Immigrazioa, arazoa? aukera

Immigrazioa, arazoa? aukera

Peio M. Aierbe. SOS Arrazakeriako koordinatzailea.
Inkestek adierazten digute immigrazioa dela politikaren arazo nagusietako bat eta, jarraian, bakoitzari gehien eragiten diotenak etxebizitza, ekonomia eta osasuna direla. Hau da, zarata mediatikoak arazo handi bihurtzen du immigrazioa, arazo errealak beste batzuk direnean.
2024/11/04

Hori da arazoaren gakoa. Klase politikoak, eskuineko eta eskuin muturreko alderdiek bultzatuta, migratzaile eta errefuxiatuei egozten die herritarrek egunerokoan dituzten arazoen errua. Errealitatetik oso urrun.

Nahiz eta, mediatikoki, hegoaldeko mugatik itsasontzietan iristen diren pertsonak oso mezu indartsua diren (irudia dramatikoa delako), migratzaile gehienak bitarteko konbentzionalen bidez iristen dira, turistaren bisatuarekin. Gero geratzen dira, Atzerritarrei buruzko Legearen ondorioz, egoera irregularrean.

Gainera, gure gizarteak pertsona horiek behar ditu. Irailaren amaieran, Zedarriak foroak, Euskadiko enpresen erreferenteek sustatutakoa, immigrazioa defendatu zuen talentu iturri gisa, berehalako langile eskasia estali eta, horrela, Euskadin hazkundea bultzatzeko.

Nola atera eskizofrenia honetatik?

Alde batetik, Espainiako Gobernuak dagoeneko gure artean dauden migratzaileen erregularizazioa onar dezala aldarrikatuz, une honetan Diputatuen Kongresuan eztabaidatzen ari den Legegintzako Herri Ekimenak eskatzen duen bezala. Bestetik, sartzeko bide erregularrak erraztuz, jendeak ez dezan bizitza arriskuan jarri bide arriskutsuak erabiltzeagatik edo Europar Batasuneko Estatuek aurka egiten dioten errepresio polizial eta militarrari aurre egiteagatik.

“Zedarriak foroak immigrazioa defendatu zuen talentu iturri gisa, berehalako langile eskasia estali eta, horrela, Euskadin hazkundea bultzatzeko”

Eta norbanakoon aldetik, gure hurbileko eremuan, duela ez urte asko Espainiako Estatuko beste zonalde batzuetatik lan egitera etorri ziren pertsonek egin bezala orain gure auzo eta hirietara etortzen ari diren pertsona horiek ezagutuz.

Ezagutzea, hori da guztiok ditugun estereotipoei eta eskuineko indarrek aldarrikatzen dituzten mezu faltsuei aurre egiteko gakoetako bat.

SOS Arrazakerian hainbat ekimen ditugu ezagutza hori sustatu eta nork bere iritzia sortzeko.

Horietako bat Bizilagunak da. Egun jakin batean otordu bat partekatzean datza. Aurten azaroaren 24an izango da, bertako familia baten eta etorkin baten artean, horietako baten etxean. Parte hartzera gonbidatzen zaitugu. Informazioa www.sosracismogipuzkoa.org webgunean aurkituko duzu.