Juan Mari Palencia: "Gaur egun gure eskaintzen %50 ibilgailu elektrikorako dira"

Sektorea eraldaketa prozesu batean bete-betean sartuta dagoela, bestelako mugikortasun eredu baterantz egiten ari baita, mugikortasun eredu iraunkor, elektriko, partekatu, konektatu eta autonomo baterantz, alegia,…. eta inoiz ez bezalako ziurgabetasun egoeran gaudela, Fagor Ederlanek ilusioz begiratzen dio etorkizunari, eta bere gaitasunetan konfiantza izanda.
Card image cap
Juan Mari Palencia, Fagor Ederlan Groupeko zuzendari nagusia.
2022/02/03

Juan Mari Palencia bigarren etapa bizitzen ari da Fagor Ederlan Groupeko zuzendari gisa, erronka asko esku artean dituela. Batetik, 4.000 pertsonako talde bat eta hainbat jarduera auto elektrikoaren paradigma berrira bideratzea; bestetik, negozioa ziurgabetasun pandemikoko agertoki batean orokorrean kudeatzea; eta planetaren deskarbonizazioa sustatzeko borrokatzen duen industria bat bultzatzea ere bai. Elkarrizketa honetan erronka horiei guztiei buruz hitz egin dugu. 

Hasteko, egin ahal diguzu Fagor Ederlan Groupek 2021ean izan duen bilakaeraren argazki bat?

Ekitaldia ondo hasi zen, 2020a pandemiaren ondorioek markatuta igaro eta gero, baina bigarren hiruhilekotik aurrera merkatuko hiru faktore hauek baldintzatuta egon gara: erdieroalerik egon ez izana, energiaren prezioak gora egin izana eta lehengaiak garestitu izana. Malgutasunez aritzea eta malgutasun hori oso zorrozki betetzea eskatu diguten faktoreak izan dira, eskariaren aldakortasunak eta kostuen igoerek ekarritako ondorioak geldiarazteko. Beraz, urte zaila izan da eta kolektiboaren inplikazioari esker egin diogu aurre.

Funtsezko hiru datu dira inpaktu horiek adierazgarri. Aurreko urtean egin genituen piezen %80 ekoitzi ditugu eta errentagarritasun atalasea gainditzea lortu dugu. Gainera, gure lantegi guztien balantze bateratuan, emaitza positiboak lortu ditugu. Berriro diot, gure pertsonen portaera eredugarriarekin izan da hori, kooperatiba gisa egokitzapenerako erabakiak hartuta.

Sektorea mugikortasunaren kontzeptu berri baterantz egiten ari den trantsizioak ondorioak ditu Fagor Ederlanen. Kirol argotean: Minutukoa eta emaitza?

Denbora daramagu trantsizio horretan eta ibilgailu elektrikoaren beharretan lanean. Road map teknologiko bat dugu, sektoreak aurrean dituen aldaketei erantzuteko aukera gisa identifikatutako osagaiak eta sistemak garatzeko gida gisa. Zentzu horretan, ibilgailuak arintzea funtsezko zerbait da, eta guk soluzio arinak eskaintzeko produktu eta teknologia aurreratuak garatu ditugu: aluminiozko balazta diskoak eta balazta danborrak ibilgailu elektrikoaren balazta funtziorako; egiturazko osagaiak, hala nola aluminiozko azpiframeak (bastidore osagarriak); baita power train elektrikorako osagaiak ere, hala nola motor elektrikoko karkasak eta potentziako elektronikako karkasak, transmisioarekin integrazio maila desberdinekin.

Era berean, beste sistema batzuk esploratzen eta garatzen hasi gara, hala nola balazta danborra eta atzeko ardatz elektrikoa, besteak beste. Eta paraleloan, battery pack-ekin eta hidrogenoaren aplikazioekin lotutako ekimenak abiarazi dira, datozen urteetarako garapen programa osatzeko.

Azken batean, identifikatu dugu zein motatako produktuak erabiliko dituen merkatuak eta horrantz bideratzen ari gara gure ahalegin guztiak, bai berrikuntzaren ikuspuntutik, bai ekoizpen prozesuen ikuspegitik.

Denbora daramagu trantsizio horretan eta ibilgailu elektrikoaren beharretan lanean. Dagoeneko identifikatu dugu zein motatako produktuak erabiliko dituen merkatuak eta horrantz bideratzen ari gara gure ahalegin guztiak, bai berrikuntzaren ikuspuntutik, bai ekoizpen prozesuen ikuspegitik.

Zuen produkziotik ehuneko zenbat bideratzen da gaur egun ibilgailu elektrikora eta nola eboluzionatuko du horrek?

Duela bi urtera arte, %7 edo %10 ere ez ziren iristen produktu mota honetan egiten genituen eskaintzak, teknologia elektriko hutsarekin lotura handiagoa zuten produktuetako eskaintzak, alegia. Gaur egun gure eskaintzen %50 ibilgailu elektrikorako dira.

Era berean, powertrain elektrikoko osagaietarako, Fagor Ederlanek bi aldiz gehiago saldu zuen 2021ean, eta 2022an 10 aldiz gehiago salduko du, proiektu estrategiko berriak sartu direlako, horietako batzuk sektorearen eraldaketa elektrikoan oso garrantzitsuak diren bezeroekin egingo direnak, gainera. Beraz, esan dezakegu powertrainen dugun negozioak aurrera egiten duela erabakitasunez, bere produktuen katalogoaren elektrifikazioan.

I+G saila on fire dago, beraz. Hala da, ezta?

Erabat. Eta helburu desberdinekin. Produktuan eta materialetan berrikuntzak egiteko, etorkizuneko ibilgailurako osagai eta sistema berriak garatzeko eta gure egungo negozioa dibertsifikatzeko. Baina baita prozesuetan berrikuntzak egiteko ere, gure lantegiak eraldatzeko eta etorkizuneko fabrikarantz egiteko, fabrika digitalago, konektatuago eta iraunkorrago izateko.

Orain iraunkortasuna aipatzen ari zarela, zein da Fagor Ederlanek aldagai horrekiko duen konpromisoa, bereziki ingurumen inpaktuei dagokienez?

Ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik ulertuta, beti izan du garrantzi handia. Gure ustez, gure proiektuak aurrera egin dezan ezinbestekoa da gure ingurunea modu iraunkorrean garatzea, eta, beraz, guretzat eskakizuna eta lehentasuna da. Iraunkortasunean edozein aurrerapen eginda, gero eta hurbilago egongo gara gure helburura lortzetik, gure industria jarduera neutrala izateko helburuak ahalik eta epe laburrenean lortzetik, alegia, eta indarra ematen digu modu arduratsuan, seguruan eta iraunkorrean lan egiten jarraitzeko, gure balio kooperatiboen arabera, eta gure ekintzen ingurumen inpaktua minimizatzeko ere bai.

Zentzu horretan, azpimarratu behar da duela gutxi B balorazioa lortu dugula azken CDP txostenean (CDP Score Report), klimaren eta uraren atalean. Balorazioa, gainera, aurretik lortutakoak baino hobea izan da, eta metalgintzaren sektoreko batez bestekoaren gainetik kokatu gara balorazio horrekin.

Gure proiektuak aurrera egin dezan ezinbestekoa da gure ingurunea modu iraunkorrean garatzea, eta, beraz, guretzat eskakizuna eta lehentasuna da.

Zure iritziz, zer indargune ditu Fagor Ederlan Groupek mugikortasun elektrikora trantsizio egiteko erronka horretatik ondo ateratzeko?

Batetik, Edertek dugu, gure zentro teknologikoa, ekoizpen prozesuak, materialak eta osagaien diseinua berritzeko gaitasuna duena. Hemen oso ondo ari da guretzat, eta ideia hori Txinara eta AEBetara eraman nahi dugu.

Bestetik, gure pertsonak, Fagor Ederlan osatzen dugunoi prestatzeko eta trebatzeko eskatuko digun egoera berrira egokitzen jakingo dutenak, egun dituzten ezagutzak eta etorkizunean gure ustez beharko dituztenen arteko gapa edo arrakala txikiagoa izan dadin, baita profil berriekin sartuko diren pertsonak ere, batez ere digitalizazioaren, datuen, materialen eta abarren arloetan profil berriak izango dituztenak.

Eta, azkenik, hirugarrenekiko lankidetza, Korporazioaren eskutik, beste proiektu batzuetan lan egiteko, hala nola battery pack-ak eta ardatz elektrikoak garatzeko.

Azken batean, enpleguari eustea da epe luzera begira dugun helburua, estrategia gisa duen ingurunearekiko konpromisoarekin koherente izanda. 

Edertek, gure zentro teknologikoa, ekoizpen prozesuak, materialak eta osagaien diseinua berritzeko gaitasuna du. Hemen oso ondo ari da guretzat, eta ideia hori Txinara eta AEBetara eraman nahi dugu.

Energiaren kostuaren igoera

Hitz egin dezagun zehazki energiaren kostuaren igoeraz. Nola eragiten dio zuen negozioari?

Gure jarduerak, batez ere galdaketak, elektrizitate asko kontsumitzen du eta, beraz, elektrizitatearen prezioak gora egiten duenean, igoera edozein dela ere, eragin handia du gure emaitzetan.

Inpaktu hori zenbaterainokoa den ikus dezagun, elektrizitatearen batez besteko kostuak hain igoera handia izan du, ze gure gastuen %6 izatetik %10 izatera igaro baita 2021ean. Abenduan, esaterako, gure gastuen %20 izatera ere iritsi zen, eta horrek eragin oso garrantzitsua du gure galdategien lehiakortasunean.

Eta 2022ari begira, nola egingo diozue aurre igoera horri?

Bai, funtsezko alderdia da gure negoziorako. Eta gure ikuspegitik, bi modutan bakarrik kudeatu dezakegu hori: egun energia hornidurarako ditugun kontratuak hobetzen saiatuz eta energia sorkuntzako proiektuetan inbertituz (parke eolikoak edo fotovoltaikoak hirugarrenekin). Gure asmoa da prezioen egonkortasun handiagoa lortzea eta deskarbonizazio eskakizunak eta helburuak betetzea.  

Energiaren kostuaren igoerak eragin oso garrantzitsua du gure galdategien lehiakortasunean. Nola kudeatu? Egun energia hornidurarako ditugun kontratuak hobetzen saiatuz eta energia sorkuntzako proiektuetan inbertituz.

 

Automozio osagaiak