Ikus-entzunezko Ekintzailetzako eta Berrikuntzako aditu-ikastaroaren bigarren edizioa aurkeztu dute

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eskaintzen duen tituluak Nafarroako Gobernuaren Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren laguntza du, erdi-presentziala izango da eta otsailean abiatuko da.
Card image cap
2024/01/18

Mondragon Unibertsitateak eta Nafarroako Gobernuak Ikus-entzunezko Ekintzailetzako eta Berrikuntzako aditu-ikastaroaren bigarren edizioa aurkeztu dute. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eskaintzen duen tituluak Nafarroako Gobernuaren Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren laguntza du. Modu erdi-presentzialean eskainiko da, otsailetik ekainera bitartean, eta aurten kokapen berria izango du, Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroak (CEINek) Noainen dituen instalazioak, hain zuzen ere. Bertan, ikus-entzunezkoen alorreko egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuten ikasiko dute ikasleek. Hauek izan dira aurkezpen ekitaldian: María Sanz de Galdeano CEINeko zuzendari nagusia, Foru Gobernuaren aldetik, eta Nagore Ipiña Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa, Mondragon Unibertsitatearen aldetik. Horietaz gain, bertan izan dira Amaia Pavón, tituluaren koordinatzailea, eta Garaxi Taberna, lehenengo edizioko ikaslea eta NAPAReko lehendakaria, ere. Ondoren, bisita instituzionala egin dute CEINera, ikasleek ikus-entzunezkoen alorraren egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuten ikasiko duten lekura.  

Aurten kokapen berria izango du. Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroak (CEINek) Noainen dituen instalazioetan eskainiko da kurtsoa, hain zuzen ere

Tituluan ikus-entzunezkoen alorreko edukiak jorratuko dira, sektorearen egoera ezagutzeko eta egungo merkatuaren joerak identifikatzeko; horrez gain, ekintzailetzako eta berrikuntzako estrategietan sakonduko da. Horrela, ikuspegi dibergente baina, aldi berean, integraletatik erantzun ahal izango diete sektorearen erronkei.

53471433343_479b046da1_k.jpg

Sektorea bultzatzea

Nafarroako Gobernuaren Energia, I+G+b eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiak bultzatu du, Nafarroako Garapen Ekonomikoko Departamentuaren estrategiaren, S4 delakoaren, ekintzen artean. Estrategia horrek ikus-entzunezkoen sektorea bultzatzen du, baita beste industria-sektore batzuk ere, eta, bigarren edizio honetan, NAPAR – Nafarroako Ekoizleen Elkartearen laguntza ere izango du.

Nafarroako ikus-entzunezkoen sektoreari ezagutza bereizgarria eta espezializatua emateko beharraren ondorioz sortu da titulua

Nafarroako ikus-entzunezkoen sektoreari ezagutza bereizgarria eta espezializatua emateko beharraren ondorioz sortu da titulua, eta helburu argia du: foru-erkidegoko ikus-entzunezkoetako enpresa-sarea sendotzea, negozio-eredu berrien bidez. Aspaldi honetan, ikus-entzunezkoen sektorea garrantzi eta proiekzio handia ari da hartzen foru-erkidegoan. Horren erakusgarri da Nafarroako Gobernuak arlo hori sustatzeko egindako apustua. Izan ere, Nafarroako Gobernuaren Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren laguntza jasotzen du sektoreak. Hori dela eta, prestakuntza sustatzeko, matrikulen prezioaren % 55eko hobaria eman du, berriro, ikastaroaren bigarren edizio honetan.

Bigarren edizioaren berritasunak

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko komunikazioaren arloko irakasleek ez ezik, ikus-entzunezkoen sektoreko hainbat profesionalek ere hartuko dute parte ikastaroan, hain zuzen ere gaur egun esku artean proiektu arrakastatsuak dituztenek, hala nola Garaxi Taberna, Tina Olivares eta Katti Pochelu Hiriart (Zukugailua) ekoizleek, Eva Patricia Fernández (transmedia digitalean aditua) eta Rafa Linares unibertsitate irakasleek, Isona Admetllak (Berlinale-World Cinema Fund-eko koordinatzailea 2009tik), Marie Heguy Urainek (Eurorregioko herritarren proiektuen kudeatzailea), edo CLAVAN, IBAIA eta NAPAR-eko ordezkariek. Gainera, iaz bezala, Mondragon Unibertsitatearen ekintzailetza-sareak (Mondragon Team Academy) ere hartuko du parte bigarren edizio honetan. Haiekin guztiekin, ibilbide profesional arrakastatsua lortzeko estrategiak aztertuko dira, bai eta negozio-ereduak berritzeko nahiz ikus-entzunezkoen enpresen dimentsioa handitzeko gakoak ere.

Informazio gehiago: Ikus-entzunezko Ekintzailetzako eta Berrikuntzako aditu-diploma – Profesionalentzako prestakuntza (mondragon.edu)

Irakaskuntza