Irakurriena
- 1. MONDRAGONeko Pertsonen Foroa egin zen ostiralean, Kursaalen
- 2. LagunArok 2024 ona itxi du eta sendotasunez begiratzen die etorkizuneko erronkei
- 3. Fagor Arrasatek altzairua mozteko lineak hornitu dizkio Mexikoko Termium handiari
- 4. LagunAroren etorkizuneko erronkak aztergai, TU Lankide aldizkariaren azken zenbakian
- 5. Danobatgroupek fakturazio marka hautsi du berriro 2024an, 344 M€ fakturatuta
- 6. Emakume kooperatibisten lidergoaren aitortza, M8an
Proiektu berritzaile eta sortzaileak aurkezteko eguna, aurten iraunkortasunetik

Egun osoan zehar PBL Dayren edizio berri bat ospatu da Hernanin, Orona Ideon Mondragon Unibertsitateak duen egoitzan. Dagoeneko bosgarren edizioa da, 2016an martxan jarri zenetik (2020an eta 2021ean ez zen egin pandemiaren ondorioz). PBL Day, Mondragon Unibertsitateak antolatutako ekitaldia, unibertsitate giroko ekimen berritzaileenetakoa da, eta sekulako jarraipena du: 25 ingeniaritza-proiektu, 800 bisitari, sormen- eta motibazio-txostenak, talde lanaren aldarrikapena, enpresen babesletza eta sari ezberdinak zenbatuta, 1.500 euroko sariak.
PBL Day, Mondragon Unibertsitateak antolatutako ekitaldia, unibertsitate giroko ekimen berritzaileenetakoa da, eta sekulako jarraipena du
STEAM zigilua duen ekimena
PBL Day jardunaldiari STEAM Euskadi zigilua aitortu dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan, Euskadin STEAM hezkuntzaren estrategia sustatzeagatik. 2022ko edizioan, gaia oso sugerentea izan da eta gaurkotasun handikoa: iraunkortasuna. Eta lehen saria, Orona Groupek babestutako proiektu onenarena, Industria Ingeniaritza Elektronikoko Graduko hirugarren mailako ikasleei egokitu zaie, gurpildun aulki elektriko berritzaile baten garapenagatik.
Jon Kareaga, 23 urteko gaztea, ingurumen aktibista eta BASK moda marka iraunkorraren sortzaileetako bat izan da gaurko jardunaldian.
Jai- eta sormen-eguna
PBL Day egunean sormena alde guztietan arnasten da, baita jai giroa ere, eta giro bikain horretan Mondragon Unibertsitateko ingeniaritzako bederatzi graduetako ikasleek euren proiektuak erakusten dituzte. Erakusketaren helburua ikasleen lana aitortzea eta, aldi berean, Mondragon Unibertsitatearen eredua ere ezagutzera emateko, ikaskuntza praktikoaren metodologia ikusarazteko.
Jardunaldian zehar, unibertsitateko irakasleek eta hainbat enpresatako adituek osatutako epaimahaiak proiektu irabazlea aukeratu dute. Era berean, bertaratutako ikasleek proiekturik erakargarrienak baloratu dituzte.