Kataluniatik Mondragon Unibertsitatera hezkuntza berrikuntzan sakondu nahian

Mondragon Unibertsitateak eta Teamlabs-ek gonbidatuta, Kataluniako FEDAC elkarteko 24 eskoletako 26 ordezkarik aukera izan dute iragan asteburuan bertatik bertara Euskal Herriko ikastola eta eskola ezberdinen berrikuntza prozesuak ezagutzeko.
2021/05/13

Mondragon Unibertsitateak propio FEDAC elkarteko ikastetxeentzat sortutako Aditu Tituluaren baitan, iragan asteburuan 26 lagun bisitari izan genituen Euskal Herrian. Bisitariek, gehienak ikastetxeetako irakasleak, aukera izan zuten bertatik bertara bisitatzeko Euskal Herriko ikastola, eskola eta ikastetxe ezberdinetan abian jarri dituzten berrikuntza proiektuak edo eta metodologiak. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak zuzenduta, ordezkari horiek parte hartzen ari dira Ikaskuntzarako Rol Berriak Hezkuntzan Espezializazio Diploman (ROL). Bidaiaren helburua da formazioa jasotzea eta Euskal Herriko erreferentziazko eskolak bertatik bertara ezagutzea. 

TU Lankidek Ainara Artetxe, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle eta Hezkuntza Arloko koordinatzaileetako batekin hitz egiteko aukera izan du. Era berean, Jordi Civit, FEDACeko Pertsonen Arloko zuzendariarekin eta Mariona Gol Giralt irakaslearekin ere izan gara.

CANON_Canon EOS 5D Mark IV_1353250-1481987_011.jpg

Ainara Artetxe (Irakaslea, ikerlaria eta Hezkuntza Arloko koordinatzaileetako bat)

"Berrikuntza prozesuak aktibatzeko Aditu Titulua jarri genuen martxan, kasu honetan gainera, Kataluniako FEDAC sareari propio eginiko formazioa".

"Hezkuntza berrikuntzaren arloan Mondragon Unibertsitateak badu zeresana, eta berrikuntza prozesuak aktibatzeko aditu titulua jarri genuen martxan, kasu honetan gainera, Kataluniako FEDAC eskola sareko 24 zentrori propio eginiko formazioan. Gure eskaintza hainbat modulutan oinarritzen da. Hala, une honetan hezkuntza zentroetako berrikuntza kasuen moduluan daude, eta normalean online izaten bada ere, oraingoan gurera etorri dira".

Bi egunez bost ibilbide egin zituzten Kataluniatik gerturatutakoek 

Ainararen esanetan, "bost ibilbide proposatu genien eta eskola eta esperientzia ezberdinak ikusi ahal izan zituzten. Donostialdean; Amaraberri eta Larrun. Bergaran; Aranzadi Ikastola eta Miguel Altuna. Zumaian; Zumaiena Ikastetxea bisitatu zuten. Tolosan; Herrikide eta Laskurain ikastola eta Arizmendi Ikastolan, Jose Arana eta Gaztelupe guneak". Bisita horietan ikusitako ikerketa lerrora eramango dute eta konklusioak ateratzen saiatuko dira.

Aditu titulua urtarrilaren bueltan hasi zen eta hil honen amaieran edo eta ekainean amaituko dute

Aditu titulua urtarrilaren bueltan hasi zen eta hil honen amaieran edo eta ekainean amaituko dute. "Lehenengo aldia da horrelako esperientzia bat garatzen ari garela. Era berezian, erakunde batentzat antolatutako Aditu Titulua baita, eta esperientzia, orain artekoa, oso ona izaten ari da". 

CANON_Canon EOS 5D Mark IV_3261282-3387790_026.jpg

Jordi Civit (Pertsonen garapeneko zuzendaria FEDAC erakundean)

"Berrikuntza pedagogikoan sinistu beharra dugu"

24 ikastetxe batzen dituen erakundeko Giza baliabideetako edo Pertsonen Gestioko zuzendaria da Jordi Civit. "1.000 irakasle baino gehiago ditugu, eta gure komunitatean 11.000 ikasle inguru batzen dira. Gainera, komunitate horretan gurasoek ere zeresan handia dute. Elkarte handia gara eta hobetzen jarraitu beharra daukagu. Eta horretarako, berrikuntza da bide bakarra". Jordi Civit-entzat proiektu bat edukitzea, helburu bat partekatzea eta ipar bat edukitzea ezinbestekoak dira bere elkartearen arrakastarentzat. 

1.000 irakasle eta 11.000 ikasle inguru batzen ditu FEDACek

FEDAC erakundean derrigorrezko etapak eskaintzen dituzten ikastetxeak batzen badira ere, badira haur hezkuntza zikloak eta Lanbide Heziketa zein Batxilergo zikloak eskaintzen dituzten ikastetxeak ere. Horietan guztietan aplikatu nahi dituzte Euskal Herrian ezagutu dituzten ereduak. "Hezkuntza eraldaketa posible dela ikusi dugu, baina horretarako administrazioak baliabideak jarri behar ditu eta gu geuk helburua ondo definitu behar dugu".  

FEDAC erakundearen hezkuntza proiektuari Avui per de ma esaten diote, eta lau oinarritan gauzatzen da: heziketa, identitatea eta izaera, eraldaketa barnera zein kanpora begira eta partehartzea.

CANON_Canon EOS 5D Mark IV_2246306-2372363_018.jpg

Mariona Gol Giralt, irakaslea

FEDACekoak oso pozik azaldu dira bi egunez Euskal Herrian bizitako esperientziarekin

"Konfiantzaren metodologia ikaragarri interesgarria iruditu zait"

Marionarentzat oso aberasgarria izan da bisita. “Derrigorrezko bigarren hezkuntzako irakaslea naiz eta asko ikasi dut Arizmendi Ikastolara eginiko bisitan. Konfiantzaren pedagogia ikaragarri interesgarria iruditu zait. Egiten dutena izugarria iruditu zait, oso proiektu interesgarria”. Orohar, bai Mondragon Unibertsitateko ordezkariak zein FEDACekoak oso pozik azaldu dira bi egunez Euskal Herrian bizitako esperientziarekin.

Irakaskuntza

Irakaskuntza unibertsitate zentroa