Ilusio Ponpak jardunaldia berreskuratu du Lea Artibai Ikastetxeak

Bi urteko geldialdiaren ostean, datorren otsailaren 10ean, Ilusio Ponpak jardunaldi berri bat abiatuko du Markina-Xemeingo Esperanza eraikinean, goizeko 9:30ean hasita. Irati Lekue, Jesús Menéndez Pabón eta Javier Iriondo izango dira 8. edizio honetako gonbidatuak.
Card image cap
2022/02/01

Pandemiaren eraginez, bi urteko geldialdia izan ondoren, Lea Artibai Ikastetxeak Ilusio Ponpak jardunaldi arrakastatsuaren edizio berri bat antolatu du datorren otsailaren 10ean, goizeko 9:30ean hasita. Egoera gogorren aurrean baikortasuna mantendu eta motibazioa sustatzea ezinbestekoa da, eta azken bi urteetan bizi dugun ziurgabetasunari buelta emateko inoiz baino beharrezkoagoa da honelako ekimenak antolatzea. Markina-Xemeinen kokatutako Esperanza eraikinean Irati Lekue, Jesús Menéndez Pabón eta Javier Iriondok bat egingo dute, bertaratzen diren guztiei baikortasun, motibazio eta ilusio dosi hirukoitza emateko.

'Ikaskuntza estrategikoa berrikuntzarako gako gisa' titulupean, Irati Lekuek jardunaldira hurbiltzen direnen talentua eta potentziala aurkitzen eta aprobetxatzen laguntzen saiatuko da

Ikaskuntza estrategikoa berrikuntzarako gako gisa titulupean, Irati Lekuek jardunaldira hurbiltzen direnen talentua eta potentziala aurkitzen eta aprobetxatzen laguntzen saiatuko da. Bere hitzetan “egiaztatu dudan bezala, pertsonak helburu komun baten inguruan elkartzen direnean, edozertarako gai dira. Beren ingurua aldatzeko gai, mundua aldatzeko gai; eurena eta besteena”.

Hitza hartzen bigarrena Jesús Menéndez Pabón izango da, 'Hands Up. Errealitate aldakor baten erronkei konfiantzaz aurre egiteko sekretuak' hitzaldiarekin. Pabón, marketineko eta komunikazioko zuzendari izatetik “trebetasunen formatzaile” edo, berari esatea gustatzen zaion bezala, “Ametsen egilea” izatera igaro zen urte gutxi batzuen buruan. “Zu liluragarria zara…” hitzekin hasi ohi ditu bere konferentzia guztiak.

Kaferako tartetxo baten ostean, Javier Iriondoren txanda izango da, 'Emozioak gainditzea eta indartzea. Bizitza osoago baterako gogoetakhitzaldiarekin. Iriondoren gainditze pertsonalari buruzko hitzaldien helburua aldaketak eta emaitzak eragingo dituzten erabaki eta ekintza zehatzak hartzeko bultzada motibagarria sortzea da. Ekintzailea, idazlea, hizlaria… Javierrek esperientzia profesional zabala du hainbat negozio-arlotan. 1987tik 1990era, kirolari profesionala izan zen Ameriketan eta bertan espezializatu zen marketinean, merkaturatzean eta hazkunde pertsonalean.

Ilusio ponpak 2012 urtean jaio zen, krisi ekonomikoak sortutako egoeraren aurrean adituen ikuspegi eraikitzaile eta baikor bat sustatzeko asmoz

Ilusio Ponpak jardunaldia

Otsailaren 10ean ospatuko dena, zortzigarren edizioa izango da. Ilusio ponpak 2012 urtean jaio zen, krisi ekonomikoak sortutako egoeraren aurrean adituen ikuspegi eraikitzaile eta baikor bat emateko asmoz. Jardunaldia eskualdeko profesionalen artean nahitaezko hitzordu bat bilakatu da eta urtero ehun pertsona baino gehiago biltzen dira Victor Küppers , Elsa Punset, Alex Txikon, Alex Rovira edo Anne Igartiburu bezalako aurpegi ezagunak entzuteko. Besteak beste, beraien lan esperientzian izandako oztopoak eta horiei nola aurre egin dieten azaldu izan dute, hori baita Ilusio Ponpak jardunaldien helburua, jendeari arazoen aurrean ikuspegi baikor bat transmititu eta motibazioa sustatzea.

Lea Artibai Ikastetxea

Lea Artibai Ikastetxea 1957an sortu zen goi mailako hezkuntza zentroa da, Markina-Xemeinen kokatua eta kooperatiba izaerakoa. Bere ingurunearen agente garatzaile iraunkorra izatea du misio eta horretarako pertsonen kalitatezko prestakuntza eta trebakuntza, orientazioa eta laneratzea, eta enpresa sareari formazio arloan zerbitzu integrala ematen aritzen da etengabe. Azken 10 urteetan 18.000 ikasle baino gehiago pasatu dira Lea Artibai Ikastetxeko instalazioetatik, batxilergoa, lanbide heziketa zein lanerako prestakuntzan trebatu direnak. Urtero, hainbat dira gainera Ikastetxearen laneratze zerbitzuaren bitartez lanpostu bat eskuratzen duten ikasleak. Lea Artibai Ikastetxea eta inguruko enpresa-sarearen arteko harreman estu eta indartsuari esker, etengabe elkarlanean aritzen dira Ikastetxea eta enpresak. Hainbat lan egiten dira, besteak beste, zerbitzu teknikoak, proiektu berritzaileak edota prestakuntza planak.

 

Irakaskuntza teknikoa