Jabetza Industrial eta Intelektualak mundu digitalean duen lekuari buruzko jardunaldi arrakastatsua “World IP Day” ospatzeko

Jabetza Industrial eta Intelektualaren (JI) Nazioarteko Egunaren harira, Galbaianek jardunaldi bat antolatu zuen apirilaren 26an GARAIA Parke Teknologikoan. Aukeratutako gaia “JIa mundu digitalean” izan zen.
Card image cap
2023/04/28

GALBAIANeko zuzendari den Ismael Igartuaren sarrera labur baten ostean, Idoia Apraiz, GALBAIANeko JIaren Kudeaketa Estrategikoko Arduradunak, “JIaren kudeaketa estrategikoa mundu digitalean” izenburupean emandako hitzaldian, erronka hauek nabarmendu zituen: JI estrategia negozio eredu berrietara egokitzea, produktu/zerbitzu berrientzako JI estrategiaren 360ºko diseinua egitea eta JIaren estrategia berrikuntza prozesuetan txertatzea.

Jarraian, Elena Zabala, GALBAIANeko Software Patenteen Arduraduna, mundu digitalean ere arreta jarrita, JIak eskaintzen dituen bi tresnen inguruan aritu zen: patenteak eta enpresa-sekretuak. Elenak softwarea patentatu ezin denaren uste okerra baztertu nahi izan zuen, eta azpimarratu zuen ordenagailuz inplementatutako asmakuntzak patentatu daitezkeela betiere ekarpen teknikoa dagoen bitartean eta berritasun eta inbentibotasun baldintzak betetzen badira noski. Elenak helarazi zuen beste mezu garrantzitsu bat adimen artifizialean oinarritutako erabilera kasuak patentatu daitezkeela izan zen.

Elena Zabalak (Galbaian) softwarea patentatu ezin denaren uste okerra baztertu nahi izan zuen, eta azpimarratu zuen ordenagailuz inplementatutako asmakuntzak patentatu daitezkeela betiere ekarpen teknikoa dagoen bitartean

Ondoren, Itziar Lopez de Bergarak, GALBAIANeko Arlo Juridikoko Arduradunak, aurkezpenen zirkulua itxi zuen, eta programa informatikoen autore-eskubideak eta autore-eskubideen eta sui generis eskubideen bidezko datu-baseen babesa izan zituen hizpide. Itziarrek software libre edo kode irekikoen erabilera identifikatzearen garrantziaz ohartarazi zuen eta garatutako software-aren ustiapenean dituen ondorioez, eta, azkenik, mundu digitaleko arau-aldaketei adi egon beharra nabarmendu zuen, adibidez Europako Datuen Estrategiari dagozkionak.

Aurkezpenen ondoren mahai-inguru bat izan zen. Parte hartzaileak honako hauek izan ziren: Román Orús, MULTIVERSEeko fundatzailetako bat eta CSOa eta Ikerbasqueko Ikerketa Irakaslea DIPCn, Nerea Aranguren, IDEKOko Zuzendari Gerentea eta DANOBATGROUPeko Berrikuntza Zuzendaria, Arrate Jaureguibeitia, BAICeko Estrategia eta Koordinazio arloko Arduraduna, eta Pedro Muñoz-Baroja, BERRIUPeko fundatzailetako bat eta EASO VENTURESeko Zuzendari Gerentea.

Román Orús izan zen hitz egiten lehena. MULTIVERSEen JI estrategia partekatu zuen entzuleekin, patenteen bidez garatzen dituzten erabilera kasu guztiak babesten saiatzean oinarritzen dela zehaztuz. MULTIVERSEentzat funtsezkoa da JI hau sortzea eta hirugarrenekin sinatzen dituen akordioetan haren gaineko jabetza bermatzea. 2022an Europako patenteen Espainiako eskatzaileen sailkapena erakutsi zuen, non bosgarren postuan agertzen den, MULTIVERSE baino askoz handiagoak diren erakundeekin ohorezko postuak partekatuz. Pentsa arazi beharko lukeen hausnarketa suntsitzailea egin zuen: uste du kontua ez dela MULTIVERSEek asko patentatzen duela, besteek oso gutxi patentatzen dutela baizik.

2023ko asmatzaile onenaren GALBAHE Sariaren irabazlea Vicinay Marine Innovación-eko Nagore Abrisketa da

Bere aldetik, Nerea Arangurenek DANOBATGROUPek eta IDEKOk IP kudeaketa aktiboa egiten dutela azaldu zuen, eta JIa hasieratik hartzen dela kontuan jorratzen diren proiektu guztietan. Nereak DAS izeneko sistema bati lotutako arrakasta-istorio bat ere aipatu zuen, eta adimen artifizialean oinarritutako erabilera kasuak berrikusi beharra azpimarratu zuen, patentagarritasun posiblea ebaluatzeko.

Arrate Jaureguibeitiak hiru gako zerrendatu zituen adimen artifizialaren alorreko JI estrategiari dagokionez: sortutako JIa behar bezala identifikatu eta babestea, ezartzen den lankidetza bakoitzerako kontratu argiak ezartzea eta aktiboen monetizazioan oinarritutako negozio eredu berriak kontuan hartzea. .

Azkenik, Pedro Muñoz-Barojak baieztatu zuen BERRIUPetik bizkortzen diren eta EASO VENTURESek bultzatzen dituen startup-etatik asko mundu digitalean kokatutako proiektuak direla. Nabarmendu zuen talde ekintzailea dela startup-ak bizkortzeko edo horietan inbertitzeko irizpide nagusia, baina kontuan izanda kasu askotan proiektuarekin lotutako teknologia ere funtsezkoa izango dela, eta kasu horretan JI bidez babestu beharko litzateke.

Mahai-inguruaren ostean, asmatzaile onenari GALBAHE Sariaren irabazlearen izena eman zen ezagutzera. Eguna mahai-inguruan sortutako eztabaidei jarraipena eman zien luntx batekin amaitu zen.

09_IMG_9239_-1-scaled.jpeg

Nagore Abrisketak 2023ko GALBAHE Saria jaso du

Aurreko urteetan bezala, Jabetza Industrial eta Intelektualaren (JI) Nazioarteko Egunaren ospakizuna aprobetxatu zuen Galbaianek GALBAHE Sariaren irabazlearen izena ezagutzera emateko.

2023ko asmatzaile onenaren GALBAHE Sariaren irabazlea Vicinay Marine Innovación-eko Nagore Abrisketa da. Saria ondo merezitakoa da asmatzaile gisa egindako ibilbideagatik, argitaratutako bederatzi patente familiatan agertzen baita asmatzaile izendatua. Hori bai, garaikurra jaso ostean ez ditu bere lankideak ahaztu nahi izan eta Diseinu Arloko lantaldeak asmakuntza berriak garatzeko prozesuan egindako ekarpena jarri du balioan.

Mondragon Goi Eskola Politeknikoak SPRI, Eusko Jaurlaritza, Innobasque eta Enterprise Europe Network-ekin elkarlanean antolatutako Patente Aditua Enpresan kurtsoko lehen edizioan izan zen Nagore. Harrezkero, asmatzeaz gain, bere erakundearen barruan garatu diren asmakuntzen babesa eta patenteekin lotutako beste alderdi batzuk ere zentzuz kudeatzeaz arduratu da. Nagore interlokutore aproposa da JI arloko aholkularitzaz arduratzen garenontzat, patenteen mundua ezagutzen baitu, hizkuntza bera hitz egiten baitugu eta bere lantaldeko kide sentiarazten gaituen hurbiltasun batekin egiten baitu lan. Egindako lan onari esker, Nagore erreferente bihurtu da patenteen arloan, eta orokorrean IP gaietan, Vicinay Taldearen barruan.

GALBAHE sariari buruz

“World IP Day”-ren barruan, GALBAIANek GALBAHE Saria eman dio bere irizpideen arabera saria jasotzeko meritu gehien izan duen asmatzaileari. Horretarako, azken hamabi hilabeteetan gertatutakoa eta saridunaren ibilbidea hartzen ditu kontuan. Sari honen bidez, GALBAIANek balioan jarri nahi ditu gure inguruko asmatzaileak, asko eta oso onak baitira.

Hauek izan dira aurreko urteetako irabazleak:

2016 - Felix Kerejeta (Copreci)

2017 - Eneko Izquierdo (ULMA Packaging)

2018 - Tomás Morlanes (Fagor Automation)

2019 - Manu Colino (ULMA Construcción)

2020 - Ez zen entregatu pandemiaren ondorioz

2021 – Arrate Jaureguibeitia (Biolan)

2022 – Bitor Mendiguren (Ingeteam-eko sortzailea)

Jabetza intelektuala