Javier Erdozia hil da

33 urte egin zuen lana talde kooperatiboan eta bera izan zen bere lehen idazkari nagusia. Hileta elizkizuna gaur izango da arratsaldeko 19:00etan Lekeitioko Parroki Elizan.
Card image cap
2024/11/25

Javier Erdozia Landa atzo zendu zen, 89 urte betetzeko bezperan. Lekeitiar honek harreman estua izan zuen talde kooperatiboarekin, izan ere 1967an, ekonomia-aholkulari lanetan hasi zen Laboral Kutxan (Caja Laboral Popular), Arrasateko bulego zentraletan, Jose Maria Arizmendiarrietak eskatuta. Kreditu-kooperatiba horretako bazkide izan zen, harik eta 1992an, Mondragon Corporación Cooperativara joan zen arte. Hantxe jubilatu zen, 2000. urteko abenduan. Laboral Kutxan askotariko lanpostuetan ibiltzea egokitu zitzaion: ekonomia-aholkulari, zuzendari nagusiorde, kontseiluko idazkari, esaterako. Horrez gain, hainbat kooperatibako batzordekide ere izan zen: Ikerlan, LagunAro, Arrasateko Eskola Politeknikoa, Lea-Artibai Eskola Politeknikoa, Eroski

Kooperatibista eta euskaltzalea

1947ko urrian, apaiz-ikasketak hasi zituen Saturrarango seminarioan, eta, hantxe areagotu zitzaion bere aitagandik zetorkion euskaltasunaren kontzientzia, batik bat, Andoni Basterretxe irakaslearen eraginez. Han bost urte egin ondoren, Gasteizko seminariora jo zuen Filosofia ikasketak egitera. 1953an, seminarioa utzi, eta “preuniversitario” zeritzon titulua atera zuen Valladoliden.

Urte horretan hasi zen futbolean, eta, Bizkaiko jubenilen selekzioarekin Espainiako txapelketa irabazi ondoren, jubeniletako munduko txapelketa irabazi zuen Espainiako selekzioarekin 1954an. Futbolari profesional gisa aritu zen Deportivo Alavesen, ligako lehen mailan. Talde horretan hiru denboraldi egin ostean, Felguera, Sestao Sport eta Indautxu taldeetan jokatu zuen, bigarren mailan. Garai horretan, atera zuen Zuzenbideko lehen ikasturtea, Oviedon, eta Ekonomia Zientziak ikasten hasi zen.1961ean utzi zuen futbola, lesio latz baten ondoren, ikasketei lehentasuna eman behar ziela erabaki zuelako.

Behin ikasketak amaituta, Arregi SA taldean hasi zen lanean, Gasteizen, eta1967an batu zen talde kooperatibora. Bete-betean sinesten zuen hezkuntza eta eredu kooperatiboa dela pertsona libre egiteko eta gizartea eraldatzeko egokiena, eta, hori buruan harturik, bere lagun arrantzaleak euren ogibidearen jabe izan zitezen eragin zuen: 1959. urtean, Rosario arrantzontzia erosi zuten Lekeitioko lagunek (bera tartean)  eta kooperatiba antzeko egitura eman zioten. Ondoren, beste arrantzontzi bi egin zituzten: Amandarri (1963) eta Agurtza (1969).

MONDRAGONen lehen idazkaria nagusia izateaz aparte hainbat kooperatibako batzordekide ere izan zen: Ikerlan, LagunAro, Arrasateko Eskola Politeknikoa, Lea-Artibai Eskola Politeknikoa, Eroski…

Betidanik izan da euskalzalea eta euskalgintzari eman nahi izan dio bere denbora, ardura eta indarren zati handi bat. Lanean egindako harremanetatik etorri zitzaion Euskararen Aholku Batzordearen kide izendatzea Mari Karmen Garmendia Kultura sailburua zela. Urte luzez Euskaltzaindiari laguntzen jardun zuen, eta, 2003ko urtarrilaren 31tik, euskaltzain urgazlea izan da.

Euskal Herria, euskara eta euskal kultura izan dira bere bizitzaren ardatzeko bat, baina baita bere familia eta lagunak ere. 1967an ezkondu zen Maria Luisa Leturiarekin, eta lau seme alaba izan zituzten. Bizitzako erronkei aurre egiteko ezinbestekoa izan zuen emaztearen indarra eta garra. Biek batera jakin zuten, etxekoak ez ezik, inguratzen zirenak ere ondo hartzen. 

Dagoen tokian dagoela, emaztearekin kontu-kontari edota lagun artean kantatzen eta pilotarekin gozatzen egongo da. Hala bedi.