Ikus-entzunezko gradua dual eredura batu da

Bi ibilbide eskaintzen hasi da gradua: Ikus-entzunezko sormena eta Komunikazio digitala. Bigarren ibilbideko ikasleek aukera izango dute dual eredua aukeratzeko. Dual eredua eskaintzen duen Ikus-entzunezko gradu bakarra da.
2022/02/02

Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio graduak dual zigilua lortu du Unibasqu Unibertsitate SistemarenKalitate Agentziaren eskutik, eta beroi inplementatzen hasi da aurtego ikasturtean. Baina, eredu duala eskaintzea ez da graduak egin duen hobekuntza bakarra ikasturte honetan, hala, eredu berri hori eskaintzeaz gain, birdiseinatu ditu graduko zenbait proiektu eta hasi da bi ibilbide eskaintzen: Ikus-entzunezko sormena eta Komunikazio digitala. 

iko-duala-22-HANDI.jpeg 

Bi ziklo eta bi ibilbide aukeran

Bi ziklotan dago antolatuta Ikus-entzunezko Komunikazioa gradua. Lehenengo zikloak hartzen ditu 1. eta 2. ikasturteak; bigarren zikloak, aldiz, 3. eta 4 mailak. Lehenengo zikloko bi urteak baliatzen dira komunikazio mundura hurbiltzeko eta mundu zabal honetako hainbat esparru gertuagotik ezagutzeko: Internet, irratia, telebista, zinema, komunikazio idatzia... eta hainbat diziplina lantzeko: argazkigintza, podcast-ak, grafismoa eta bideogintza, besteak beste. Bigarren zikloan, ostera, ibilbidea aukeratzen da. Graduak bi ibilbide eskaintzen ditu eta horietako bat hautatu behar du ikasleak:

1 ibilbidea: Ikus-entzunezko sormena

Ibilbide honetan, era guztietako ikus-entzunezkoak egiten dira. Aukera izango da ikus-entzunezko baten sorkuntzan dauden rol eta lanpostuak ezagutzeko eta horietan aritzeko, esaterako: gidoien sorkuntza, produkzioa, errealizazioa, zuzendaritza, argiztaketa, soinua, grafismoa, edizioa…

2 ibilbidea: Komunikazio digitala: eredu DUALA

Aukera honetan jorratzen dira, bereziki, esparru digitaleko lanbideak. Bigarren ibilbide hau lotuta dago erakundeen komunikazio korporatiboarekin, beti ere, ikus-entzunezkoek esparru horietan duten garrantzia kontuan hartuta. Gainera, aipatutako gaiekin lotutako ezagutzak lantzen dira, hala nola marketin digitala, komunikazio-planen diseinua, produktuen zabalkunde-prozesuak eta ekitaldien antolaketa.

Dual eredua abian

Etorkizuneko langileen profesionalizazioan, ezinbestekoa da konpetentzien eta funtzio profesionalen garapena ardatz hartzea. Ikuspegi horretan, beharrezkoa da unibertsitatean eskuratutako jakintza eta gaitasunak testuinguru profesionalean garatzea eta praktikan jartzea. Izan ere, lanbideak berezko dituen konpetentzia batzuk ezin dira unibertsitatean landu, horiek garatzeko testuinguru egokia eszenatoki erreala baita.

Prestakuntza duala osagarritasun printzipioan oinarritzen da; inguru  akademikoan ikastea eta ingurune profesionalean ikastea osagarritzat  hartzen dira. Dualaren helburu nagusia da lanaren bidez ikastea, eta ez ikasten ari dela lan egitea. Hiru alderdiek (ikasleak, enpresak eta unibertsitateak) sinatutako hitzarmen baten oinarrituko da Dual ereduan ezarriko den harremana.

Beste batzuren artean, hiru baldintza hauek bete behar izan ditu graduak dual zigilua lortzeko:

  • Ordaindutako Dual eredua izatea.
  • Gutxienezko ordu kopuru bat modalitate Dualean, gure kasuan, 1.064 ordu bi urteetan zehar enpresan.
  • Praktikak eta Gradu Bukaerako Lana (GBL) dualaren baitan egitea.

Humanitate eta heziketa zientzien fakultatea