Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
IKERLANek Liberty proiektua zuzentzen du, 500 km-ko autonomia duten bateriak garatzeko
Donostian autoa hartu eta Bartzelonaraino ibilgailua kargatu beharrik gabe gidatu ahal izatea, 18 minututan kargatzea eta auto elektrikoaren bateriaren bizitza erabilgarria egungo errekuntza-ibilgailuen bizitza baliagarriaren parekoa izatea dira, besteak beste, Europako LIBERTY proiektuak ezarri dituen erronketako batzuk. Proiektu hori IKERLAN euskal zentro teknologikoak gidatzen du. Mercedes-Benz, mugikortasun iraunkorrerako proiektu estrategiko honen partaideetako bat, LIBERTYn garatutako bateriak bere ibilgailu elektrikoetako batean txertatuko dituen lehena izango da, proiektuan erakusle gisa erabiliko dena.
LIBERTYk hamaika milioi euro inguruko aurrekontua du hiru urte eta erdirako, Europako Batzordeak Horizon 2020 Programaren bitartez finantziatua. Programa horrek hainbat gai estrategikoren ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak finantzatzen ditu.
Proiektu honen bidez, gaur egungo errekuntza-motorren bizitza erabilgarri antzekoa duten bateriak garatu nahi dira, hau da, 20 urte edo 300 000 km bitartekoak. Gaur egun, bateria elektriko baten bizitza erabilgarria txikiagoa izan ohi da, 10 urte edo 150 000 km inguruko garantiarekin, alegia. Elementu horrek ibilgailuaren kostuaren % 50 inguru ordezkatzen du. LIBERTYn garatu beharreko bateriek, gainera, % 25 handituko dute autonomia —500 km ere birkarga-beharrik gabe gidatzeko aukera emango dute—, eta, kargatu behar direnean, 18 minututan bakarrik egin ahal izango da, gaur egun antzeko edukiera duen bateria kargatzeko behar den denboraren erdia baino gutxiago.
Mugikortasun jasangarria
Baterien segurtasuna eta iraunkortasuna izango dira ikerketan kontuan hartuko diren beste faktore batzuk. Ibilgailu elektriko baten bere bizi-zikloa amaitzen duenean, proiektu honek garatuko dituen bateriek bigarren bizitza bat izango dute, adibidez, energia berriztagarrien arloan: parke fotovoltaiko bati euskarria emateko edo hirietako eraikinetan eguzki-paneletan sortutako energia biltegiratzeko berrerabil daitezke.
Egoitz Martínez-Lasernak, IKERLANeko energia-biltegiratzearen alorreko ikertzaileak eta LIBERTY proiektuaren koordinatzaileak, azaldu duenez, IKERLANen proiektu teknologikoekin bat etorriz, ikerketa horrek “gaur egun ibilgailu elektrikoa hartzea oztopatzen duten eragozpen nagusi askori konponbidea emango die proiektuak, kontsumitzailearen kezka nagusiei aurre egiteko lan egingo baitugu, hala nola, ibilgailuaren autonomia, birkarga-denborak eta bizitza erabilgarria ere bai”.
LIBERTY proiektua garatzeko, IKERLANek zazpi herrialde europarretako kideak integratzen dituen partzuergo bat zuzentzen du, ikerketa, unibertsitate eta enpresaren esparruan ospe handia duten hamasei eragilek osatua. Horien artean daude, besteak beste, Mercedes-Benz bera, Diehl Controls, Hutchinson, Infineon, NXP, Valeo, Accurec, Virtual Vehicle Research, Flanders Make, Fraunhofer-IISB, Mondragon Unibertsitatea, BRING eta CLEPA.
Energia eta potentzia-elektronika IKERLANen espezializazio teknologikoko ildoetako bat da. Zentroak unitate horretan espezializatutako 60 ikertzaile baino gehiagoko taldea du, eta, LIBERTYz gain, Horizon 2020 programaren esparruan garatzen ari diren proiektuak ere baditu, hala nola SEABAT, SENSIBAT edo GHOST. Hauetaz gain, erreferentziazko enpresa nazionalekin beste industria-transferentziako proiektuetan ere ari dira lanean gaur egun.
Arlo horretan duen esperientziari esker, euskal zentroak energia biltegiratzeko sistemen eta elektromugikortasunaren aldeko apustua indartuko du, eta, horretarako, aktiboki parte hartuko du LIBERTYn garatuko diren baterietarako sistema elektronikoen (BMS) garapenean, bai eta adimen artifizialean oinarritutako algoritmoetan ere, haien egoera balioesteko.