Izar Elustondo: "Mundukidek Brasilgo errealitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera eman dit"

Enpresa Administrazio eta Zuzendaritza Graduko laugarren maila egin du Izar Elustondo arrasatearrak. Mondragon Unibertsitatean ikasketak hasiaz bat iritsi zen Mundukidera, aldi berean ikasi eta lan egiteko aukera baliatuz. Apirilean gradu amaierako proiektua egiteko Brasilgo Paraná estatura abiatu zen Mundukideko programa ezagutu eta bere ekarpena egiteko asmoz.
Card image cap
2018/08/29

Ikasketak eta lana partekatu dituzu. Nolakoa izan da esperientzia?

Hasieran gogorra egin zitzaidan. Izan ere, unibertsitateko eginkizunak asteroko lan orduekin bateratzea zaila da. Baina urteak aurrera joan ahala nire ordutegiak hobeto antolatzen ikasi dut. Nahiz eta batzuetan lan-karga handia izan, oso aukera ona izan da klasean teorikoki ikusitakoa, Mundukiden praktikan jartzea.

2018-05 CuritivaIzar Elustondo ADE

Zergatik aukeratu zenuen Mundukide? Ezagutzen zenuen erakundea?

Mundukide izena ez zitzaidan arrotza egiten, baina ez nekien zehazki zein zen erakundeak egiten zuen lana. Mundukideri buruz informatu ondoren oso proiektu interesgarria iruditu zitzaidan. Normalean GADE bezalako graduetan praktikak egiteko aukera dagoenean, betiko enpresa handietan pentsatzen dugu. Horregatik Mundukiderekin lan egiteko aukerak erakarri ninduen, gure ikasketak beste ikuspegi batetik garatzeko aukera ematen baitzuen.

Gradu Amaierako Proiektua ere garatu duzu. Zein izan da jorratu duzun gaia?

Mundukide eta Brasildo MST (Movimiento Sin Tierra) elkarlanean ari dira, bertako kooperatibetan 'propioa' izango den kudeaketa eredu bat lantzen. Brasilgo kooperatiba horiek badute izaera berezi bat, mugimendu sozialetik sortutako enpresak direlako eta herrialdearen tamainaren ondorioz, kooperatibak geografikoki oso urrun daude, eta horren ondorioz bakoitza bere bidetik joaten da.

Hala, helburu bikoitz honekin sortzen da kudeaketa eredu komuna sortzeko proposamena: eredu sozialago bat sortu eta kooperatiben arteko interkooperazioa edo elkarlana bultzatu. Ereduaren barnean lantzen den arloetako bat ekonomiko-finantzarioa da, inportantea izaten dena. Beraz nire egitekoa, kooperatiben egoera ekonomikoaren lehen azterketa egitea da, proiektu bideragarria sustatuz eta sistematizatuz.  

Bertatik-bertara esperientzia bizitzeko aukera ere izan duzu, ezta?

Mundukidek Brasilera bidaiatzeko aukera eman dit eta oso eskertuta nago. Sekulako esperientzia izan da. Beste esperientzia bat bizitzeko aukera eman baitidate. Orain arte Arrasateko bulegotik bizi izan dut Mundukideren lana eta Brasilera bidaiatu ahal izatea bertan jorratzen den lana bertatik bertara bizitzeko aukera oso ona da. 

Garapen lankidetza alorrean aritu izanak ze ekarpen egin dizu pertsonalki?

Hegoaldeko herrien arazoak gertutik sentitzeko aukera eman dit Mundukidek. Azken urte hauetan, nire egunerokotasunean presente egon da fundazioak herrialde desberdinetan aurrera eraman dituen proiektuen garapena. Proiektu horien parte izateak ekarpen handiak egin dizkit, horien artean nire lanak helburu “on” bat eduki dezala erakutsi dit. Nire lanarekin beste pertsona batzuei laguntzen ari naizela pentsatzeak pertsonalki asko asebetetzen nau. 

Hegoaldeko herrien arazoak gertutik sentitzeko aukera eman dit Mundukidek

Nolakoa izan da zure lan egun bat Brasilen? 

Brasilera bidaiatzearen helburua MSTko kooperatiben funtzionamendua eta beraien beharrak lehenengo pertsonan ezagutzea izan da. Ondorioz nire bertako egonaldiaren zati bat kooperatiba horietan garatu dut. Bisita horietan gestio ekonomikoaz arduratzen diren pertsonekin elkartu izan naiz.

Nire egunerokotasunean Mundukideko parte diren bi boluntariorekin bizi izan naiz Curitiban (Paraná estatuko hiriburua), baina bisitatu ditudan kooperatiba gehienak bertatik kanpo daude, beraz askotan beste leku batzuetara bidaiatu beharra izan dut.

Bisita horiek egin behar ez nituenean, berriz, Paraná estatuko CCAn (Central de Cooperativas de la Reforma Agraria) aritu naiz lanean. Bertan MSTko sektore desberdinetako pertsonek egiten dute lan, baita Mundukideren boluntario diren Begoña eta Imanolek ere. Beraz, nire egunerokotasunean Mundukiderentzat sortu behar dudan gida garatzen nuen Curitiban kokatuta dagoen CCAn.

MST ezagutu duzunean zer iruditu zaizu deigarriena? zer azpimarratuko zenuke?

Brasilera iritsi eta berehala MSTren parte diren bi kooperatiba bisitatzeko aukera izan nuen. Bertan kooperatibako zuzendaritzan dagoen camponês (nekazari) baten etxean pasatu genuen gaua eta beraien bizimodua ezagutzeko aukera izan nuen.

Gure bizimoduarekin alderaturik haiena oso xumea da eta gauza gutxiagorekin ere ondo bizi daitekela erakutsi didate. Pertsona hauek egoera gogorrak jasan behar izan dituzte beraien lurrak bereganatzeko. Hala ere garbi daukate hau dela beraien lehia eta borroka horrekin jarraituko dutela, gizarte justuago bat lortzeko helburuarekin.

Azken urteotan MTSk eginiko lana itzela da. Lur asko berreskuratu dituzte nekazarientzat

Brasileko errealitateak ez dauka zerikusirik Euskal Herriko errealitatearekin. Brasilen aberastasunaren banaketa oso desorekatua da. Gutxi batzuen esku dago bertako aberastasun gehiena eta pertsona ugari bizi dira txirotasunean. Berdina gertatzen da Brasileko lurrekin, gutxi batzuen esku baitaude partzela gehienak. Horri aurre egiteko sortu zen MST mugimendua, eta gaur arte lur ugari bereganatzea lortu du.