Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Aizpea de Atxak, Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa saria jaso dute

25. edizioa dela eta, ekitaldia Chillida Lekun ospatu zen eta gainera bi sari banatu ziren.
Card image cap
Ekitaldiaren hasieran, omenaldi berezia egin zitzaien 25 urte hauetan saridun izan direnei.
2019/07/11

Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria eman zieten Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsorok eta LABORAL Kutxako Txomin Garcíak Juan Ignacio Pérez Iglesiasi, curriculumik onenarengatik, eta Aizpea de Atxari, Gazte Saria modalitatean, «INpostuRA» performance proiektuarengatik. Uztailaren 9an izan zen sari-banaketa, Chillida Lekun. Berezia izan da aurtengo sari bikoitza, 25 edizio bete baitira sariketa sortu zela.

Arratsaldeko lehen orduan, bisitaldi gidatu pribatua egin zen aurreko urteetan saridun izan direnekin, epaimahaiko kideekin eta hezkuntzaren alorreko eta erakundeetako ordezkariekin, orain arte saritutako guztien omenez.  Leku berezi horretan, Eduardo Chillida artistaren zenbait lan dauden museoan, izan da ekitaldia, sariketaren hamargarren urtean (2004an) egin zen lekuan. Eduardo Chillidak ere jasoa du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria, 1999an alegia.

Ondoren, ekitaldi akademikoa egin zen, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu buru zela. Han izan zen beste zenbait agintari sarituei ohore egitera: Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano eta Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria, Jesús Loza, besteak beste. EHUko ordezkari ugari ere izan zen ekitaldian (errektore eta errektoreorde ohiak), eta bi saridunen lagunak ere bai.

Aizpea de Atxaren «INpostuRA» proiektuaren aurkezpenak eman zion hasiera ekitaldiari.

Hona hemen zer adierazi zuen Mondragon Unibertsitateko errektoreorde akademikoak, Jon Altunak, epaimahaiaren izenean: «Garaikidetasunetik abiatuta egin den proposamena da proiektua […] Gogoeta dinamikoa, interaktiboa eta berritzailea proposatzen digu betiereko galdera honetaz: Nor naiz ni?». Segidan, lehenbiziko Gazte Saria antolatu duten erakundeetako presidenteek —Eusko Ikaskuntzakoak eta LABORAL Kutxakoak, alegia— euskal kultura-harrobiaren potentziala azpimarratu zuten.

Ondoren, Nafarroako Unibertsitateko Ikerketako errektoreorde Iciar Astiasaranek hartu zuen hitza, Eusko Ikaskuntza – Laboral Kutxa Sariaren epaimahaian curriculumik onena hautatzen jardun diren sei unibertsitateen izenean. Astiasaranen hitzetan: «Juan Ignacio Pérez irakasle eta akademikoak primeran irudikatzen du zientifiko batek gizartearen eraikuntzan nola lagundu dezakeen».

Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsorok, berriz, Pérez Iglesiasen jarduna goretsi, eta euskarazko jarduera zientifikoaren bultzatzaile nagusietakoa dela esan zuen. Azpimarratu zuen, halaber, pentsaera zientifikoaren dibulgaziori egin dion ekarpena: «jendeak zientziaz gehiago jakitea lortu du, eta gauzen benetakotasunaz gehiago arduratzea». Alderdi hori bera jorratu zuen LABORAL Kutxako presidente Txomin Garcíak ere: «Hesi eta aurreiritzi zaharrak desegiten lagundu du, beharbada hainbeste kalte egin digun letren eta zientzien arteko banaketa antzu horrek sortuak ziren hesiak eta aurreiritziak».

Biziki hunkiturik jaso zuen Juan Ignacio Pérez Iglesiasek saridun-diploma.

Zientziaren eta demokraziaren alde mintzatu zen sariagatik eskerrak ematean: «Kritikatzeko aukerarik ez badago, ez dago ez zientziarik, ez demokraziarik». Haren iritzian, aurrerapauso handiak eman dira bi alor horietan, baina «oraindik ere asko dago desberdintasunak aintzat hartzen dituen kosmopolitismo adeitsua garatzeko, demokrazia eta ongizatea munduko zoko guztietara hedatzen lagundu duena». Pérez Iglesiasen ustetan, zientziak ez du mugarik eta, honenbestez, haren dibulgazioak ere ez luke mugarik izan behar.

Azkenik, Iñigo Urkullu lehendakariak itxi zuen ekitaldia. Hiru hitzetan jaso zuen bere aitortza sariarekiko: zabalaga, saria 1999an jasotako Chillida beraren etxean 25 edizioetan izandako bidea gogoratzen delako; zabalaldia, Aizpea de Atxak jaso duen Gazte Sariari esker belaunaldi berriei irekitzen delako; eta zabalkuntza, Perez Iglesias-en ezagutza zientifikoaren hedapenaren isla delako.

Finantza eta aseguru zerbitzuak.