Iñaki Etxezarreta izango da irailetik aurrera Arizmendi Ikastolako kudeatzaile orokorra

Iñaki Etxezarreta urretxuarra izango da Arizmendi Ikastolaren zuzendari orokor berria. Irailaren 1ean hartuko du kargua ofizialki, baina dagoeneko lanean dihardu zuzendaritza taldea osatzen. Etxezarreta 19 urterekin hasi zen Urretxuko ikastolan lanean, ondoren ikastolako zuzendaria izan zen eta 32 urterekin Gipuzkoako Ikastolen Federaziora egin zuen jauzia. Federazioan hezkuntza zerbitzuen antolaketan aritu da eta baita, erakundearen ordezkari gisa Eusko Jaurlaritzarekin izandako normakuntza juridikoen negoziaketetan. Gaur egun, EKI izeneko proiektuan zebilen buru belarri, ELKAR argitaletxearekin batera euskal kurrikulumeko material didaktikoa ekoizten.
Card image cap
Iñaki Etxezarreta (Arizmendi Ikastolako kudeatzaile orokorraren kargua hartuko duena), Andoni Mujika (Arizmendi Ikastolako lehendakaria) eta Txaro Iraeta (Arizmendi ikastolako kudeatzaile orokorra).
2013/05/21

Iñaki Etxezarreta, Andoni Mujika eta Txaro Iraeta medioen aurrera agertu dira gaur, lehenaren izendapenaren berri ematera, eta bide batez, "hamar urtez Arizmendi Ikastolaren zuzendaritza taldean izan direnen profesionaltasuna eta konpromisoa onartzera". Hain justu ere, Etxezarretaren aurkezpen ofizialean Arizmendiko lehendakariak txalotu eta aitortu nahi izan du, orain arte, "proiektuari sekulako errespetua eta konpromisoa erakutsiz, ikastolaren errektore kontseiluaren erabakiekin erabat lerrotuta eta kalitatez urte askotan lan egin duten zuzendaritzako kideen lana".

Erreleboa, irailean

Gaurkoan aurkezpen ofiziala egin bada ere, Iñaki Etxezarretak irailaren 1ean hartuko du kargua. Tartean, gaur arte zuzendaritzan daudenek egingo dute aurrera eta "erreleboa ahalik eta ordenatuena izango da" adierazi dute bertaratutakoek. "Ziklo berri bati ekingo diogu, erronka berriekin, baina orain arteko lanean oinarrituta", esan du lehendakariak.

Arizmendi-zuzendari berria1

Ildo estrategikoen harira, etorkizunera begira lau aipatu ditu Mujikak: "Identitatea oso garrantzitsua da. Ikastola eta kooperatiba integrala gara, gizarte ekimenetik datorrena eta arlo horretan sakontzen jarraitu behar dugu. Eraldaketa pedagokikoa ere oso inportantea izango da, dagoeneko abian dena eta sendotu beharko duguna. Kudeaketa ere inportantea izango da, pertsona, eraikin, zerbitzu, hezkuntza integralaren... kudeaketa hain zuzen ere". Ildo estrategikoen artean, hezkuntza proiektu integrala ere aipatu du presidenteak.

Txaro Iraeta, hamar urteko ibilbidea

2003an iritsi zen Txaro Iraeta Arizmendi Ikastolaren zuzendaritzara, eta ordutik proiektuaren buru izan da, zuzendaritza taldearen liderra. Gaurko ekitaldian, hamar urteko ibilbidean izandako mugarriak aipatu ditu, eta gustura agertu da egindako lanarekin. "Gaur, Arizmendi Ikastola kooperatibak bere identitatea definituta dauka eta bere horretan urratsak ematen ari da. Ikastola eta kooperatiba izaeran bere ardatzak izango zituen erakundea eraikitzea izan da gure lehentasuna eta hori lortu dugula esan dezakegu. Askoren laguntzaz hezkuntza proiektu berritzailea eraiki dugu, eraldatzailea, oraindik asko egitea eskatzen duena, bukagabea dena definizioz", adierazi du kudeatzaile orokorrak.

Bidea zaila izan dela gaineratu du, "gure kooperatiba handia da. Asko gara eta, hori horrela, ez da samurra danok ados egotea. Hain zuzen, badago Arizmendi Ikastolak hartutako bidearekin ados ez dagoen kolektiboaren zati bat. Horrek ez du bidea erraztu, zaildu baizik eta, gutxiengoa bada ere, entengabe kontran jokatzeko moduak eragin zuen duela hilabete batzuk zuzendaritza uzteko hartu genuen erabakian".

Iñaki Etxezarreta, etorkizunaz

Bukatzeko, Iñaki Etxezarreta etorkizunaz aritu da. Honako hau da, osotasunean, Iñakik gaurko ekitaldian esandakoa: "Prentsaurreko honetan zaudeten kazetari eta gainerako partaideontzat oso ezagunak zaizkizue Txaro Iraeta eta Andoni Mujika, Arizmendi ikastolaren kudeatzaile orokorra eta lehendakaria hurrenez hurren. Ni, ordea, nahikoa, erabat ez esateagatik, ezezagun natzaizue. J. Iñaki Etxezarreta naiz, datorren ikasturtean Txaroren erreleboa hartuko duena, aurtengo irailaren 1etik aurrerantzean, hain zuzen ere. Seguru asko, honez gero zenbait datu jasota izango dituzu eta jakin badakizue ikastolen mugimenduan nire ibilbide profesionala egin dudala. Beraz, ez zait arrotza egiten ikastola baten kudeaketa orokorrean aritzea. Baina, Arizmendi ez da nolanahiko ikastola.

Batetik, Euskal Herriko ikastolarik handiena da, zenbakiek halaxe adierazten dutelako: ikasle gehien duena, 3.000 inguru; profesional gehien batzen dituena, 300 inguru; eta aurrekonturik handiena baliatzen duena, 16 milioi euro inguru; hiru udalerritan  eta hamabi eraikinetan hedatua ...

Bestetik, elementu kuantitatiboak alde batera utzita, ikastola eredutik gehien hurbil den proiektua da Arizmendirena: ikastolek, oro har, dituzten ezaugarri komunak dituelako; ikastola bakoitzak izan behar duen tokien tokiko izaera propioa oso landua duelako; hezkuntza euskaldunaren aitzindaritza eta hezkuntza demokratikoaren izaera kooperatiboa bateratu egin dituelako; ikerketa eta berrikuntza bere garabidearen idi bihurtu dituelako; ikaslea, hezkuntza-prozesuaren eragile nagusia, haren gurasoekin eta profesionalekin joan-etorri etengabean ipini duelako; ikastolaren zerbitzuak, orotarikoak eta anitzak, hezkuntza-proiektuaren baitan ezarri dituelako; azken finean, Arizmendi ikastolak identitate propio baten oinarriak jarri eta horien gainean etorkizuna eraikitzen jarraitu nahi duelako.

Hori guztia, hori besterik ez, egin da azken dozena urteotan zehar, bailarako sei ikastola haiek beren indarrak batu eta Arizmendi ikastola sortu zutenetik. Ez da lan makala. Eta horren meritua, kolektibo osoarena, urte horietan ikastolan aritu diren guztiena eta esku hartu duen gizarte osoarena bada ere, Txaro Iraeta zuzendariarena eta bere ekipoarena parte handi baten dugu. Hitz hauek ez dira, ez horixe, debaldekoak. Metatuta dudan esperientziatik diot, Arizmendiren aurreko egoera eta segidako bilakaera ondo ezagutu ditudalako adierazi dezaket. Ikastola baten lanak ez dira behin ere amaitzen, Euskal Herriaren hezkuntza propioa gorengo gradura heldu artean. Hartara, Arizmendik badu zeregina bailara honetan diharduen gizarteak exijitzen dion norabidean eta haren zerbitzuan. Baina, hori, niri dagokidanez, Txarok eta bere ekipoak egindakoaren gainean izan beharko da, Arizmendi ikastola osoaren eta bailarako gizarte- eta herri-eragileen lankidetza eta kooperazioarekin. Eta nola ez, honetan guztian funtsezko rola jokatzen duzuen hedabideon laguntzarekin. Hala bedi".


Irakaskuntza