Irakurriena
- 1. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 2. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 3. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
- 4. Pello Rodriguez lehendakariarekin batzartu da Lehendakaritzan
- 5. MONDRAGONek Finantza Foroa egin du
- 6. Matricik likidazio-fasea irekitzeko eskatu du
- 7. “Ilusioz beteta nago, MONDRAGON proiektu liluragarria da”
- 8. MONDRAGONen 2025-2028 Politika Sozioenpresariala aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken alean
- 9. Zorionak mende erdiko bideagatik!
- 10. “Trumpen garaipen batek eta haren atzerakada protekzionistak, Europari eragingo liokete”
Iritsi da Euskaraldia!
MONDRAGONek bat egin du Euskaraldiarekin eta horrela zuzendu zitzaien Javier Goienetxea Batzorde Iraunkorreko lehendakaria kooperatibetako lehendakariei igorritako mezuan: Euskaraldiarekin bat egitera gonbidatu nahi zaitugu: kooperatiba bakoitzak, bere ahalmen edo aukeren arabera, lantegian “11 egun euskaraz” gauzatzeko neurriak bideratzea eta lankideak parte-hartzera animatzea.”
Euskaraldian parte hartu ahal izateko euskaraz ulertzeko gaitasuna izan behar du eledunak. Hortik aurrera, gogoa eta ilusioa baino ez da behar bakoitzak aukeratzen duen rola adierazteko eta betetzeko. Bi rol daude: Ahobizi eta Belarrriprest. Ahobizik euskaraz ulertzen duen orori egingo dio, nahiz eta, agian, hark erdaraz erantzun. Eta, jakina, ezezagunei lehen hitza behintzat euskaraz egingo dio. Belarriprestek, ostera, berarengana euskaraz jotzea bultzatuko du. “Egidazu euskaraz; agian, erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut”: horixe da Belarripresti adieraztea dagokiona. Rol bakoitzak bere ikurra izango du eta garrantzitsua izango da 11 egun horietan aldean eramatea, lagungarria izango baita elkarrizketak euskaraz garatzeko. Horrela, ahobiziek euren artean euskara hutsean beharko lukete beti; aldiz, ahobizi eta belarripresten artean edo belarripresten artean elkarrizketak suerta daitezke euskara hutsean edo ele bietan (ahobiziak euskaraz eta belarriprestak erdaraz).
Euskaraldirako girotze aldera edo entrenamendu gisa martxan dira “aurreuskaraldiak” Korporazioko zenbait kooperatibatan. Jarraian azaltzen dira horietako batzuk:
Osartenenen Ahobizi eta Belarriprest rolak abian izan ziren martxoaren 5etik 23ra. Kooperatibako 40 kidetatik 32k hartu zuten parte: 26 Ahobizi eta 6 Belarriprest. Hobetu beharrekoez ohartarazteko baliagarria suertatu zen, baina batez ere egoera errealaz jabetzeko: lankide batzuk uste genuena baino gehiago dakite eta dinamika amaituta ere euskaraz jarraitu dugu.
Auzo Lagunen maiatzaren 15etik 17era “Euskaraldia egosten” egitasmoa antolatu zen: 55 ahobizi eta 23 belarriprest. Zenbaitetan ahobizi batzuk erdaraz aritu izan baziren ere, emaitza eta sentsazio positiboak gailendu ziren, baita itxaropenerako deiak ere: Ikasten jarraitzeko bultzada handia, aukera ona ohiturak aldatzeko eta euskara batua lantzeko, lankide gehiagori euskaraz egiteko baliagarria, ohiturak aldatzeko lagungarria, errepikatu beharreko esperientzia, euskaraz uste duguna baino gehiagotan egin dezakagula ohartzeko aberasgarria, babestuta sentitzeko eta motibatzeko lagungarria, ideia ona, poztekoa kooperatibak horrelako ekintzak egitea.
Mondragon Zentro Korporatiboan bilera informatiboan Euskaraldiaren berri eman ondoren, “Hiru egun euskaraz” egitasmoa garatu zen uztailaren 17tik 19ra: 34 ahobizi eta 12 belarriprest. Gustura, gehiagotan egin beharra, ohikoa, erosoa, zaila… denetariko sentsazioak; denak Euskaraldian parte hartzeko prest.
Ulma Taldeko Motibazio taldeak (negozio guztietako ordezkariekin) Euskaraldirako eragileak saretzeari garrantzia eman dio eta zenbait formazio saio garatu ditu: guztira 56 lagunek hartu dute parte. Era berean, udazkenerako rol bakoitzari egokitutako prestakuntzak ere eskainiko zaizkie negozio guztiei. Izen-ematerako bideoa ere sortu da Talde osoaren parte hartzearekin.
Fagor Taldeak Euskaraldiaren alde adierazpen bat sinatu du eta sentsibilizazio bideo bat argitaratu. Kooperatiba bakoitzean “Hamaikako” bana egituratu da eta hamaikakokide bakoitzaren ardura izango da, besteak beste, Euskaraldiko dagokion egunean mezu bat igortzea lankideei. Ahobizi eta belarriprest roletarako prestakuntza saioak ere aurreikusi ditu Fagor Taldeak.
DANOBATGROUPeko kooperatibetan, berriz, Euskaraldirako prestatzeko astebeteko ekimena egin zuten urriaren 1etik 5era bitartean. Lanean Ahobizi eta Belarriprest rolak jokatu zituzten bost egunez eta horretarako komunikazio kanpaina polita antolatu dute. Era berean, eragileak prestatzeko bi formazio saio egin dituzte, eta 50 lagunetik gora izan dira saioetan parte hartu dutenak.
IKERLANek ere egin du jada bere Euskaraldi propioa. Barne ariketa azaroaren 13tik 22ra egin zuten, atzora arte alegia, organizazio barruan Ahobizi eta Belarriprest rolak banatuz. Era berean, kontzientziazio bideo bat, hamaikakoa eta beste zenbait ekimen ere burutu dituzte ikerketa zentroko langileek.