria zen. Egiten duguna gogo horiekin egin beharko genuke, guztiok".