Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
“Euskal kulturaren parte bat gurekin eramaten dugu mundutik bidaiatzerakoan eta enbaxadore izate horrek badu bere xarma”
2017an Espainiako Dantza Sari Nazionala irabazi zuen Kukai konpainiak.
Jaso ditugun sarien artean honako hau izan daiteke esanguratsuena. Konpainiari ikusgarritasuna eskaini baitzion. Abentura gisa abiatu ginen 2002an eta une honetan dantza konpainia profesionala gara. Dagoeneko hamar laguneko egitura finkoa dugu eta zeharka dantzari askok gurekin lan egiteko aukera dute.
Nazioartean ere gero eta ezagunagoa da Kukai.
Nazioarteko ikuspegia landu izan dugu beti. Eta apustu hori sustatzeko, toki askotako koreografoak erakarri ditugu gugana. Elkarlanean aritzeko gonbita egin diegu eta horrela ikuspegi erabat ezberdinak uztartu ditugu.
Oskara, Erritu... une honetan bi ikuskizun horiek aurkezten ari zarete.
Oskara eta Erritu mundu osoko eszenatokietara eraman ditugu eta oraindik orain ikuskizuna beste zenbait eszenatokitara eramango dugu. Pertsonalitate handiko ikuskizunak dira biak eta nazioarteko proiekzio handia dute. Oskarak lau urte bete ditu dagoeneko eta estilo horretako ikuskizun batentzat sekulako lorpena da.
Düsseldorf, Mosku, Brusela, Montekarlo, Seul... Euskal tradizioan oinarritutako espektakulu garaikidea non nahi erakutsi duzue.
Oskara lau urtez dagoeneko eta Erritu, iazko azarotik aurrera. Eszenatoki ugari zeharkatu ditugu, batzuk oso exotikoak, beste batzuk ospe handikoak. Esaterako, Seulen aritzea oso berezia izan zen. Polonian ere oso ikuskizun dotorea eskaini genuen, urte zahar gauean, milioi bat pertsonaren aurrean, ikusgarria izan zen. Montekarloko Garnier operan ere izan gara eta sekulako txalo zaparrada jaso genuen. Kolonbian, Ekuadorren... Euskal kulturaren parte bat gurekin eramaten dugu mundutik bidaiatzerakoan eta enbaxadore izate horrek badu bere xarma.
Aurten, gainera, bestelako kolaborazio eta lanak ere bazabiltzate burutzen.
Topa kale ikuskizunarekin ari gara eta bestelako proiektu puntualagoak ere egin ditugu. Realarekin, MONDRAGONekin…
Humanity at Music da horietako bat, ezta?
Kooperatibismoa da abiapuntua. Kontzeptu moduan kooperatibismoak eskaintzen dizkigun ñabardurak eszenara eraman nahi ditugu eta Fernando Velazquezek sortu duen musikak ere sekulako eragina du. Musikatik eta kooperatibismoaren kontzeptutik abiatuta, MONDRAGONen izaerari eta izateari mugimendua eskainiko diogu. Obrak izango ditu zati oso kooperatiboak, eta parte-hartzaileak, jende asko batzea gurako genuke-eta. MONDRAGONen esperientziari mugimendua jartzen saiatuko gara.
Pertsonen parte hartzea sustatu nahi duzue, kooperatibistei dantza egiteko aukera eskainiz.
Halaxe da, bai. Dantza egin nahi dutenentzat bideo didaktikoak sortuko ditugu. Entseguak egin ditzaten eta Buesa Arenako ekitaldian gurekin dantzatu dezaten. Kontua da, lankidetza oso barneratuta dugula. Gure existentzia osoan zehar lankidetza lan ugari egin ditugu, Tanttanka Teatrorekin eta Mireia Gabilondorekin, Oreka TX... Gainera, 2008an bide berri bat ireki genuen, Koreografo ezberdinak gurera gerturatuz eta dagoeneko koreografo askorekin egin dugu lan: Pantxika Telleria, Marcos Morau, Sharon Fridman… Lankidetzan aritzeak bidea aberasten du.
Eta etorkizunera begira zer?
Etorkizun hurbilera begira, ditugun obrak aurkezten jarraituko dugu, baina proiektu berrien inguruan esna gaude beti; gauzak begiratzen, pentsatzen… barne lanean dihardugu, etorkizun ertaina bistatik galdu gabe. Era berean, Kukai konpainiak formazio kurtsoak ere eskaintzen ditu. Harrobi lana egiten dugu Iparraldeko eta Hegoaldeko dantzari gazteen artean. Dantza tradizionalean formatzen ditugu baina beste estilo batzuetara bideratuz. Aberasgarria da guztiontzat.