Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Ikerlanek doktoregaien lana jarri du balorean
IKERLANek, zentro teknologikoan doktore-tesiak egiten ari diren doktoregaien ikerketa-lanak aitortzeko urtero egiten duen jardunaldiaren bosgarren edizioa burutu zuen joan den ostiralean. Ekitaldi honek berretsi egiten du IKERLANek bere ikertzaile-harrobiaren prestakuntzaren, profesionalizazioaren eta espezializazioaren alde egindako apustua. Dozena bat unibertsitate baino gehiagorekin izandako lankidetzari esker, zentroak 51 ikerketa-tesi ditu abian, IKERLANen ikerketa-ildo nagusien barruan: Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak, Energia eta Potentzia Elektronika eta Mekatronika.
Ángel Longueira eta Maialen Areitioaurtena doktoregaiek jaso zuten jardunaldiko aurkezpen onenen saria.
Bigarren urtez, osasun-egoera dela eta, telematikoki egin zen ekitaldia, eta ehun pertsona baino gehiago bertaratu ziren: doktoregaiak, tutoreak, ikertzaileak eta beste parte-hartzaile batzuk. Jardunaldiaren aurkezpenean, IKERLANeko zuzendari nagusi Ion Etxeberriak doktoregaien lana eta ahalegina azpimarratu zituen, eta tesien emaitzek IKERLANi, inguruko enpresei eta, oro har, gizarteari balioa eta ezagutza emateko duten garrantzia azpimarratuz. “Enpresetatik gertu egotea da gure izateko arrazoia, teknologia garatzen dugu enpresen erronkei erantzuteko eta, aldi berean, gizarteari laguntzeko; horretarako, gure doktoregaiek egiten duten ikerketa funtsezkoa da, eta etorkizuneko gure ikerketa-taldearen harrobia dira”, adierazi zuen bere hitzetan.
Bestalde, IKERLANeko Ezagutzaren zuzendari Ana Martínezek nabarmendu zuen “IKERLAN interes handiko zentroa dela doktore-tesiak egiteko, eta aukera ematen diela ikasleei abangoardiako ezagutza eskuratu eta sortzeko, eta, aldi berean, ezagutza horrek industria-arloan duen aplikagarritasuna balioztatzen duela”.
Jardunaldian, 46 doktoregaiek beren tesien xehetasunak aurkeztu zituzten, eta, bertaratutakoek bozketa egin ondoren, jardunaldiko aurkezpen onenak saritu ziren. Ángel Longueirak, Cybersecurity Evaluation Methodology for Industrial Embedded Components tesiarekin, lehen saria jaso zuen; Maialen Areitioaurtena doktoregaiak, berriz, bigarren postua lortu zuen Simulación numérica del proceso de temple por inducción y su efecto en la integridad tesiaren aurkezpenarekin.
Milioi bat euro baino gehiago prestakuntzan
Gaur egun, IKERLAN osatzen duten 360 pertsonetatik % 29 doktore kualifikatuak dira. 2020an, zehazki, 10 tesi amaitu eta 11 berri hasi ziren, eta 59 abian jarri ziren. Horretarako, zentroak milioi bat euro baino gehiago inbertitu zituen ikasle-harrobiaren prestakuntzan, profesionalizazioan eta espezializazioan.
Gaur arte, 154 doktore-tesi baino gehiago egin dira zentroan, eta horrek agerian uzten du IKERLANek bere historian zehar bere ikertzaileen prestakuntza kualifikatuaren alde egin duen apustu estrategikoa. Hala, IKERLAN zentro egokia da doktorego-tesia egiteko eta industriaren benetako beharretara eta pertsonen gaitasunak eta ezagutzak garatzera bideratutako ikerketak sustatzeko.