Irakurriena
- 1. Kooperatiben Nazioarteko Urtea aztergai TU Lankide-ren azken zenbakian
- 2. ADI Data Center Euskadi bigarren zentroa eraikitzen hastera doa
- 3. "Finantzaketaz gain, MONDRAGONek bere ekosistemarako sarbidea ematen digu"
- 4. Euskara bizi-bizirik kooperatibetan
- 5. 10 proiektu saridun, 2024ko MONDRAGON TFG-TFM sarietan
- 6. Konfortaren merkatura itzuli da Fagor
- 7. XII. MONDRAGON Foroak kooperatibetako 400 lagunetik gora bildu ditu Kursaalen
- 8. Javier Amezaga, MONDRAGONen Ekipamendu Dibisioko zuzendari nagusi berria
- 9. MONDRAGON eta Mondragon Unibertsitatea Méxicok berrikuntza eta talentuaren garapenerako lankidetza indartu dute Latinoamerikan
- 10. Valentziako kaltetuei laguntzeko kanpainak zabalik jarraitzen du Eroskin
Ikerlanek 28 milioi euroko diru-sarrera historikoak lortu ditu
Testuinguru ekonomiko global konplexu baten erdian, eta ziurgabetasunak markatuta, Ikerlan zentro teknologikoak maximo historikoa lortu zuen 2022an; guztira 28 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen, eta enpresen fakturazioa nabarmen handitu zen. Bigarren urtez jarraian, industriaren lehiakortasunerako funtsezkoak diren esparruetan (zibersegurtasuna, adimen artifiziala, robotika eta automatizazio industriala edo energia elektrikoaren metaketa) teknologia-transferentzia arloa bi digitu hazi zen, 13,8 milioi euroraino, 2021ean baino % 11,2 gehiago.
Inbertsioen artean, azpimarragarriena agian, DIGILAB abian jartzea izan da, azken belaunaldiko teknologia digitalen Estatuko laborategi bakarra
Era berean, joan den ekitaldian, Ikerlanek mugarri historiko bat ezarri zuen pertsonen arloan, 400 pertsona baino gehiagoko taldea finkatuz, eta inbertsio handia egin zuen ekipamenduan, azpiegituretan eta prestakuntzan. Guztira, 4 milioi euro inbertitu zituen, eta, horri esker, bere espezializazio-alorretan erreferentzia-zentro gisa duen posizionamenduari eutsi jarraitu ahal izan zion. Inbertsioen artean, hauek nabarmendu ziren: DIGILAB abian jartzea, Estatuko azken belaunaldiko teknologia digitalen laborategi bakarra (mugikortasun elektrikoaren eta energiaren esparruan aplikazioetarako bereziki diseinatutako potentzia-elektronikako laborategi aurreratu berria) eta juniorren harrobiaren eta ikertzaileen prestakuntzaren aldeko apustua (50 doktore-tesi aktibo eta gradu- eta master-amaierako 60 lan baino gehiago, 12 unibertsitaterekin lankidetzan eginak).
Emaitza horien berri eman zuen Ikerlanek atzo Arrasateko Amaia Antzokian egindako urteko batzarrean. Bere hitzaldian, erakundeko zuzendari nagusi Ion Etxeberriak nabarmendu zuenez, “2022 urte oso positiboa izan da Ikerlanentzat; izan ere, hazkunde handia izan dugu, batez ere enpresetarako transferentziaren ikuspegitik; azken batean, gure xede nagusia eta izateko arrazoia da hori. Enpresekin egindako kontratuen fakturazioa globalaren erdia baino gehiago da, eta horrek esan nahi du gure plan estrategikoarekin koherenteak garela eta enpresei teknologia- eta merkatu-erronketan laguntzen jarraitzen dugula. Zalantzarik gabe, enpresek eta erakundeek Ikerlanen duten konfiantza dela eta, lanean jarraitu behar dugu talenturik onena erakartzeko, enpresei zerbitzurik onena eskaintzeko eta herrialdearentzat etorkizun hobea eraikitzeko.”
Aurreko ekitaldiko alderdirik aipagarrienetako bat izan zen enpresekin egindako transferentzia-jarduerengatik lortutako kopurua; hau da, 13,8 milioi euro
Transferentzia puntako sektoreetan
2022an, 28 milioi euro fakturatu zituen Ikerlanek, 2021ean baino % 12 gehiago. Aurreko ekitaldiko alderdirik aipagarrienetako bat izan zen enpresekin egindako transferentzia-jarduerengatik lortutako kopurua; hau da, 13,8 milioi euro. Datu horiek fakturazio osoaren % 52 inguru egiten du, eta arlo hori % 11,2 hazi da 2021ekin alderatuta; urte horretan, % 12,5eko igoera nabarmena izan zuelarik.
Hauek izan dira zentroaren jarduera-sektore nagusiak: garraioa eta mugikortasuna (% 43), fabrikazio aurreratua (% 19) eta energia (% 14). Halaber, Orona, Caf, Ulma, Orkli, Fagor eta Jema bezero garrantzitsuak izan dira ingurune hurbilenean, baita General Electric, Amazon Aws, Centacure multinazionalak ere. Urtean zehar, zentroak 170 enpresa baino gehiagorekin egin du lan (horietatik % 51 ETEak), 600 proiektutan baino gehiagotan.
Hauek izan dira zentroaren jarduera-sektore nagusiak: garraioa eta mugikortasuna (% 43), fabrikazio aurreratua (% 19) eta energia (% 14)
Talentua erakartzea eta prestatzea
Pertsonei dagokienez, 2022 urte giltzarria izan da zentro teknologikoarentzat ere, 400 pertsonako zifra esanguratsua lortu baitzen. Etxeberriak lantaldea finkatzeari buruz hitz egin du, eta nabarmendu du, “egungo egoera konplexua den arren, oro har urte positiboa izan dela langileen erakarpen, fidelizazio eta sendotzearen ikuspegitik, batez ere gure harrobitik lortutako emaitzei, kanpoko talentua sartzeari (langileen % 30) eta lan-malgutasuneko neurriak garatzeari esker”. Ildo horretan, Etxeberriak Ikerlanen hiru egoitzetan (Arrasaten, Hernanin eta Bilbon 2023aren hasieratik) malgutasunaren alde egindako apustua nabarmendu du, baita pertsonen kontziliazioa eta ongizatea sustatzera bideratutako telelanaren baldintzak zabaltzea ere.
Abangoardia zientifiko-teknologikora
Horrez gain, 12,9 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen Ikerlanek ikerketa-programa publikoetan, eta, horri esker, teknologia lortzeko eta garatzeko jarduerak indartzen jarraitu du, gero enpresei transferitzeko. Diru-sarrera horien % 24,9 Eusko Jaurlaritzak bultzatutako programetatik etorri zen, % 20,4 Europako hainbat erakundek sustatutako ekimenetatik eta % 3 Estatuko Administrazio Orokorrak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako proiektuetatik.
2022an, Ikerlanek 79 ikerketa-proiektutan lan egin zuen, eta Europako 10 proiekturen buru izan zen, besteak beste, energia eolikoa (INNTERESTING), software kritikoaren urruneko eguneratzea (UP2DATE), adimen artifizialean oinarritutako ikusmen-sistemak (NIMBLE AI) eta mugikortasun elektrikorako bateriak (LIBERTY).
Aktiboen balorizazioa
Urte bikainaren amaiera gisa, 2022an zibersegurtasunaren esparruan spin off berri bat sortzeko oinarriak ezarri zituen. Enpresa hori 2023an sortu zen ORBIK CYBERSECURITY izenarekin eta IEC-62443rekin bat datozen ebaluatzeko eta produktu industrial elektronikoetako ahultasunak aztertzeko zerbitzu aitzindariak eskaintzeko sortu da, eta gaian erreferentea izan nahi du Europako hegoaldean.