Iraunkortasuna, lehiakortasunaren oinarri

1.600 pertsonako proiektu sozioekonomiko erraldoia da BATZ. 256 milioi euroko salmentak ditu (azken urteko datua) eta lantokiak Euskal Herrian, Txekian, Mexikon eta Txinan. Testuinguru gero eta konplexuagoan, erabat iraulita dagoen automozioaren sektorean; estrategia, lehiakortasuna, merkatu ezagutza, bezero eta hornitzaileen kudeaketa egokia bilakatzen dira etorkizuneko gako. Eta horien artean, aterki gisa, iraunkortasunak edo eta Garapen Iraunkorreko Helburuek (ODS gaztelaniaz) sekulako garrantzia dute.
Card image cap
2020/12/22

Gaztelaniazko Propósito hitzak euskaraz baditu gutxienez hiru esanahi: helburua, asmoa edo xedea esan nahi du. Enpresaren zergati eta zertarakoekin dago lotua, epe luzera begira enpresari zentzua ematen diona. Erakunde batek izan nahi duena. Laster 60 urte beteko ditu BATZ Taldeak eta une honetan bidegurutze horretan aurkitzen da. Berriro definitzen bere helburu edo asmo handia. Izan nahi du “mundu hobe bat sustatzen lagunduko duen erakundea” eta bide horretan, ezinbestean, iraunkortasunaren aterkia izango du lagun.

Hala, 2021-2024 epe estrategikoan erakunde iraunkorraren estrategia garatuko dute, bost ardatz nagusitan. Jatsu Intxaurbe Iriondo BATZeko Berrikuntza arloko zuzendaria da. Hark azaldu dizkigu Garapen Iraunkorreko Helburuen harira, BATZ garatzen ari den estrategia, beti ere zuzendaritza nagusiaren sustapen eta babesetik, eta enpresa lehiakorrago bat bideratzeko helburuarekin.

Bost ardatzetako lehena, pertsonen arloa da. Eremu horretan BATZek ekintza konkretuak bideratuko ditu, besteak beste; lidertza, garapena eta talentuaren sustapenean. Baina baita materialen erabilera murritzagoa egiteko edo eta digitalizazioan hobekuntza bideratzeko. Jatsuren esanetan, “pertsonok eman behar dugu jauzi bat. Hobeak izan behar dugu. Gure artean lankidetza sustatu behar dugu. Digitalizazioari keinua egin behar diogu”. Bigarren ardatza, balio proposamena da, alegia, merkaturatzen dituzten produktuak. Arlo horretan ekintza kontinuistak eta ekintza berriak planteatu ditu BATZek, baina asmoa da ‘zigilu berdeak’ lortzea. Besteak beste datozen lau urteotan, “material birziklatuen erabilera sustatuko dugu”.

Batz Taldeak izan nahi du “mundu hobe bat sustatzen lagunduko duen erakundea” eta bide horretan, ezinbestean, iraunkortasunaren aterkia izango du lagun.

Hirugarren ardatza barne prozesuak dira, lantokietan bideratzen direnak. “Lehiakortasuna lantokietan dago, 4.0 inguruan, estandarizazioa abiadura puntua delarik. Hala, kontsumo energetikoa eta hondakinak murriztu nahi ditugu. Neurtu behar dugu efizientzia kontsumoaren baitan, eta horrek emango digu hobekuntza eta lehiakortasun handiagoa”, dio Jatsuk.

Jatsu.JPG

Jatsu Intxaurbe Iriondo BATZeko Berrikuntza arloko zuzendaria.

Laugarren ardatzak zerikusia du harremanekin, bezero zein hornitzaile eta agente kolaboratzaileekin. “BATZek ekosistema anitzen nodoa izan nahi du, bilgune edo bateragune. Harro egon nahi dugu egiten dugunarekin baina harrokeriarik gabe” .

Eta bosgarren ardatza da hazkunde adimentsua arlo ekonomikoari begira jartzea. Alegia, gobernantzatik ratio koherenteak sustatzea. “Inbertsioak egin behar dira iraunkortasunari begira”. Hori guztia, bost ardatz edo arloak, ez dira nolanahikoak. 2024 urterako arlo horietan aurrerapauso nabarmenak ematen badituzte, 2030ra begira taldea sendoagoa bilakatzea da helburua.

Interes-taldeen artean elkarrizketak

Bost ardatz horien definizioa eta estrategian txertatzea, ordea, aurre-lan mardularen ondorioa da. BATZek orain urte batzuk hartutako erabakien emaitza. Iraunkortasunaren inguruan bazen sentsibilitate berezi bat, eta akzioak ere bideratzen ziren, baina era ‘ez estrukturatuan’. Hori guztia 2017an hasi zen iraultzen. VOLVO etxeak 2017an emandako sari bat hartu ezin izanak begiak ireki zieten (VOLVOk iraunkortasun zigilua exigitzen zien irabazleei eta izan ezean saririk ez).

Era berean, garai hartan argitaratu zuten lehenengo ‘iraunkortasun txostena’ eta jarraian iritsi ziren beste eskaera batzuk (2018an Estado de Informe No Financiero) betetzeko zailtasunak, iraunkortasunaren arloan beti ere, eta handik aurre argi ikusi zuten ‘akziora’ pasatu beharra zutela.

batz-102.jpg

Lehiakortasuna helburu nagusian txertatuta, balazta bi izango dituzte lanerako: iraunkortasuna eta digitalizazioa.

“Interes-taldeei elkarrizketak egin genizkien: MONDRAGONeko ordezkariei, hornitzaileei, bezeroei, SPRIko ordezkariei, zentro teknologiko eta unibertsitateei. Guztira 25 erakunde elkarrizketatu genituen eta langile guztiei ere inkesta telematiko bat egin genien, misio, bisio eta balioen arloan. Guztira 400 erantzun jaso genituen, sekulako marka”, hortik aurrera eta Korporazioaren estrategiarekin erabat lerrotuta (MONDRAGON korporazioaren proiektu sozio-enpresarialaren bigarren helburua da iraunkortasuna) etengabeko pausuak ematen dihardute BATZen. “ODSak edo Garapen Iraunkorreko Helburuak tresna metrika moduan erabiliko ditugu, neurgailuak izango dira. GRIak (Global Reporting Initiative, dimentsio ez finantzarioak neurtzeko estandarrak..). 17 helburuetatik ekintza konkretuak ezarriko dira”.

Lehiakortasuna helburu nagusian txertatuta, balazta bi izango dituzte lanerako: iraunkortasuna eta digitalizazioa. Eta arlo askotan ekingo diote, besteak beste; ingurumenean, gizartean, emaitza ekonomikoetan, talentuan, pertsonetan, gobernantza etikoan, hazkuntza adimentsuan... “2024ra arteko estrategian, osotasunean, lehiakortasunaren barne sartzen dugu guztia”.

Automoziorako moduluak eta sistemak