Jose Maria Arizmendiarrieta eta euskara hizpide

"Mendeurrenak pertsona bere osotasunean hartzeko balio behar digu", horrela azaldu zuen Julen Arexolaleibak, aurreko ostegunean, hilaren 16an, Don Jose Mariaren gainean, hizkuntzaren prismatik, emandako hitzaldian. Ekitaldia MONDRAGON Korporazioko Euskararen Mahai Teknikoak antolatu zuen.
Card image cap
2015/07/20

Umetan euskaldun elebakar, gaztaroan erdarazko trebetasuna lortuaz batera euskararen aldeko motibazioa piztua, Lekuona eta Barandiaran irakasle, giro euskaltzalean bera ere eragile, Gasteizko apaiztegian Kardaberaz Bazkuna elkartearen sortzaile: aurrera beti!. Eta horrela gerra garaian ere, abertzale, “Eguna” lehen egunkari euskaldunean erredaktore…

Bere bizitzaren heren bat baino gehiago izan arren, askok oraindik ere ezagutzen ez duten On Jose Mariaren alderdia izan zen hizpide hitzaldian. Baita gerra ostean, Arrasaten agertu zenean, egin zuen bidea ere. Eredu kapitalistaren kontrako jarduerari ekin, eta euskara non? Zer gertatu zitzaion? Zer, egunkarian berarekin ibili zirenekin euskara ez erabiltzera iristeko? Eta, aldi berean, euskara gutxi egiten zela esaten zionari, “zuek egin euskaraz, denok ezin dugu egin, baina zuek ahal duzuena egin” erantzuten zuen Jose Mariari zer gertatu ote?

Askok oraindik ere ezagutzen ez duten On Jose Mariaren alderdia izan zen hizpide hitzaldian

Arexolaleibak, halaber, gogora ekarri zuen “Medalla de oro al trabajo” jasotzean Arizmendiarrietak, 1966an, ministroaren aurrean, bere diskurtsoan euskaraz bota zituen hitzak:  Eskerrik asko denoi. Ba-dakigu zer egiten dogun. Ba-dakigu nora goazen. Gure bide au zenbateraiñoko egokia dan jakiteko,itxaron dagigun apur bat, ikusi dagiguzan bere saillak: Guk eztabaidaka ibilli baino naiago dogu gure gizon eta errien alde lan eta lan egitea. Lan egin daikegunok lan dezagun. Aurrera beti beso sendoak eta biotz samurrakin.

Gizartearen euskalduntze prozesua gero eta indartsuagoa bilakatzen ari zen heinean, Arizmendiarrieta ere euskararekiko ardura handiagoa hartzen hasi zen. Edo izandakoa berpizten. Besteak beste, Irakasle Eskolaren sorrera bultzatzen aritu zen bere bizitzako azken urtean.

Eta hil aurretik idatzitako azken berbak, euskaraz idatziak; eta berriro ere bere gaztaroko   “Aurrera beti!”: Gure kidetasun barrietan txertatuko ditugu auzo eta erri, erri eta beste guztiak: Aurrera beti!

Ekitaldiaren gainean beste artikulu batzuk:

Arizmendiarrieta100.com

Lantalan.com