Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Iñigo Urkullu Lehendakariak EROSKIren produktu freskoen plataforma berria bisitatu du
EROSKIk instituzioei ireki dizkie ateak gaur goizean produktu freskoen Jundizko banaketa plataforma berria erakusteko. 27.400 metro karratu baino gehiago ditu, Jundizko industrialdean, Gasteizen, eta horietatik 17.600 metro karratu hozkailuen eremuari eskaintzen zaio. Hogeita hamar atrakelu ditu ibilgailu astunetarako, eta 400 tona produktu fresko kudeatzeko aukera eskaintzen du. Instalazio berrietan 20 milioi euro inbertitu ditu Eroskik, eta 150 lagun inguru ari dira lanean .
Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak; Ramiro Gonzalez, Arabako ahaldun nagusiak; eta Gorka Urtaran, Gasteizko alkateak inauguratu dute instalazio logistiko berria. Bertatik, Euskal Autonomia Erkidegoko 300 denda baino gehiago hornituko ditu Eroskik, produktu freskoekin. Horrez gain, gaurko ekitaldian izan dira: Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasun sailburua, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua, Eduardo Aguinaco Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Saileko diputatua eta Maider Etxebarria Gasteizko alkateorde eta Ekonomiaren Garapena, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi ordezkaria.
EROSKIko lehendakari Agustin Markaidek esan du Jundizko banaketa plataforma berria "modernoa, eraginkorra eta iraunkorra" dela eta hauxe nabarmendu du azpiegitura berri horretaz: "EROSKIk plataforma sare garrantzitsu eta eraginkor bat osatu du Galiziatik Balearretara, eta balio du ekoizpena salmentarekin uztartzeko; alde horretatik, prozesu logistiko eta kudeaketa eta informazio sistema sofistikatuak darabiltza, datu eta teknologiek garrantzi handia hartzen dutelarik".
Azpiegituren garrantzi logistikoa agerian gelditu da 2020ko pandemiarekin eta Filomena ekaitzarekin, balio katea tentsionatu baitute.
Gainera, "lehiakortasun akuilu bat dira ekoizle txikiarentzat, bestaldera eskura ez lituzketen merkatuen sarbidea errazten baitie". EROSKIk nekazaritzako elikagaien 2.400 ekoizle txikirekin baino gehiagorekin lan egiten du, tokiko produktuari laguntzeko politikaren barnean, eta azken urtean %13 igo da haiei erositakoa, 995 milioi eurotaraino.
Hitza hartu duenean, EROSKIko lehendakariak azpimarratu du azpiegitura logistiko horiek nolako garrantzia duten tokiko produktu freskoaren estrategia antolatzeko orduan; izan ere, "kontsumitzaile eta langile kooperatiba garen aldetik, gure misioa eta borondate estrategikoa zera da, kontsumitzaileen elikadura hobetzea eta kontsumo hori iraunkorragoa izan dadin lortzea. Bide horretan, berehala aurkitzen gara produktu freskoekin, elikagaien piramidean oinarrizko osagai nagusiak direnak, batez ere tokian tokikoak, kontsumo lekutik hurbilekoak. Ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen iraunkortasunari zentzurik handiena ematen diotenak".
Tokiko produktu freskoa erdiguneko elementua da gizartea egiten ari den elikadura trantsizioan, "EROSKIk eragile aktiboa izan behar du eta hala izan nahi du elikadura trantsizio horretan erantzunak emateko orduan. Trantsizio horrek, gaur, erantzun baino galdera gehiago ditu, eta horren alde egin nahi du, esaterako, plataformaren bidez, zeinak balio kataren iraunkortasuna hobetzeko modua ematen baitu ingurumenaren eta ekonomiaren aldetik, lehen sektorea integratuta eta hura motor gisa hartuta". Iaz, EROSKIk tokiko produktuen 2.000 erreferentzia inguru gaineratu zituen, horietatik %50 baino gehiago produktu freskoak.
"Ziklo bat amaitu dugu eta beste bat hasi"
Agustín Markaidek gogorarazi du taldea gauza izan dela "oso modu eraginkorrean gure bezeroen beharrei erantzuteko, bazkideen, langileen eta hornitzaileen lanari esker" eta, gainera, "elkartasuna erakutsiz eta gure dendak eskainiz gure hornitzaile ez ziren ekoizleei. Baita eragin askotarikoak jasan dituzten herritar eta kolektibo zaurgarriei ere, elikagaiak emanez, maskarak, baliabide ekonomikoak, zerbitzu segurua, kanal eta ordutegi babestuak... Harro gaude hala egin izanaz, baina jakinda aurrean genituen beharrak gure gaitasuna baino handiagoak zirela". 2020an, EROSKIk, 12 milioi euro bideratu zituen gizarte ekintzako proiektuetara, eta nabarmentzekoa da milioi bat maskara eman zituela dohaintzan eta 6,5 milioi otordu kolektibo kaltetuenei.
Era berean, Markaidek gogorarazi nahi izan du taldeak %9 inguruko salmenta hazkundearekin amaitu zuela 2020a elikagaiei dagokienez, eta iparraldean (Galiziatik Balearretara) %13tik gora igo duela merkatu kuota.
Alde horretatik, Markaidek taldearen gaur egungo egoera baloratu nahi izan du, EP Corporate Group Katalunian eta Balearretan bazkide paritario gisa elkartu den honetan, eta agertoki berria azpimarratu du. "Garrantzi handiko pausoa eman dugu, eta orain gure negozioak indartu egingo dira perimetro horietan, ekintzarako potentzia handiagoa izango baitute eta gure zorra normaltasun maila batera murriztuko delako. Hori da ibilbide luze baten azken pausoa. Honekin, ziklo bat amaitu dugu. Eta beste bat hasi. Ziklo berri honetan, gaitasun handiagoa eta hobea izango dugu enpresa kooperatibo gisa gure konpromisoa egia bihurtzeko". EROSKIk 2.000 milioi euro inguru murriztu du bere zorra hamar urte honetan.
EROSKIren sare logistikoa
EROSKIk freskoen plataformak berritzeko proiektu globalago baten barruan sartzen du Jundizko produktu freskoen plataforma berria, "balio katean eraginkortasun hobekuntza handia dakar plataforma eta garraio sare doitu eta lehiakorren bitartez eta gure lehiakortasuna bultzatzeko soluzio aurreratuekin". Lan baldintzak eta plataformen eraginkortasuna hobetzeko, EROSKIk automatizatu egin ditu Elorrioko, Sigueiroko (Coruña) eta Abrerako (Bartzelona) instalazioak, baita fruta eta berdura eskaerak prestatzeko prozesuak ere Madril, Zaragoza eta Mallorcan.
Taldearen 1.300 saltoki baino gehiagori estaldura eta zerbitzua emateko, EROSKIk 23 plataforma propio ditu bere sare logistikoan. 360.000 metro karratu baino gehiagoko biltegietatik, egunero milioi bat kutxa banatzen dira.
Instalazio ekoeraginkorrak eta jasangarriak
Produktu galkorrentzako logistika modernizatzeaz gain, ingurumena gehiago errespetatzen duten instalazioak dira honako hauek, hozkailu eraginkorragoen bidezko teknologia eguneratua eta plataforman lan egiten duen giza taldearen laneko erosotasuna eta segurtasuna areagotzen dutenak, hain zuzen. Instalazio berriak diseinatzeko orduan, aintzat hartu dira LEED GOLD nazioarteko ingurumen ziurtagiri ospetsuaren arauak eta baldintzak, eta, horiek betetzea lortuz gero, ziurtatuko da ekoeraginkortasun eta iraunkortasun estandar zorrotzak bete direla.